174
1 BIHOTZAREN ZELAIETAN rufino iraola garmendia 1

1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

Embed Size (px)

Citation preview

Page 1: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

1

BIHOTZAREN ZELAIETAN

rufino iraola garmendia

1

Page 2: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

URDURI

EKAINEKO lehen egunetan gaude, uda gainean dugu, kukua joateko oso gutxi falta da, eta urduritasuna barrundatzen dut ingurumarian. Urduri ikusi ditut ikasleak; nerbioso, gurasoak. Ikasleak aztoratzeko ez da motiborik falta: azterketak bukatu orduko errekuperazioei ekin behar; horiek amaitzearekin batera, selektibitatea zain, eta tartean, unibertsitatean sartzeko probak; badaezpada ere, bi-hiru lekutan hobe.

Gainera, errenta-aitorpena egiteko azken egunetan gaude. Garbi dago oraindik egin ez dutenei ordaintzea aterako zaiela; bestela, honezkero aspaldi egina zeukaten. Horrek ere urduritasuna dakar.

Arrazoi du telebistako iragarkiak: bizitza da kirolik gogorrena: dena aldapa, dena esprinta, dena nora eza!

Bizitza txirrindulari lasterketa baten antzekoa da; txirrindulariek eurek gogortzen dute karrera. Irteerarik gabeko kalezulo bihurtzen ari zaigu dena, asetzeko posibilitateen gainetik beharrak sortzen ari baikara.

1996/06/28

2

Page 3: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GURASOEN KEZKAK

GURASOEN kezka nagusia, nagusiena, seme-alabak dira. Gurasoak ez dira inoiz nekatzen seme-alabei laguntzen. Uste dute hori dela euren betebeharra, eta eskatzen duten sari bakarra da seme-alabak ondo ikustea.

Ondorioz, kezkaren kezkaz, aholku ematen ez dira isiltzen. Nire ustez, gurasoek ez daukate zertan hitz eginik horrenbeste; umeek gutxirekin igarri behar diote gurasoen borondateari; batez ere, gurasoen portaera-liburuan irakurri behar dituzte instrukzioak. Egia esan, batzuek aise atzematen dute gurasoen mezua, nahiz eta segituan aintzat hartu ez. Horiekin ez dago zertan kezkaturik, aurkituko dute eta, lehentxeago edo geroxeago, bizitzaren maratila.

Besteak dira arriskutsuak, esan eta esan jardun arren ezeri antzematen ez diotenak. Ez dakite gurasoek zer nahi duten. Eta pena da; zeren, baldin balekite, ez lukete horrela jokatuko.

Bada hirugarren talde bat ere: seme-alaben ideia berak konpartituagatik ez dute nahi ideia horiek aurrera eramateko ekintzetan seme-alabek parte har dezaten. Kontuz horiekin, apartak dira-eta sasiei su ematen eta besterenari txalma eransten.

Benetako amodioa seme-alabenganakoa da, nahiz eta horretan, bestean bezalaxe, tontakeria asko egiten den.

1996/07/05

3

Page 4: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PATUAREN GAZI-GEZAK

GEU gara gure patua ehotzen duen errota. Errota, ordea, errotari askoren eskuetan dabil eta nekeza da denon gustuko irina ehotzea.

Beraz, Euskal Herriaren patua geure eskuetan dago. Non da, ordea, hainbat errotariren borondateak batuko dituen errotarri sendoa? Zenbat uzteko gaude prest norbere bake-proiektuaren zaku-irin bakoitzetik, lakaren alderako?

Bestalde, orain arte esan izan da politika dela ahal denaren artea. Eliza ere prest dago bere bitartekotza eskaintzeko, "posible bada". Baina benetako politika ez al da beharrezko dena posible bihurtzea? Hurrengo galdera begi-bistakoa da: bakea beharrezkotzat jotzen al dugu? Zinez eta benaz?

Ez dirudi horrelakorik, Ramon Jauregiren hitzak entzunda. “Terrorismoarekin bizitzera ohitu behar dugu, ez dago beste irtenbiderik", esan zuen aurrekoan. Baina gehiagoren barne errotan ere ez al da ari ehotzen sentimendu bera? Etsipenaren irina?

Ez dago bat bakarrik ere benetan eta benetako bake demokratikoa nahi duenik. Eta, aldiz, asko dira egoera honi ahalik eta etekin politiko handiena atera nahi diotenak.

1996/08/09

4

Page 5: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

2

IRITZIA LIBRE DA

TELEFONOAK jo du Barkaiztegitarren etxean. Aitak hartu du telefonoa, Ainhoa da, 16 urteko alaba eta zera esaten dio, gustura dabilela eta ea utziko dioten gaupasa egiten Minutu erdia hartzen du aitak amarekin kotsultatzeko. Bat datoz senar-emazteak eta lehenbailehen etxera etortzeko agindu diote.

Ordu erdi bat beranduago etxeko atea: alabak obeditu egin die. Hura lotara eta gurasoak pozik. Hurrengo egunean, ordea, demandan ekiten diote: "16 urterekin gaupasa? Pentsatzea ere!"

Ainhoak, buru-makur, ez die ezertxo ere erantzun.

Zenbait guraso oso hezitzaile txarra da. Berak ematen du okerrerako bidea, gogoak ematea eta gogoak emandakoa egitea bereizten ez dakielako.

1996/08/18

5

Page 6: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

3

ESKUAK GARBI

DONOSTIAN nabil paseatzen. Espainiako bankurik handietako baten sukurtsalaren paretik igaro naiz arestian. Han murala ikusi dut, eta muralean beltza negarrez, azpian inskripzio hau duela: "Afrikan honela garbitzen dute aurpegia. Zuk eskuak garbitu behar al dituzu?”.

Eliz ataritik banku-atarira aldatu dituzte muralak. Hirugarren Mundua modan dago oraintxe. Eta oso baliagarria da, jendeak aurpegia garbi dezan. Nik ez nuke esango batzuek eskuak hain garbi dituztenik.

Mural horrek deprimitu egin nau. Ezin dut ezer egin beltzaren alde, eta bankuak eskuak garbitzea, Afrikako arazoari paso ematea leporatu dit. Donostian paseatzen nabilela. Horixe irakurri behar izan dut, banketxeei (interesetan) eta Estatuari (zergetan) hainbeste ordaindu ondoren. Bada gero!

—Nik ez ditut eskuak garbitu nahi, nik eskuak garbi ditut.

—Agian, zikintzeko aukerarik izan ez duzulako.

1997/01/17

6

Page 7: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BIHOTZAREN ZELAIETAN

NORK bere paisaia dugu bihotzean. Arrosa eta lirioz jantziriko jardinak dira askorenak. Beste batzuenak, ostera, marmol meategiak.

Baina ez nuen uste bihotz bera batzuetan liriozkoa eta besteetan marmolezkoa izan zitekeenik. Heriotzaren aurrean ikusten da hori ederki. Batez ere, heriotza hori politikarekin lotua badago. Hildakoa gureetakoa bada, gaztanberaren pare urtzen zaigu bihotza; euretakoa bada, berriz, gure bihotzak marmol-meategi izaten segitzen du. Kasu batean, arrosa eta lirioz beteriko jardina da; bestean, gorrotoaren itaxura; batean, penaren kargaz, pitzaduraz josita daukagu; bestean, axolagabetasunezko zohi bihurturik.

“Zibilizatu” ginen geuretzat, baina ez besteentzat. Politika Jainkoaren gainetik dugula ez goaz inora. Etikak baino ez du merezi Jainkoaren ingurumarian jartzea.

1997/02/14

7

Page 8: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERRATZAREKIN HARROTUAK

GAUR sail honetara dakartzadan pasadizoak, batzuetan arrazoi galantak, ordenadoreari urte-amaierako errepasoa ematen ari naizela azaldu zaizkit, "erratza" izeneko fitxategian. Ez da azaltzen nondik jasoak diren. Espero dut bakarren bat edo beste neroni okurritua izatea:

1. Antzezleak, zenbat eta urrunago egon pertsonaiarengandik, orduan eta hobeto egingo du bere papera, izan ere libreago baitago sentitzen ez dituen emozioen itxura egiteko.

2. Norbaitek «denok gara errudun» esaten duenean, malo! Seguru zer ikusia izan duela delituarekin; ez darabil bere erantzukizuna estali nahia baizik.

3. Besteak engainatu nahi dituena da kalera ateratzeko makilatzen den emakumea bezalakoa; bere burua engainatzen duena, berriz, ispiluan begira aurretik makila dezaten eskatzen duena bezalakoa.

4. Mirari handiagoa da gaixoak bere gaixotasuna onartzea, mirariz sendatzea baino. Zer da zailagoa mendia eskuez mugitzea ala mugiarazteko adinako fedea izatea? Zer da errazago ura ardo bihurtzea ala gizonaren bihotza aldatzea? Hemen benetako miraria ez da Jainkoak gizonaren borondatea egin dezan, gizonak Jainkorena egitea baizik. Zer da zailago ogiak biderkatzea ala ditugunak ondo banatzea?

5. «Zer da hau?» galdetzeari utzi eta «zertarako da hau?» galdetzen hasi zenean hondatu zuen gizonak Jainkoaren Kreazioa.

6. San Okadio makilakadaka belaunikarazi omen zuten, eta altxatzeko agindu ziotenean hala esan omen zien: “Sentitzen dut, baina oraindik ez ditut otoitzak amaitu”.

Orain ohartu naiz artikulu honetan Antony de Mellorengandik laguntza dezente jaso dudala. Ezer orijinalik idatzi ez izateko, idazle handia zen. Haren ukituak bizi berria ematen zion edozeri. Nik biziki gomendatzen dizuet.

1999/01/08

8

Page 9: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ELKARRIZKETAK

ORAINDIK denbora asko ez dela, irratia entzuten nengoelarik, pertsona inportante bati elkarrizketa egiten barrundatu nuen esataria. Atentzioa eman zidan. Galderak ez ziren zinezko galderak, elkarrizketatuak eman behar zituen erantzunen hasierak baizik. Adibidez, «Zu 25 urterekin joan zinen Indiara», «Badakigu lan asko egin duzula: kooperatibak sortu, etxeak egin, eskolak eraiki...» Elkarrizketatuak zer egin behar zuen?

Galdetzaileak esaten zuena errepikatu besterik ez. Elkarrizketatzaile orojakile horiek beren protagonismoa indartzea beste gauzarik ez darabilte gogoan. Niri, horrelakoetan, elkarrizketatuek ematen didate pena, ziur bainago han betetzen ari diren papera baino aurreragoko lanik izango dutela.

Ikusi ditut bestelako elkarrizketa klase batzuk ere: elkarrizketatuak berak eskatuta egiten direnak. Horiek ere ez dira benetako elkarrizketak, merkatari, politiko edo erakunde jakin baten interes eta publizitatea dute helburu. Horrelakoetan, entzuleak ematen dit pena, propaganda subliminal guztietan nardagarriena irizten diot, galdera-erantzunak aldez aurretik negoziatuta baitaude.

Badira elkarrizketatzaile ausartak ere, gaia oso axaletik baino ezagutzen ez dutenak, galdera desegokiak egiten dituztenak, ezer komunikatzen ez dutenak, ipurtagirian geratzen direnak. Horrelakoetan, elkarrizketatzaileak berak ematen dit pena. Begi-bistakoa da zergatik.

Beste hau ere zenbat aldiz ez ote da gertatu: galdera hau egin edo hura egin, elkarrizketatuak berak nahi duena erantzun? Sarri askotan, gainera, hark nahi duen galdera egiten ez bazaio, haserretu egiten da. Horrelakoetan, sentimendu nagusia ez da pena izaten, amorrua baizik.

Badira beren kuriositatea asetzea beste burubiderik ez duten elkarrizketatzaileak ere. Horrelakoetan, batzuetan, asmatzen da; beste batzuetan, ez.

Elkarrizketatzailea puntuak irabaztera doanean, ez dago elkarrizketa onik.

1999/01/11

9

Page 10: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ARGAZKIA

LABETIK atera berria duzue gaurko idatzizko nire opil hau. Atzo, betekizun eta obligazioen peskisan eguna eman ondoren, ilunabarrak eguneroko paseo terapeutikoa egitera gonbidatu ninduen. Halakorik uste ez banuen ere, biriketarako haizearekin batera, argazki ikusgarria eskaini zidan ilun-bistak. Mahonezko praka urdin txukunak soinean, artilezko galtzerdi eta abarka dotoreak oinetan, buruan txapela beltza, eskuan hurritz makila eta alboan zakurra zuela zetorren artzaina. Parean pasatzerakoan, segundo bat aski izan nuen zertzeladok gogoan jasotzeko, eta beste batzuk gogoratzeko.

Adibidez artzainak, beste anaia bat sozio zuen artzainak, duela urte batzuk artaldea saldu egin zuen. Baina ezin etsi eta berriro ale batzuk hartzera bultzatu zituen erdienganako tirriak. Eta ale haiekin, ostera ere, artaldetxo polita osatu. Arestiren poema gogorarazi zidan atzo artzainak: hark, eskuekin ezin bazen, bularrarekin Aitaren Etxea defendatu nahi zuen bezala, artzainak, artalde txikiagoarekin bederen, artzain izan nahi zuen.

Baina artzainari anaia hil egin zitzaion orain dela hilabete batzuk. Neuk ikusi nuen anaiaren hilkutxari itsatsita nola joan zen elizara eta handik hilerrira. Horrek artaldea bigarren aldiz saltzera behartu zuen. Orain ez du ardirik. Baina artzainak artzain izan nahi du, eta atzo ilunabarrean zakurra eta makilarekin zetorren artzain. Egun batean zakurra akabatuko zaio, eta orduan makilarekin bakarrik segituko du artzain. Egunen batean hurritz makila utzi eta makulua hartu beharko du, eta orduan makuluarekin izango da artzain. Egunen batean sutondotik ez da aterako, eta orduan sutondoan jarraituko du artzain izaten. Eta nik artzaina hartuko dut eredu, benetako bizitza jarraitzea dela demostratu didalako.

1999/02/05

10

Page 11: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BELDURRA

AMETS polita da inori eta ezeri beldurrik ez izatea Baina errazegi ez jo kanpaiak, berehala bihur daiteke-eta amesgaizto. Behar bezala konturatzen ote gara zenbat onura eta mesede handi geureganatu dugun beldurrari esker?

Hogei urterekin hasita, bizitza osoan zehar errepikatu baldin badut ni ez naizela Iruñeko zezenen adarretan galduko, zergatik dela uste duzue? Bada, beldurrak lotu eta eusten didalako.

Beldurra oso emozio sanoa da. Mendira joan eta euren bizia arriskatuz emozioa sentitu nahi izan duten askorena baino askoz ere sanoagoa. Edo kotxeko abiadurarekin gozatu nahia baino adiskide hobea. Artikuluak idazten daramatzan urte luze hauetan beldurrik izan ez banu, disgustu bat baino gehiago emango zidakeen makina bat gauza idatzi nuen honezkero.

Beraz, maite dezagun beldurra, hark ohartaraziko gaitu-eta arriskuaz eta hark babestuko arriskutik. Gainera, bi aldiz da ona beldurra, egoera zail bati oldartzeko bi modu erakusten baitizkigu: arriskuari ihes egiteko esaten digu batzuetan; beste batzuetan, berriz, arriskuari aurre egitera bultzatuko gaitu.

Adibidez, euren etorkizuna pikutara joateko beldurrak bildu ditu aste honetan Bruselan Europako milaka nekazari.

Azkenik, beldurra hierarkiza eta neur daiteke, premiaren arabera, beldur batek bestea mendean hartzen du, hau da, Bruselako polizia, alanbrada eta setioak beldurtuko zituen nekazariak, baina ogibiderik gabe geratzeko beldurrak aise menderatu zuen bestea.

Jakitun egongo zarete oiloa dela beldurraren sinbolo. Behin baino gehiagotan entzungo zenuten beldurtiari oiloa deitzen. Ez genuke hain gogorrak izan behar oiloarekin eta oiloaren antza duten pertsonekin. Oiloak bere beldurrari esker zenbat txita ez ditu miru eta zapelatzaren atzaparretatik salbatu eta bizirik atera? Begi bat zerura eta bestea lurrera begira ipiniz espresatzen du beldurra oiloak, alde guztietara dagoela begiratu beharra esanez bezala.

Nik, behintzat, beldurra asko estimatzen dut; izan ere, arrisku ugaritatik libratu nau.

1999/02/26

11

Page 12: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

FAMATUAK

BENETAKO famatuak ez omen dira asko. Zenbaki perfektua ehun omen da. Ez da erraza, batez ere herrialde txikietan, ehun pertsona ospetsu topatzea, eta azkenekoak ehuneko zenbaki borobilari borobil eusteko baizik ez dira sartzen. Hori bai, baldin eta aldez aurretik ezarritako zenbaki horretara errenditu beharko ez bagenu, askoz ere zerrenda luzeagoa aterako litzaiguke, gure eskuzabaltasuna jakina baita.

Ospearen izaera erlatiboa islatzen du horrek: kupoa osatzera doi-doi pasatu direnak eta pasatu gabe ozta-ozta geratu direnen arteko muga mugikorra da. Joan-etorrian dabilen haizea da fama. Pertsona batzuk aise igarotzen dira ezerezetik ospearen argitara, eta alderantziz, Guadiana ibaiaren gisa, orain lur azpiko eta gero gaineko.

Horregatik, hamaikari gertatu zaio, famaren gailurrean egon ondoren, lurrak irentsita bezala ezkutatzea. Sarri askotan, hautatuen taldean sartuko dira ordezkoa eta titular batzuk ordeko bihurtuko dira, beti ere, ehunekoak kabitzen ez direnak errukirik gabe kanpora botata.

Historiak dio denok jaiotzen garela larrugorrian, baina batzuek biluzik jarraitzen dute, eta besteek arropak eskuratu dituzte. Egia da, hala ere, berdin jaiotako guztiak ez direla berdin hiltzen: batzuk entziklopedietan ikusiko ditugu; beste batzuk arrastorik utzi ez duen lainoaren antzo pasako dira bizitzatik.

Dena den, heriotzak abantaila handiak ditu. Hil ostean, famatuak besteen begietan famatu izaten jarraituko du, baina hildako guztiak berdinak dira, ikusi eta sentitzen ez dituzten hil ondorengo ohore eta omenak gora-behera.

Allí van los ríos caudales y los chicos y en llegando son iguales los que trabajan con sus manos y los ricos (Jorge Marique).

1999/04/16

12

Page 13: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GAIZKILEAK

BI eratako gaizkileak daude munduan: nahita kalte egiten dutenak eta on ustean edo ustekabean min ematen dizutenak. Jendeak bigarren hauei barkatzeko joera dauka, baina ni ez nago konforme. Jesukristoren puntu ahula, egia esateko, hortxe ikusten dut nik: "Barka iezaiezu, ez dakite-eta zer egiten duten". Hain zuzen ere, benetan arriskutsuak horiek dira, nola ez dakitela kalte egiten dutenak. Ez dago kontrolatzerik, uste ez duzun tokitik aterako zaizkizu, erbia bezala, eta xaboi aparra baino iheskorragoak dira.

Itxuraren kontrako horien aurrean ez dugu hartzen neurririk, ez dago hartzerik, eta uste baino errazago erortzen zara euren sarean. Benetako gaizkileen kontra, berriz, txertatuta zaude eta, jakinaren gainean zaudelarik, erraza da arrisku txarrei ihes egitea.

On ustekoak jakintsu bihurtzen dira, gainera. Badakite zer komeni zaizun, zerorrek baino hobeto jakin ere. Kalea gurutzatu nahi ez duen itsuari kalea gurutzatzen lagundu behar izaten diote. Babesik eskatzen ez duen jendea babesten pasatzen dute bizitza osoa. Badakite zer pentsatzea komeni zaizun eta botoa nori eman behar diozun ere, eta ez zaizu inoiz faltako haien aholku onik.

Jakina, aholkuak ematera mugatuko balira, gaitz erdi! Eskertu eta guzti egingo genieke, aholkuek ez baitute kalterik egiten, batez ere kasurik egiten ez badiezu.

Nik aholku guztiei egiten diet Kasu. Kasurik ez egitea ere kasu egitea da, azken finean: kasurik ez egiteko erabakia hartzea da. Bigarrenak kasik denbora gehiago kentzen dizu lehenengoak baino.

1999/06/04

13

Page 14: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EZBEHARRA

ZORTE txarra izan nuen. Bi aldetatik izan ere. Batetik, istripua ikusi beharra bera da zoritxarrik aski. Bestetik, testigu izendatu ninduten.

Nire lagunak eta nirekin haserre dagoen batek euren autoekin elkarri egundoko zartada eman ziotelarik, inguruan ez zen nire bi begiok baizik suertatu, eta egia osoa argitzearen zama astuna neure gain hartu beharrean aurkitu nintzen.

Nire begiok ez zituzten ikusi, ordea, gauzak nik nahi bezala. Lagunak arrazoi izatea nahiko zuketen; kontra-eskura, lagunaren autoak egin ordez, nirekin haserre zegoenarenak egitea, hartara nire kontzientzia eta gogoa bat etorriko baitziren. Baina ez zen hala gertatu. Lehen-lehengo unetik laguna epaitu nuen errudun.

Auzitara jo zuten, ni beldur nintzen eran. Nire lagunak ni eraman nahi ninduen testigu mundu guztitik, eta nirekin haserre zegoenak bereak eta bi egin zituen hori gerta ez zedin. Ez zuen lortu. Eta ertzainak atestatuan agertzen zen bakar honi deitu zion.

Nik nire begiok ikusi zuten bezala eta kontzientziak agintzen zidan moduan egin nuen deklarazioa, biak harri eta zur utzirik. Lagunak, epaitegitik atera orduko, traidoreka hartu ninduen. Haserre zegoenak ez zidan ezer esan, baina handik egun batzuetara kontu korrontean hogei mila duro sartu zizkidan.

Berehala kentzeko diru haiek nire kontutik agindu nion banketxeko zuzendariari. Nirekin haserre zegoenari deitu nion segidan, eta danba! bota nion muturrera, ea uste al zuen hogei mila durogatik saltzen nintzen gizona nintzela.

Beraz, haserre nengoenarekin lehen baino haserreago nago orain, eta adiskidea ere haserretu egin zait. Bakar-bakarrik nago, kontzientzia beste lagunik gabe.

Kontzientzia ez da lagun txarra bakarra eta beti berdina denean. Kontzientzia ustekoak edo Mintzo Eriak sortzen ditu arazoak, huskeriak estuegi hartzen baititu askotan.

1999/06/25

14

Page 15: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ISILDU

GIZONAK, burutzen dituen ekintzak, edota kontatu egiten ditu edota isildu. Ez dago tarteko biderik, salbuespenen bat kenduta: batzuetan, garrantzirik ez dutelako, isildu baino areago, ahaztu egiten dira gauzak.

Kontatzen ditugunean, guretzat garrantzia dutelako; hori bai, hortik okerrik ez zaigula etorriko ziurtatuta gero. Hala ere, askotan bi ohar egiten dizkiogu gure mezuaren hartzaileari: "Ez esan gero nik kontatu dizudanik!", edo beste hau sarriago: "Ez esan inori, e!"

Azkeneko horri buruz zertxobait esan behar dut. Gure amak kontatu izan zigun bere koinatu bati (gure osabari) entzundakoa: "Inork jakitea nahi ez duzuna ez esan beste bati isilik gortzeko, zeuk gorde".

Ni ere aholku horrixe jarraitzen natzaio. Beraz, ez dizuet sekula inolako sekreturik kontatuko. Beste era batean esanda, nik kontatzen dizuedan guztia barreiatu dezakezue, adiskide nahiz etsaien artean. Gordean beharrekoak neuk gordetzen ditut.

Baina inoiz ere aritu al zarete pentsatzen gauzak zergatik isiltzen ditugun? Izan liteke inori kalterik ez egitearren, mendeku beldur garelako, lotsa sentitzen dugulako edo izan liteke justiziak zigor gaitzakeelako.

Horrelako ezeren beldurrik ez dagoenean ere isildu ohi gara, ordea. Esate baterako, erakunde armatu batek egiten dituen ekintzak erraz txalotzen ditu jendeak talde giroan, baina ekintza horiek pertsonalki onartu behar balira, gehienak ez lirateke gai izango. Kolektiboak hori dauka: errua ez du banatu eta arintzen, deuseztatu baizik.

Beraz, taldean ekintza heroikotzat jotzen diren asko, bakarka, kontzientziako karga dira. Munduko tiranorik handiena hil duenak ere ez dizu inoiz esango "nik hil nuen". Organizazioaren izenean mintzatuko da gehienez ere. Munduko kriminalik handiena exekutatu duen borreroaren izenik ez dugu behin ere egunkarietan ikusiko. Justiziarik zuzenenak halaxe erabakita ere, badirudi inor hiltzea lotsagarria dela, ez-etikoa eta kontzientzia indibidualari gogor erasaten diona.

Erremedioa badakigu zein den: inor ez hiltzea.

Hala ere, negargarriena da inoiz sekreturik ez izatea: ez gordetzeko eta ez kontatzeko.

1999/07/16

15

Page 16: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IGARTIBURU

ANNE. Ez nuen iritzirik Elorrioko dama famatuari buruz, ez onik ez txarrik. Nik esan beharrik ez dauka, berriz, gorpuzkera dotorea duela jakiteko. Eta ez noa ezer esatera, nire hitzek ez bailukete hark merezi bezain argazki egokirik taiutuko.

Hori bai: aurrekoan, Xabier Euzkitzeren programan atera zenean, adi-adi egon nintzaion. Gauza asko dira komentagarriak Euzkitzek egin zion elkarrizketan, baina bakarrari lotuko natzaio. "Zure fisikoari esker, lanerako garaian, ate asko ireki dizutela uste al duzu?" galdetu zion Xabierrek, eta Annek, natural-natural, baietz erantzun; ez zen ibili iheska eta ongi kalkulaturiko erantzunaren bila. Erantzun horri esker, hari buruzko iritzi neutrala izatetik iritzi positiboa izatera pasatu naiz.

Izan ere, aspertuta nengoen faltsukeriak entzuten, edertasuna barruan eraman behar dela, kanpokoak ez duela garrantzirik, etab. Gainera, fisikoak asko laguntzen duela aitortzeak ez du esan nahi bat profesional txarragoa denik. Aitzitik, nire irudipena da profesional onek bakarrik egiten dutela Annek egin duen aitorpena.

Bizitzaren arlo guztietan laguntzen du fisiko erakargarria izateak Adibide exajeratu bat ipintzearren, baita haurtzaindegian monitore izateko ere. Berdin, lagunartean onartuago izateko. Lan esparruan zer esanik ez; batez ere lan horiek jendaurrean egin beharrekoak badira. Neska-mutilen arteko harremanetan, berriz, ehuneko laurogei esan nahi du. Ez dut esaten itsusiagoek ere harreman onak lortu ez dituztenik; ordea, azkeneko horiei mila aldiz gehiago kostatzen zaie zorioneko barruko edertasun hori erakusten.

Kritika asko entzuten da telebistako neska finak eredu ipintzen direlako, horiek bezain profesional onak lanik gabe daudelako. Kritika egiten da, baina seguru nago inbidiak eragindako kritikak direla gehienak. Dirudunak ere kritikatzen dira, hala ere dirudun izan nahi du mundu osoak. Dirua bezalaxe, edertasuna ere ez da zorion osoa, baina asko laguntzen du. Horrenbeste badakit, nahiz eta askorik ez dudan, ez batetik eta ez bestetik edo, hain zuzen ere, horrexegatik.

Edertasuna barruan eraman behar da, baina tertziopelozko zapian bilduta eta estutxe onean sartuta.

1999/07/30

16

Page 17: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

32

ONA-TXARRA

GIZAKIA, oro har, manikeo samarra da, hau da, inguruko pertsona guztiak bi zerrenda hauetako batean sailkatzen ditu: onak eta txarrak. Baina sailkapen hori egiteko erabiltzen dugun neurria ez da unibertsala, ez diogu begiratzen berez jokabide zuzenekoa den ala ez, gurekin nola portatzen den baizik.

Ordea, ez dago, esaterik pertsona bat txarra denik, baldin eta "nirekin" ez beste guztiekin ona bada. Norbaitek esango dit gurekin gaizki portatzen denak, normalean, besteekin ere izango duela ipurdian zuloa, baina ez da beti horrela gertatzen. Badira pertsona oso selektiboak, oso kalkulatzaileak, eta badakite agur beroak eta lausenguak norentzat gorde, eta ez-ikusiak eta mespretxuak nori egin.

Zer da ongi portatzea? Nire ustez, zirkunstantzia eta testuinguru berean beti portaera bertsua izatea, nahiz eta "nik" beti mespretxua jaso.

Beraz, pertsona txarrik ez dago; guk pertsona horrekiko ditugun espektatibak dira huts egiten dutenak. Gure espektatibei besteak ez erantzuteak pentsarazi behar digu, beti, gure pretentsioa gehiegizkoa zela, bestela oso ondorio tristeak etor lekizkiguke.

Amodio kontuan, adibidez, nire lagun besterik izan nahi ez duenari gehiago eskatzen badiot, azkenean laguna ere galdu egingo dut.

Ezagutzen dut pertsona bat pilotari baten jokoak txoratzen zuena, baina partida guztietan bizkarrean jo eta autografoa eskatzen hasi zitzaion eta, azkenean, aspertu egin zuen pilotaria. Orain, badatorkiola ikusten duenean, bizkarra ematen dio eta jarraitzaileak egundoko disgustua dauka, dezepzionaturik dago.

Jadanik ez du gozatzen pilotari horren jokoarekin.

Ongi neurtu beharrekoa da, hortaz, pertsona bakoitzarekin zer harreman mota izan dezakezun; eta, zure interesek eskatzen dizuten gutxienekoa beteta badago, ikasi horrekin konformatzen. Eta baikorrak izan: distantzia neurtzen jakinez gero, harreman motaren bat edonorekin da posible.

Bizitzaren arauak dira.

Dena den, beraiek ere kontuz ibili behar dute batzuetan. Nik badut adiskide bat nirekin musean jokatu nahi izaten ez zuena, kontra ez bazen. Aurrea hartu diot, ordea. Orain ez dut aurka ere jokatzen.

1999/08/06

17

Page 18: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ATZERRITARRAK

GOGORRA izan behar du, motiboa edozein dela ere, norbere herritik ihes egin beharra; baina negargarria, benetan, alde egin behar hori ezin biziak eta miseriak eragindakoa bada. Horixe da Afrika aldetik hona samaldan datorren edo etorri nahian dabilen jendearen kasua.

Bidaia egiteko modua bera da aski negargarria: itsasontzietan polizoi gisa edo patera ahul batzuetan, akabera tragikodun pelikula bateko protagonistak balira bezala. Iristen direnek ere nora eza eta segurtasun faltarekin egingo dute topo, eta, sarritan, "etorritako bidetik" itzuli behar. Gogoan izango duzue, noski, Mayor Orejaren burutazio hura: droga eman, hegazkinetan sartu eta euren herrialdera itzuli, berriro.

Geratzen direnek ere bizimodu latza daukate, gehienek ez baitute eskuratuko Europan bizi ahal izateko paperik, eta, ondorioz, klandestinitatea, marjinazioa eta beldurra bilakatuko zaizkie eguneroko ogi. Baina lortzen dutenek ere zer? Lantokietan abusuak, familiarengandik urruti, hizkuntza ezezaguna, kultura guztiz ezberdina... eta beste mila oztopo.

Egun hauetan ari dira Madrilen "Atzerritarrentzako Legea" eztabaidatzen. Zoritxarrez, ez dago baikor izateko inolako arrazoirik. PPk proposaturik, kongresuan onartukotako legeari orain PPk berak senatuan, ia-ia artikulu guztietan, emendakinak egin nahi dizkio, eta ez, noski, hobetzeko, baizik eta, lehenaz gainera, atzerritarren aurkako neurriak zorrozteko.

Jaiotza akzidentala da: inork ez du erabakitzen noiz eta non jaio. Guk, egunero jaten dugunok, amildegitik erreskataturikotzat jo beharko genuke geure burua. Horregatik, asko harritzen naiz nola ez dugun enpatia pixka bat gehiago oraindik amildegian jarraitzen dutenekin.

1999/12/10

18

Page 19: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

KOLEKTIBOA

EZ dut federik kolektiboarengan. Badakizue zergatik ez dudan sinesten kolektiboarengan? Nahastea eta paradoxa daude horren azpian. Baserriko ganbararekin konparatu ohi dut: "ganbara txukuna, ganbara bikaina, ganbara ederra, gure ganbara...", ez gara isiltzen, baina niri ez zait ganbara batere interesatzen, barruko elementuak aintzat hartzen ez badira, eta elementu guztiak errespetatzen ez badira, eta, batez ere, ganbara dotore edukitzearren, barruko belarrak eta artoak erretzen baditugu.

Niri ez zait kolektiboa batere interesatzen, baldin eta horren izenean gizabanakoa deuseztatzeko prest bagaude; ez zaizkit interesatzen eskubide kolektiboak, baldin eta horien babesean eskubide indibidualak birrintzeko gai bagara. Hain zuzen, hortxe dago gakoa: eskubide kolektiboak ganbara hutsa dira, eskubide indibidualen metaketaren bidez ganbara betetzen ez dugun bitartean.

Ez zait jainkoa interesatzen, horren izenean, historian zehar sarritan gertatu den eran, lagun hurkoa gorrotatu eta oinperatzen badugu. Era berean, ez zait batere interesatzen herria, horren izenean basakeriak egiteko prest bagaude.

Tranpa asko ezkutatzen da kolektiboaren azpian. Denetan okerrenak hauek dira: benetako erantzulerik ez egotea eta nahi den koartada prestatzeko bidea libre.

1999/12/14

19

Page 20: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

OINAZEA

"NEGARREZ jaio eta negarrez hil" dio esaera zaharrak. “Eta negarrez bizi”, erantsiko nioke nik. Bizitza, hein handian, negarra da. “Lacrimarum valle”. Bizitzarekin batera jasotzen ditugu sufrimendua eta dolorea, eta ez dago saihesterik, erabat ez behintzat. Geurekin eramango ditugu hilerriko ateraino, hantxe agurtuko dugu elkar.

Oraindik orain, hauxe irakurri nion Felipe Juaristiri: “Bizitzak berekin garamatza, batzuetan eskutik helduta eta besteetan lorrean. Bizitzak, batzuetan, zetazko sokaz lotzen gaitu, eta, besteetan, burdinazko kate lodiz”.

Ez dago oinazearen aurrean kikiltzen ez denik. Baldintza eta sineste-mota guztietako giza emakumeak ikusi ditut makurtzen, minak erasandakoan.

Filosofatzea ondo dago, ondo dago estoizismoa goraipatzea, baina oinazearen aurrean estoiko gutxi ikusi dut nik. Nahiago ditut epikureoak, oinazeari medio guztiekin kontra egiteko prest daudenak.

Ez naiz kapaz bost minutuz buruko minez egoteko, berehala hasiko naiz aspirina bila. Eta gauean loezinean banago, inolako eskrupulurik gabe hartuko dut orfidal bat. Izan ere, zertarako balio du oinazeak?

Usuenak dira, askotan, alferrikakoenak; adibidez, oinazea eta gizonezkoaren titiak. Gezurra da oinazeak santifikatu egiten gaituela. Oinazeak gaiztotu baizik ez du egiten.

2000/03/01

20

Page 21: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

HERENSUGEA

BEHINOLA, bazen Aralarren deabru tzar bat, herensuge itxuran. Herensugea inguruko herrietara jaisten zen gose zenean, eta ase ahala kristau jaten zuen. Herritarrak ikara gorrian bizi ziren, eta, batzarrean bildurik, hauxe erabaki zuten: herensugea herrira jaitsi eta denak hondatzea baino hobe zela hilero herritar bat mendira joatea, herensugeak jan zezan.

Agure bizar-zuri batek sarritan kontatzen zidan historia hori. Behin batean, galdera hau egin nion agureari: "Zergatik ez zuten hitz egin herensugearekin? Beharbada, mendian akabatutako behor eta ardi-zaharrekin konformatuko zen, herritarrek beraiek larrutu eta toki jakin batean utziz gero". Hauxe erantzun zidan: "Kristau haiek oso azkarrak ziren. Bazekiten gizakiarekin hitz egitea zela, hain zuzen ere, herensugearen irrikarik suharrena. Hori lortuz gero, piztiak bere esku zeukan dena, hitzaren martingala guztiak bazekizkien eta".

Hortaz, kupoa onartu zuten: hileko pertsona bat. Ondo pentsatzen jarrita, urtean hamabi pertsona ez ziren trunko-gurdiak azpian harrapatuta hiltzen zirenak baino gehiago, haur izaten odolusten ziren emakumeak baino gehiago edo laia hankan sartu eta pasmoarekin zendu ohi zirenak baino gehiago.

Eskandalagarria iritzi diote askok nire artikuluari. Nahi duzuen bezala, baina kupoak eta estatistikak agintzen dute gizartean. Sarritan ez dago herensugeari zerga ordaintzea beste erremediorik.

2000/05/12

21

Page 22: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TXEPETXA

BADIRA "Txepetxa" izenburupean Pedro Mari Otañok jarritako bost bertso eder. Gaur, bereziki, bi gogoratu nahi ditut:

Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan

bañan gustatzen zaio jartzia adar sendoxiaguan;

amildu arren ez leike galdu dakiyelako eguan,

bañan arkitzen baldin bada ere burnizko aldamiyuan,

iru-lau aldiz zapalduko du seguru ote daguan".

Ta edozeñek esan lezake, berari begiratzian,

arretarikan ez dadukala egin leioken gaitzian;

ez-irudiyan ark kabiyari beste zulua atzian

egiten diyo, andik joateko aurrekoa tapatzian,

erakutsiyaz pentsa zagula nola atera sartzian.

Nik ez dakit Pedro Mari Otaño txepetxaren jokabidea behatuta ondorio horretara iritsi zen ala bizitzak erakutsitakoa azaltzeko txepetxa metaforatzat hartu zuen. Nolanahi ere, filosofo edo pentsalari handi baten irakaspenak dira bertso horietan daudenak, eta, duela 106 urte jarritakoak izan arren, gaur oraindik ere, munduko hegazkinik luxuzko eta seguruenak segundo urri batzuetan kiskalita geratzen diren garaian, balio eta zentzurik galdu ez dutenak. Edota, beste erreferentzia bat ematearren, Titanic ospetsua (jainkoek berek ere ikara ez zezaketena) hondoratu baino 18 urte lehenago jarritakoak.

Baina gizakiaren "segurtasuna" ez da teknologian bakarrik nabari, baizik eta bizitzako alor guztietara hedatu da. Gaur egun, Jainkorik ez dagoela "seguru" dakien jendea gehiago dago Galileoren garaian mundua geldi zegoela "seguru" zekiena baino.

Eta politikan berdin. Adibidez, su-etenean "segurtasun" handiegia genuelako ondorengo dezepzioa ere halakoxea izan da. Bestalde, politiko batzuek ez zuten jakin habiari bigarren zuloa egiten, bata itxi zietenean bestetik ihes egiteko.

Estratega onak erantzuna eta erantzunaren erantzuna prestaturik eduki behar ditu

2000/07/28

22

Page 23: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GERRA

GERRAK ez du izenondorik onartzen. Pleonasmo hutsa da, adibidez, “gerra krudela” esatea. Esaldi tautologikoak bakarrik onartzen ditu gerrak: gerra da gerra, eta kitto! Ez dago gerra santurik, ez aberkoirik eta ez bestelakorik. Are gutxiago gerra justurik. Gerra beti erasoa da; ez dago defentsarik. Gerra irabazi edo galdu egin daiteke teorian, baina praktikan irabazten duena ere galtzaile bilakatzen da; gerraren bidez boterea eskuratu arren, azkenean botereak ihes egiten dio gizakiari; boterea mundu honetako baita, eta gizakia, berriz, ez. Ez dago ehun urte irauten duen gaixotasunik, ezta ehun urtez boterean iraun lezakeenik ere.

Orduan zergatik egiten da gerra? Hori baino galdera egokiagoa da oraindik: nork nahi du gerra? Hortzetaraino armatuta dagoenak nahi izaten du, beti, gerra. Bere inperialismo asegaitzak bultzatzen du horretara: munduko toki estrategiko eta baliabide energetikoen jabe izan nahi du. Beraz, interes ekonomiko handiak daude gerra bakoitzaren atzean: ez bakarrik kanpoko baliabideak etxera biltzeko, baita arma-industria handien interesak defenditzeko ere. Armak egitetik bizi da hainbat jende, arma horiek kontsumitu egin behar dira, eta horretako ezinbestekoa da gerra.

Laster etorriko zaizkigu gerraren ideologoak, gerra hori ezinbestekoa zela “demostratzera”. Baina gerra guztiak injustuak dira, ez-moralak dira. Eta harrigarria hau da: moralaren zaindaririk handienak onartu egiten dituzte gerra batzuk. Abortuari baino edo homosexualen ezkontzari baino garrantzi gutxiago ematen diote. Nola liteke horrenbesteko perbertsioaren mende erortzea?

Palestinarrek, tamalez, ez dute inolako probetxurik aterako Israelen kontrako gerratik. Badirudi Al-lâh baino ahaltsuagoa dela Yahvé. Nolanahi ere, Jainkoa beti ahaltsuenaren alde!

Horrek uzten nau lur jota!

2000/10/06

23

Page 24: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ETIKA

ZER da etika? Hauxe da aurkitu dudan definiziorik laburrena: "Moralaz diharduen jakintza; giza jokaera arautzen duen erregela multzoa".

Erregela multzoa? Hori legedia dela esango nuke nik.

Hortaz, zer da etika? Nire ustez, libertatea administratu eta erabiltzen irakasten duen zientzia. Libertatea da bizitzaren sustraia. Non edo zertan oinarritzen da, ordea, libertatea? Libertateak ba al du lege unibertsalik? Bai, jauna, badu. Hauxe da: "Neuretzat nahi ez dudanik ez egin beste inori”

Zenbaiten iritziz, eskubide naturala da askatasuna. Beste batzuek diote Jainkoak egin duela libre gizakia. Nik uste dut askatasuna dela gizakiok elkarrekin egin dugun kontratua. Eta etika da kontratu hori ahalik modurik zuzenenean eta positiboenean baliatzeko tresna.

Jakina, tresna horrek, etikak alegia, behar du erreferentzia bat. Erreferentzia hori da elkarrekiko errespetua. Adibidez, nik ez dut errespetatu behar lagun hurkoaren bizia beste ezerengatik, neurea errespetatzea nahi dudalako baizik. Norbera da, hortaz, bestearekiko erreferentzia, eta horren arabera jokatzea da etikoki zuzen jokatzea.

Azkenik, etikaren parte batek honetan zentratuta egon behar du: alde bietako batek hitza jaten duenean, arazoa nola konpondu, justizia nola egin.

Premiz denari lagundu eta inori ezer ez kendu,

lege beharrik ez genduke guk hori egingo bagendu

(Lazkao Txiki).

2000/10/27

24

Page 25: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

HIZKUNTZARIK APROPOSENA

1645. urteko Gabonak inguruan, auzitan zebilen Iruñako Artzapezpikua, San Fermin parrokian hutsik zegoen korista-postua betetzeko sortu zen iskanbila zela medio. Bi ziren hautagaiak: Juan de Arrechea, Villanueva de Aezkoako erretorea, eta Miguel Xemeniz de Leorin, Mendabiako erretorea. Gotzainak deitu eta etsamina egiten zien hautagaiei, baina gero eliztarrek hautatzen zuten bat, bozketaz.

Mendabiakoak irabazi zuen, baina Aezkoakoak bozketa bertan behera utzi eta hautaketa baliorik gabe gera zedin eskatu zuen, berak euskaraz ongi zekielako eta Mendabiakoak, berriz, ez. Dirudinez, euskara (herriaren hizkera) jakitea aintzakotzat hartu behar zen.

Tribunalak kasu egin zion Juan de Arrecheari, eta Iruñean zer egoera linguistiko zegoen aztertzen hasi zen. Nahaspila ezin saihestu, ordea. Ez zegoen gauzak argitzeko modurik; ez ziren ados jarri Iruñako jendea zein hizkuntzatan mintzatzen zen, edo zenbatek egiten zuten euskaraz eta zenbatek erdaraz. Hain zaila ote?

Guztiarekin ere, badaude anekdota politak, adibidez hauxe (itzulpena nirea da): “Euskara da hizkuntzarik aproposena etsaikeriak albora utzi eta Aitortzako sakramentua hartzeko; baita ondo hiltzen laguntzeko ere”.

Dokumentuaren arabera, bistan da Iruñako bizilagunak elebidunak zirela.

Gezurra dirudien arren, kasik lau mende beranduago, orain ere, sesio-gai eta liskarbide da Iruñan euskara. Ez dut ulertzen. Ez dakit zer egin behar den bi hizkuntza jakiteak mesedea besterik ez dakarrela Nafarroako agintariei buruan sartzeko.

Nafarroako agintariek lehengo lepotik burua. Euskaldunok (euskaradunok) zer egin dugu gaizki, gure hizkuntzak Nafarroako agintariei horrenbesteko beldurra sortzeko?

2000/12/29

25

Page 26: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

INTERESA

INTERESAK mugitzen du mundua, eta interesak hiru osagai nagusi ditu: aginpidea, sexua eta jakin-mina. Aginpidea bi eratakoa izan daiteke: politikoa eta ekonomikoa.

Mundua mundu denetik saiatu da gizakia besteak mendean hartzen eta ondasunak beretzat eskuratzen.

Batzuetan diktadurapean eta besteetan demokraziaren izenean, baina aginpide politikoa maite izan du beti gizonak. Gutxi batzuek lortuko dute; gehienek, aldiz, ez, baina ez nahi izan ez dutelako.

Beste horrenbeste gertatzen da aginpide ekonomikoarekin. Betidanik grinatu da gizona zerbaiten jabe izaten. Lehenik, ahalik eta ehizarik gehien lortzen; gero, abereak eskuratzen; geroago, lur-sailak... katea eten gabe kapitalismo basati honen arora iritsi garen arte.

Interesaren bigarren osagaitzat sexua ipiniko dugu. Aginpide politiko eta ekonomikoarekin batera, uste dut bera dela munduaren beste eragile handienetako bat. Mila eratara du eragina, eta ez nolanahikoa!

Azkenik, jakin-mina. Beste bien aurkakoa bezala da, baina haiek adinaxe indar du. Jakin-minak gauza asko eginarazten dizkio gizakiari, eta horrek ere aurrerapen handiak ekarri ditu gizartearentzat. Hor sartuko lirateke artea, erlijioa, filosofia eta berez hain diru-etekin handikoak ez diren beste jakintza-mota asko.

Bi eratako gizakiak bizi dira munduan: boterea dutenak eta boterea nahi dutenak.

2001/01/17

26

Page 27: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

15

FROILAN

POLITIKO bat hil dute, sozialista bat hil dute, zinegotzi bat hil dute; baina, batez ere, pertsona bat hil dute.

Bada atentatuan hildakoaren aurrean hartzen dugun jarrera bat, niri izpirik ere gustatzen ez zaidana: berehala hasten gara hildakoa goraipatzen eta hark egindako merituak lau haizetara hedatzen. Nire ustez, hori ohorea baino gehiago da ofentsa. Bizitzan lortutako merituek eta egindako lanek inori ez dio bizitzeko eskubide handiagorik ematen. Pertsona izate hutsarengatik dugu bizi izateko eskubide osoa. Ez dago zinegotzi eredugarria izan dela esan eta esan jardun beharrik. Bere baitarik datorkio biziari justifikazioa, ez du gehiagoren premiarik.

Askok eta askok, ordea, zoritxarrez, beraiek bezala pentsatzen dutenei bakarrik opa diete bizia. Nik, berriz, lankidea bizirik nahi nuen. Ez nuen asko eskatzen; ez nuen eskatzen harekin bat etortzeko eskubiderik ere. Baina, gutxienez, harekin eztabaidatzeko eskubidea nahi nuen. Eztabaida, horixe zen Froilan eta biok lotzen gintuena, eta horixe da, hain zuzen, gizaki zibilizatuen artean gauzak egiteko modu bakarra.

Gizarteak ez dauka zertan ezer ordaindurik bere kideen bizia errespetatua izan dadin. Ez ahaztu: “Bere baitarik datorkio biziari justifikazioa”

2001/03/23

27

Page 28: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

125 URTE

IRAKURRI dut orain jaiotzen direnek 125 urteko bizi esperantza daukatela. Hori entzutean, segituan etortzen zaigu burura galdera hau: zergatik ez ote naiz jaio 60 urte geroago?

Baina kontsolamendu handia sentitzen du batek Unamunoren hitzak entzunda. Pentsalari handi haren ustez, egun batean izateari uztekotan, berdin-berdin dio hogei urte edo mila urte bizi. Hark betiko bizi nahi zuen, eta desio horrek ez zuen gutxi aztoratu bere denboran, kostatu egiten baitzitzaion betiko bizitzan sinestea.

Eta hala idatzi zuen: “Esa sed de vida eterna apáganla muchos, los sencillos sobre todo, en la fuente de la fe religiosoa”.

Beraz, posibilitate horri ere ez dago muzin egiterik. Hemen, azkenean, dena da balekoa, sinesten dugun hura baita bakoitzarentzat benetako egia eta kontsolamendu-iturri.

Hau ere hark esana da: “Cuando el hombre no trabaja para vivir, e irlo pasando, trabaja para sobrevivir”.

Ordea, Unamunok ez zuen ezer esan 125 urte bizi daitekeenaren bizi kalitateaz, orduan ez baitzegoen horrelako perspektibarik. Beraz, nik esango dut: ezertarako gauza ez garela bizitzekotan, merezi al du 125 bizitzea, nahiz eta aurrerapen zientifikoek eta makinek fabore hori egin diezaguketen?.

Oraintxe ere merezi al du, zaharrez hiltzearren, hondakin bihurtuta bizitzea?

Inoiz ez dut ulertu (Unamunok ere ez zukeen ulertuko) sei hilabeteko haurtxoa zergatik hiltzen den.

2001/04/20

28

Page 29: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

OSPATU

GABON, Eguberri, Urte zahar, Urte berri, Errege... Osatu dugu zikloa. Jan dugu lepo eta edan dugu bere modu bat, ospakizunaren izenean. Baina zer ospatu dugu? Neguko solstizioa?, Olentzero?, Jesukristoren etorrera?, urte berriaren hasiera? Neguko solstizioa oso urruti geratzen da jada gure kulturan. Barandiaranen arabera, Olentzero Kixmiren jaiotzarekin zeharo erlazionaturik dago, beraz ez dirudi logikoa testuinguru horretatik bereiztea. Baina hainbeste egoera eta interes nahasten eta kontrajartzen dira, batek ez daki koktel horretatik zer hartu, zer utzi.

Iruditzen zait inertziaz bizi eta ospatzen ditugula egunok, ohitura hutsez. Gehienez ere, ospatzen ditugu usadio zaharrei eustea ona dela uste dugulako, eta nostalgia apur bat ere pizten dute gure barrenean, egun batean izan ginen ume hura oraindik ere, lotan bederen, geurekin baitaramagu, eta noizbehinka esnatu egiten da, edo geuk esnarazten dugu propio.

Batzuentzat, ordea, sorpresa desatsegina da ume hori esnatzea; jada ez da ilusioz beteriko haur hura, Gabonetako kantek hunkitzen zuen haur hura. Izan nahi luke, baina ezin du.

Izan ere, Gabonek galdu dute gehienentzat lehengo magia hura. Oinarrira itzuli gabe ez dago magiarik, eta Gabonen oinarria, gure gogoramenean behintzat, badakigu zein den: Jesusen jaiotza eta horren aldarria. Oinarri hori gabe, Gabonak ez dago benetako dimentsioan gozatzerik oraingoz edo oraindik bederen. Horrek ez du esan nahi kulturak bere lana egingo ez duenik eta beste kolektibo batzuek Gabon garaiari, denborarekin, alternatibaren bat aurkituko ez diotenik. Problema da erlijio kutsurik gabe (erlijio zaharrarena, nahi bada) ez dutela lortuko.

Gauza bakoitza bere tokian eta liburuak buruan.

2002/01/04

29

Page 30: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PENTSATU

EZ dakit zein web-orritan aurkitu nuen, baina badakit interneten irakurri nuela kontatzera noan pasadizoa. Niels Bohr da protagonista. 1992. urtean Fisikako Nobel saria eskuratuko zuen mutikoari, ikasle zela, azterketa batean hauxe galdetu zioten: "Esaiguzu nola neur daitekeen etxe baten altura barometro batez". Eta erantzun: "Joan zaitez barometroarekin teilatura, han soka bat erants iezaiozu, eta gero bota ezazu etxearen oineraino; soka markatu, neurtu eta huraxe izango da etxearen altura".

Dudarik gabe, arazo latza sortu zion ikasleak irakasleari, erantzun zuzena baitzen. Orduan, beste irakasle ospetsu batek eta biek hitz eginda, sei minutu eman zizkioten, azterketa berriro egin zezan. Bost minutu pasatu ziren, eta ikasleak artean ez zuen ezer idatzi. Zer gertatzen zitzaion galdetu ziotenean, "Erantzun asko dauzkat, eta ez dakit zein hautatu" esan zien. Eta geratzen zitzaion minutuan erantzun hau idatzi zuen: "Hartzazu barametro bat, igo teilatura eta handik lurrera bota, neur ezazu lurrera iristen pasatu duen denbora, eta ondoren aplika ezazu formula hau: altura =0,5 bider g bider t2

"Beste mila modu ere badaude, jarraitu zuen; adibidez, barometroarekin neurtu; barometrokada bakoitzeko marka bat egin horman, eta gero marka horiek barometroaren neurriarekin biderkatu. Edo atezainari deitu, barometroa erakutsi eta esan: "Aizu, etxeak zenbat neurtzen duen esaten badidazu, barometro polit hau oparituko dizut".

Irakasleak harriturik esaten dio:

—Zuri ez al dizute irakatsi erantzun konbentzionala, hau da, bi puntu diferenteetan neurtu barometroaren presioa, kenketa egin eta hori dela etxearen altura?

—Bai, baina niri, batez ere, pentsatzen irakatsi didate —izan zen azken erantzuna.

Pozik jakingo nuke Niels Bohr-en irakasleen izena.

2002/0107

30

Page 31: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ARAUAK

JOSÉ Antonio Marinari irakurri diot moralaren oinarriak direla izatea, nahi izatea, ahal izatea eta behar izatea. Izan denok omen gara aldez edo moldez; denok egin ahal ditugu gauza batzuk eta beste batzuk, berriz, ez. Baina denok egin ahal dugu behar baino gehiago; hortik datoz problemak. Eta dena korapilatzeko, gure nahiak ez datoz bat: ez garenarekin, ez egin ahal dugunarekin, eta ez egin beharko genukeenarekin.

Beraz, begi-bistakoa da gatazka. Eta arauak beharrezkoak dira, gure arteko gatazka eta arazoei irtenbidea emateko. Arazo bati konponbidea emateko ezartzen dira arau moralak ere.

Adibidez Indian, behi-haragia jatea ez zuten debekatu behiak sakratuak zirelako, baizik eta behirik, eta ondorioz, esnerik gabe geratzeko arriskuan zeudelako. Hasierako araua arau moral bihurtu zen, eta, arriskua aldendu arren, arau moralak, inolako zentzurik ez duenean ere, indarrean segitzen du.

Koklusioa samurra da: arauak beharrezkoak dira gure joerak harmonizatzeko, arazoei irtenbidea emateko, baina problema batzuk desagertu eta berriak sortu ahala arauak ere berritu egin behar dira.

Arauak eta txuletak berdinak dira: gutxiegi txarra da, gehiegi ere bai.

2002/01/25

31

Page 32: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TOLERANTZIA

TOLERANTZIAK definiziotik bertatik egiten du huts. Begira zer dioen izen handiko hiztegi batek: “Beste pertsona edo taldeen ideia edo ekintzekin ados egon ez arren, hauek errespetatzean datzan jokaera”. Ederra kontua! Ideiena nonbait hor, baina ekintzena? Nola arraio errespetatuko dut, bada, zenbait ekintza? Definizio horrek bidea libre uzten du, zernahi egiteko, baita giza eskubide eta gizalege guztien kontra dagoen edozer egiteko ere. Hori ez da tolerantzia, eta, mesedez, hiztegia egin dutenek errebisa dezatela definizio jasangaitz hori.

Tolerantzia da zernahi egiteko kapaz den harengana hurbiltzeko borondatea, oker dagoela esateko ausardia, eta konbentzitzen ahalegintzeko gogoa. Eta ez askok eta askok egiten dutena: “Ez duk nire arazoa, hor konpon; nahi badute, atera diezazkiotela tripak elkarri”. Hori ez da tolerantzia; hori da batarekiko konplizitatea eta bestearekiko axolagabetasuna.

Horretara iritsi nahi nuen; alegia, argitu nahi nuen axolagabetasuna dabilela errege toki guztietan, tolerantziaz mozorrotuta.

Demagun artikulu interesgarri bat irakurtzen dugula egunkarian. Lehenik sinadurari erreparatuko diogu. Hasi gara intoleranteak izaten. Gero, kasualitatez artikulua irakurri eta ona dela iruditu arren, gure pentsamoldearekin bat ez badator, geure baitan axolagabetasun-sentimendua probokatzen ahaleginduko gara, egunkaria sofa gainera erdi harrika botata. Hori intolerantzia hutsa da. Toleranteak, publikoan ezer esango ez badu ere, gutxienez bere kolkorako: “Arrazoi dik”, esango du.

Gaur oso toleranteak gara immigranteekin, erlijioarekin, telebistako programekin (toleranteegiak), aldamenekoaren bizitzarekin. Gezur hutsa. Axolagabetasunak kutsatu eta usteldu gaitu. Eskuak garbitu nahia eta mespretxu isila besterik ez dago gure tolerantzia santuan!

Tolerantziaren eta axolagabekeriaren muga non dagoen baneki, guraizeak hartu eta ebaki egingo nuke.

2002/05/17

32

Page 33: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

AUTOPROFEZIA

AUTOPROFEZIA da gertatzea nahi dugun hura iragartzea, eta iragarritakoa bete dadin ahaleginak eta bi egitea. Auto-profeziak lotura estua eta erlazio handia dauzka modus vivendirekin: ogibide bilakatzen da, eta, horretarako, azpiegitura indartsuak muntatzen dira.

Era askotako auto-profeziak daude: erlijiosoak, politikoak, sozialak... Gu, gaur, auto-profezia politikoaz arituko gara. Gernikako Estatutuarena da adibide tipikoa. Batzuek hainbeste goraipatu zuten gure Estatutuari beste batzuek inon direnak egotzi zizkioten: Euskal Herriaren geroa guztiz hipotekatzea, euskal lurraldearen zatiketa bermatzea, etab.

Lurraldearen zatiketa aipatzean, batez ere, Nafarroa izaten dugu gogoan, baina konturatzen al gara, benetan ohartu, Estatutuak ez baino Estatutuaren kontrako jarrerari eustearren burututako ekintzek askoz ere gehiago urrundu gaituztela Nafarroatik?

Badirudi, auto-profeziaren estrategia horrek fruitu onak eman dituela. Estatutuaren alde zegoen asko zalantzan jartzen hasia da: esate baterako, ELA sindikatua. Uste dut aurreregi jo duela zenbait adierazpenetan.

Dena dela, oso legitimoa da markoak gainditu nahia eta sabaiei gora eragiteko desioa. Horrek, ordea, bere arauak ditu, eta komeni al da ezer aldatzerik kontra daudenen zenbait portaera aldatzen ez den bitartean?

Azkenik, oso ongi deritzot errealitatea ezagutu, onartu eta transformatzeko medioak jartzeari, baldin eta hori bide demokratikotik egiten baldin bada, baina inolaz ere ez errealitatea ukatzeari edo gure desioaren arabera ikusteari.

P.D. Beraz, ongi deritzot Ibarretxeren planari. Zalantza bakarra daukat, ea hori ote den herri honen lehentasuna.

2002/07/26?

33

Page 34: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

NAHASTE-BORRASTEA

JOSE Antonio Pagolak adierazten duenez, zenbait autoreren iritziz, nahaste-borrastean galdurik bizi gara erlijio kontuan. Kasuistika luzea aipatzen du, ateoengandik hasi, beren komenientziara diseinaturiko erlijioa kontsumitzen dutenekin segi eta sinetsi nahi baina ezin dutenenganaino.

Pagolak arrazoi du, baina, nolanahi ere, uste dut erlijioaren esparrutik harago dabiltzala nahaste-borrastea eta zalantzak. Gizarte osoa dago halako lainope batean sartuta bezala.

Zer den esatea ez da erraza, sentimentaldurik jasotzen baitu gure barrenak. Sentimendu horren arabera, gizarte honetan ez gara eroso sentitzen, arrotz baizik. Batik bat, adin batetik gorako jendeari erasaten dion sentimendua da. Eta, paradoxikoki, gizarte berriaren atzetik ibilitako jende asko dago tartean.

Badirudi dena termino ekonomikoetan neurtzen dela; kontsumitzeko gaitasunaren arabera sailkatzen ditugu herriak. Telebistako iragarkiak dira horren adibiderik egokiena. Ez dizute azpimarratuko Txinako edo Latinoamerikako artea, kultura eta jakinduria, baizik eta “horrenbeste miloi kontsumitzaile dituzten herrialdeak” esango dizute, eta Europarentzat horrek duen interesa aipatuko, behin eta berriro.

Alfredo Tamayok, Frommen eskutik, artikulu bikain batean esaten duen bezala, dena dago salgai: sentimenduak, ezbeharrak, negarrak eta pozaldiak, sexua eta pertsonak. Pudorea izan izango da, baina diruak dena gaindiarazten du; badirudi dirua dela lotsa eta herabetasunaren aurkako antidoto eta psikologorik onena.

Ibilia da gaurko gizakiaren beste ezaugarrietako bat. Ibili egin nahi du hara eta, hona. Gelditu gabe ibili, pentsatu beharrik gabe ibili, inora ez garamatzan dinamismo batean sartuta ibili. Geldi jarri eta pentsatzeak beldurra ematen digu. Pentsatzeak agerian uzten baitu gure ikuskera berriaren ahulezia; pentsatzeak konpromisoa baitakar berekin eta ahaztu nahi genituzkeen gauza asko gogoraraziko lizkiguke.

Tamayo eta Pagola, Pagola eta Tamayo, biak dira irakurri beharreko idazleak. Fededunen artaldean ez bazaude ere, horiek esandako gauza asko sinetsiko duzu. Eta Fromm, zer esanik ez.

2002/07/26

34

Page 35: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

DESPEDIDA

DESPEDIDA izan genuen joan den astelehenean (2002-7-29). Anaia despeditu genuen edo berak despeditu gintuen gu. Heriotzak berezi du hilen sailerako. Ez da zaharrez hil, baina mundu honetan zenbat biziko garen hitzartuta ez daukagunez, heriotzaren aurrean beti geuk daukagu burua makurtu beharra. Pedrorena ezin izan salbuespen!

Hala ere, heriotza guztiak ez dira berdinak. Aieka askotatik begira dakioke. Alde batetik begiratuta, esperientzia berria izan da guretzat heriotza hori. Hilerrirako bidean hala esan zidan arrebak, Zaldibiako euskaran, nahiz eta Urretxun bizi joan deneko 35 urteotan: “Oain arte osoik gatxerean da...!

Horra iritsi nahi nuen. Hain zuzen, senideon artean lehena izateak sentimendu berezia eragiten dizu. “Gure zortzikoaren lehenbiziko printza, halabeharrez zaigu arestian pitza” idatzi zuen anaia bertsolariak. Bizitzaren beste etapa batean sartuko bazina bezala da. Nola esplikatu ez dakizun arren, barrenean sentitzen duzu aldea. Katearen maila bat eteten ikusteak, zeu ere kate beraren maila bat gehiago zarenean, iraulia sentiarazten dizu, eta munduari begiratzeko, agian, beste begi batzuk ematen dizkizu.

Heriotza guztiak ez direla berdinak esan dut lehen. Hil denarekin izandako hartu-emanen arabera eragiten duela uste dut. Hartu-emanak ere diferenteak dira, baita senide artean ere. Ez dut esaten hobeak edo txarragoak, diferenteak baizik, bizitzako mila zirkunstantziek halaxe erabakita. Eta denetatik ateratzen duzu irakaspen probetxugarriren bat, nik Pedrorengandik bezala.

Despedida izan genuen eta despedida horretan ez ginen bakarrik. Aspaldi esan nuen benetako herria hiletan biltzen zena zela, eta halaxe da. Denei eskerrak: bai elizara sartu zirenei eta bai irteeran itxaron zutenei.

Denok deskuidatu izan gara inoiz bidegurutzeren batean.

Eta ez dago gauza handiagorik, inolaz ere, oker goazenean norabide berria hartzeko gaitasuna baino.

2002/08/02

35

Page 36: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ISPILUAK

BI eratako ispiluak daude. Batean geure burua ikus dezagun, hau da, garena zuzen islatzen du. Bestean, besteek gugatik pentsatzen dutena islatzen da.

Ispiluak bezalaxe, jendea ere bi eratakoa dago: batzuek lehenengo ispiluan ikusten dutenari bakarrik egiten diote jaramon, nortasunez jokatzen dute; besteak obsesionaturik bizi dira, jendeak haiei buruz pentsatzen duena aztertzen. Aztertzen eta, besteen aurrean irudi ona eskaini nahian, zeharo larrituta.

Beste batek egindako laudorio txiki batek, sarritan, pozez betetzen gaitu. Alderantzizkoa ere gerta daiteke: mespretxurik ahulenak erruz mintzea. Gure nortasun eskasaren seinale dira biak. Geure burua ezagutzen badugu, ez daukagu inoren laudorioen zain egon beharrik; zer garen eta zenbat garen baldin badakigu, ez dugu motibazio faltsu horren beharrik.

Mespretxua jasotzen dugunean ez daukagu zertan sufritu, baldin eta zeure buruarekin seguru bazaude. Beste inoren kontzientzian gertatzen denaz arduratzeak ez dauka inolako zentzurik. Zuk zeurearekin ikusi eta neurtuko duzu bizitza, eta zure neurria ondo dabilenean ez daukazu bi aldiz zertan neurturik. Pentsa ezazu zurea dela benetako neurria eta ez besteena.

Aurrekoan, mutil gazte bat etorri zitzaidan guztiz minduta, esanez oraindik idatzi dituen bertsorik onenak idatzi zituela eta ez ziotela saririk eman. Dena zeukan kontrolatua: hitzak, isiluneak, historia, pertsonaiak, denbora, loturak.... Niretzat ere oso onak ziren, baina ez nion hori esan, baizik: “Lasai, zuretzat onak badira, aski duzu, eta poztu zaitez, urak bere bidea egingo du eta”.

Nafarroan, musean ari zarela kartak gaizki partitu eta berriro eman behar direnean, beti dago joko-lege ona eskuan duenik. Orduan muslari horrek, kartak pilara botatzerakoan, hala esaten du : “Si son de ley ya volverán”.

2002/09/06

36

Page 37: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ZORION BEHARRA

NAHIKUNDE hori saihestezina da gizakiarentzat, eta etengabe horrexen bila dabil, indar guztiez, mundua mundu denetik. Baina ulertu ote du ongi zoriona zer den? Ez ote dabil kontra-eskutik edo kontrabidean? Gainera, ez dakit eskurakoi ote den ere! Ez dakit gure izaera eta osaera bera uztargarriak ote diren zorionarekin. Zorion osoarekin, behintzat.

Sufrimendua eta oinazea nagusi diren erresuman bizi gara, gure izate osoari erasaten diotela. Hori gutxi balitz, heriotzaren ezpata zintzilik, gainera, gutxien uste dugunean lepo gainean zasta! egiteko arrisku bizian.

Agian, gure patua aldagaitza da. Gutxienez, ordea, gure jakinduria horretan erabiliko bagenu! Patuari zentzumenez aurre egingo bagenio! Jakinduria horrek esango baligu zenbateko zoriona espero dezakegun, espektatibak zein izan litezkeen azalduko baligu, bizitza errealismoz asumitzen ikasiko bagenu, zorion-maila txikiarekin konformatuko ginateke.

Bestek ezarritako loturetatik baino areago geuk geure buruari ezarritako hesietatik libratuko bagina; eta, batez ere, muga guztiak apurtzeko obligaziotik geure burua libratuko bagenu, bizi egingo ginateke; ez esne mamitan, nahi bada; zorion txikien jabe izango ginateke, ordea; inork ebasterik ez lukeen zorion izpien jabe.

Zoriona ez da zoria; ez da suerte kontua; ikasi egin behar da zoriontsu izaten. Zoriona planifikatu egin behar da; jakinduria zertarako behar dugun jakin behar da.

2002/09/27

37

Page 38: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

DESTINOA

ZENBAITEK uste du munduaren hasieratik bertatik zegoela idatzia bizitza honetan zer izango zen. Beste batek, berriz, pentsatuko du bere borondatearen emaitza dela gertatzen zaion guztia. Nire iritziz, tartekoa da egia: badira naturaren lege eta beste faktore batzuk kontrola ez ditzakegunak. Baina destinoaren zati handi bat, zalantzarik gabe, gure jardun eta jokabidearen ondorioa da.

Gaztetan, azkeneko horren antz gehiago izaten dugu. Harginaren papera hartzen dugu: harria harriaren gainean ipiniz hasten gara bidea eraikitzen. Halako batean ohartzen gara, ordea, bidea egina zegoela, eta egin dezakegun gauza bakarra bideari jarraitzea dela. Edo, zuzenago esanda, egindako bide horren barruan bakarrik eraiki dezakeela harginak harrizko bidea.

Destinoaren kontu hori ondo ulertzeko, urte batzuk behar dira soinean, eta atxakeren bat, guri orain gertatzen zaigun bezala. Orduan ohartzen zara egindako bidea geratzen zaiguna baino luzeagoa dela, eta lehen ikusi gabeko gauza asko ikusten dira; adibidez, korritutako bidea ez zela zuzen-zuzena, bidegurutzez josia baizik. Aldioro bada geziren bat, norabide berriak erakusteko. Bide horietakoren bat oharkabean hartuko genuen, beste batzuk ikusi ere ez genituen egingo; bazterrera utzi genituenek ez dakigu nora eramango gintuzten, toki hobera ala okerragora.

Ziur nago ibilbidean beste bizitza batzuekin topo egin izan dugula. Heltzea ala ihes egiten uztea oso denbora laburrean aukeratu behar izaten da, eta bide bati uko egiteak eta beste bat hartzeak erabaki lezake gure izatea. Hala ere, bide ona aukeratzeak bakarrik ez du balio. Gero jarraitu egin behar zaio.

(Susana Tamaroren idazlan batean inspiratua)

Obra erraldoiak dira adinarekin okerren etortzen direnak. Adibidez, euskal Y 2020 jarriko dela martxan entzuteak zirrara eragiten dit.

2002/11/22

38

Page 39: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

JUSTIZIA NON?

ASKOTAN entzun izan dut argudio bera: “Mundu honetan ez dago justiziarik, beraz izan beharra dauka beste mundu bat, non gizaki bakoitzari berea emango zaion”. Ezin esango didazue zentzurik ez duenik.

Gonzalez Faus teologoak honako baieztapen hau egiten du: “Munduko pobreek erakutsi didate Jainkoa zeharo zuzena izango litzatekeela, beste bizitza bat beraientzat bakarrik balego, hau da, niretzat ez balego ere. Nik beste bizitzan sinesten badut da pobreentzat badagoela sinesten dudalako”.

Kantek ere bazioen antzekorik. “Esperientziak esaten digu ongia eta zuzena ez direla, beti, saritzen mundu honetan. Gaiztoak zoriontsu dira eta santuak zorigaitzeko. Perbertsoa izango litzateke eman zaigun lege moralak bere baitan justizia-bermerik ez izatea”.

Nik errespetu handia diet horrelako pertsonaiei, baina nire pentsamenduak zerbait gehiago erantsi nahi lioke, gaur, diskurtso horri. Ni ez naute “kezkatzen” munduko kriminal eta gaizkile handiek. Badakit hemengo justiziak ez bada euren kontzientziak, edo ibilera txarrak berak, zigortuko dituela behar beste eta gehiago; ongi kitatuko dutela egindako zorra. Jon Sarasuak, behiala, bertsotan esan zuen moduan, besterik ezean, amesgaiztotan ordainduko dute.

Ildo beretik, desio dut munduko behartsuek, egunen batean, justiziaren argia euren alde izan dezaten, eta Gonzalez Fausen esperantzak eta Kanten arrazoiek bizirik irautea.

Ni benetan arduratzen nautenak dira: inoiz sufritu ez dutenak, diru premiarik eta behar larririk izan ez dutenak, autosufizienteak, ez-solidario inkontzienteak, Jainkoarekin beti adiskide bizi izan direnak, ondraduak, kontzientzia beti lasai eduki dutenak, justizia beti euren alde izan dutenak, aginterarekin bat egin dutenak... Horiekin zer egingo du gure Jainkoak?

Laburpena:

Ni ez naute “kezkatzen” munduko kriminal eta gaizkile handiek, badakidalako ongi kitatuko dutela egindako zorra.

Baizik eta Jainkoarekin beti adiskide bizi direnek, ondraduek, kontzientzia beti lasai eduki dutenek, lagun hurkoaren zotina ikusten eta entzuten ez dutelako.

2002/12/20

39

Page 40: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BEHATOKIA

BIZIAREN eta heriotzaren behatokian daramat astebete. Kontraste horixe da ospitalea. Klinikako harat honakoen lekuko izan naiz egunotan. Bigarren solairuko gelan kokaturik, egokiera aproposa dut horretarako.

Atea ireki eta haur jaioberrien egonlekua daukat aurrez aurre. Bakoitzak ez du denbora asko egiten sala horretan, baina beti dago bakarren bat, egunero erditzen baita norbait.

Sekula ez dut nabaritu horrenbeste miresmen haurrenganako. Pasillo horretan suertatzen den inork ez du aurrera segitzen “eskaparatean” geldialditxoa egin gabe. Ospitalean egon arren, irribarrea eragiten du gela horrek. Ez da entzuten komentario positiboak baizik, nahiz eta norbaiti aditu diodan: “Gaixook ez dakizue asko nora etorri zareten!” Salbuespenak ere beharrezkoak dira.

Gure gelako atetik irten orduko hori ikusten bada, leihotik begiratuta horren kontrapuntua begiztatuko duzu: hileta-autoa. Horri ez dio propio inork begiratzen, baina behatoki honetatik hori ere ikusi egiten da. Inork ez du komentariorik egiten, beheko bihurgunean azaltzean, burua bestaldera jiratu baizik, heriotza tabu dela deklaratuz. Ordea, gure erreakzioak gorabehera, auto beltzak bere bideari jarraitzen dio, gorpuaren garraio; arima honezkero bere bidea hartua izango da, beste biderik baldin badago.

Kontrastearekin jarraiki, jaioberriak Asier, Aitziber, Aimar... badira, mundutik doazenak Paulo, Ines, Joxe … dira. Horixe da aldaketa bakarra. Gainontzean, biziaren eta heriotzaren misterioak lehenean jarraitzen du. Gizakiak jaio eta hiltzen segituko du, arrazoiak inoiz argitzeko esperantzarik gabe. Behatoki honek horixe esaten dit.

Heriotza despertsonalizatu egin da; orain pribatuan hiltzen da jendea, nahiz eta eskela ugari ipini egunkarian.

2003/01/17

40

Page 41: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ECCE HOMO

JOAN den larunbatean, Manuel Uncitik El Jesús de Tamayo izeneko artikulua argitaratu zuen periodiko honetan (DVn). Nik ondorioztatu nuenez, Juan Jose Tamayo teologoak Dios y Jesús izeneko liburua idatzi du, eta Espainiako Gotzainen Konferentziak esan du, dagokion batzordearen bidez, teologo horrek ukatu egiten duela Jesusen jainkotasuna.

Ez dakit horrela den, ez naiz hasiko Tamayoren iritzia epaitzen, baina neure gogoeta eskainiko diot irakurleari. Jesukristo derrigorrez Jainkotzat hartu beharrak ez dakit ze abantaila dituen kristauarentzat. Nik alderantziz esango nuke, hau da, gauzak gehiegi konplikatzen direla gure alderdi arrazionalarentzat. Eta, azkenean, fedea arrazionalizatzeko premia sentitzen du gizakiak.

Benetako fededun eta borondate oneko pertsona batentzat, zerk zu garrantzia? Jesukristoren jainkotasunean sinesteak ala Haren irakaspenei jarraitzeak? Haren piztueran sinesteak ala halako enfasiarekin gomendatu zizkigun solidaritatea edo karitatea, maitasuna, bakea eta justizia praktikatzeak? Kristau on batek horiei egin beharko lieke jaramon; sinbologiari bere garrantzirik kendu gabe, noski.

Bai, Jesusi zinezko meritua aurkitu nahi dionak ez dauka Haren giza izatearen aldeko apustua egitea beste erremediorik. Bere ideiengatik bizia ematen duen giza heroi handiaren meritua da Jesusena, eta gizakia den aldetik bakarrik du meritua.

Esaldi hau da Jesusengana benetan bihurtzen nauena eta Jainkoarengana hurbiltzen nauena: “Ez zekiat Jainko hintzen, baina merezi huen izatea”.

Benetako fededuna ez da ibiliko Jesukristo Jainkoa zen ala ez eztabaidatzen. Bere fedearentzat horrek ez du garrantzirik.

2003/02/07

41

Page 42: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

SOLDADU

SOLDADU sartu zen. Ez da itzuliko. Bala sartu diote burmuinean, fusila erori zaio esku artetik, ez du berriro hartuko. Hilotz dago lurrean, ez da altxatuko. Texasekoa, Chicagokoa, Idahokoa, New Yorkekoa… amerikarra zen, eta marine sartu zen. Lanbide hori aukeratu zuen, lanbidea aukera zezakeelako; ez, ordea, lanbideak harentzat gorderik zeukana. Hil egin da. Arrazoi handiz esan dezakegu kasu honetan hil egin da” Ez dugu zertan esanik “hil egin dute”, lanbidean hil baita, Irakeko bidean, irakiarrak hiltzen hilda.

Euskarak zeinen ederki bereizten dituen gertaeren ñabardurak aditz berarekin, laguntzailea aldatze hutsarekin. Eta mingainak horrela hitz egiten badu, bihotzak ere sentitu egiten ditu ñabardurak, eta orduan berehala ohartzen zara heriotza guztiak ez direla berdinak

Ez dira berdinak borondatez soldadu sartu denaren heriotza eta derrigorrez borrokatu behar duen irakiarraren heriotza. Ez da gauza bera hiltzeko bizitzea eta heriotzari ihesi bizitzea. Ez da berdina helikopteroa erori eta hil diren hamabost soldatu amerikarren edo britaniarren heriotza eta azoka batean bake-bakean zeudela txikitu dituzten emakume eta haurren heriotza. Gure bihotzak ez ditu berdin sentitzen, batzuk ia-ia ez ditu sentitu ere egiten.

Gerra hori hasi aurretik ni aurka baldin banengoen, batez ere humanismoaren eta gizabidearen izenean, orain nire barneko gizabidea errebelatu egin zait. Errukiaren eta solidaritatearen sentimenduak gordetzen dituen nire barruko iturriaren kanila itxi egin zait amerikarrentzat eta britaniarrentzat, biktimei emango diet ur guztia.

Nahi duzuena pentsatuko duzue, baina humanismoa eta gizabidea ez dira inpartzialak, baizik eta biktimen alde jartzen dira, eta jarri behar dute.

Gezurra da biktima guztiak berdinak direla. Baina ez da nik hala nahi dudalako, baizik eta munduaren gidari ankerrek ahulenen alde jartzera behartzen nautelako.

2003/03/28

42

Page 43: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

NI

NI hemengoa naiz. Ez dut sentitu beharrik. Banaiz. Euskaldun. Askotan pentsatu dut sentitzea ez ote den ez izatearen ondorioa. Ez daukat ziurtatzerik, nik ez dakit-eta nola sentitzen den. Ulertu eta konprenitu nahi nieke sentitzen direnei, baina ez naiz ailegatzen. Erlatibitatearen legea ere ulertu nahi nuke, baina nire adimenak dezakeena dezake.

Ez pentsatu atzo goizekoa dudanik sentitzearen eta izatearen arteko digresio hori. Behiala Zaldiarango mutil-koxkor bat, hamabi urte eskasekoa, kolegio batera joan zen interno Han bere moduko beste askorekin egin zuen topo, politikaz ezer ez zekitenak, eta Orendainen edo Beizaman mintzatzen zen hizkera baizik entzun ez zutenak. Ordea, haiekin batera, bazen beste multzo bat politikaz asko zekiena, Beizamako mintzamolderik ezagutzen ez zuena, baina txit euskaldun sentitzen zena.

Geroztik, bizitza osoan pertsegitu naute bi errealitate horiek. Saiatu naiz biekin ondo konpontzen, biak uztartzen. Baina, ibilian-ibilian, pertsonak erroetara jotzen du, pragmatiko eta posibilista bihurtzen da, kulturan oinarritzen du etorkizuna. Jakina, horretarako euskal kultura kontsumitzeko gai izan behar da.

Baina badira euskal kulturarik ezagutu eta kontsumitu gabe euskaldun sentitzen direnak. Indar mitikoren baten eraginpean bizi dira. Dirudienez, sentitzeak xarma handia du; askotan, izateak baino gehiago hunkitzen du jendea.

Egia da izaten hasteko ere aurrena sentitu egin beharko dela; izatearekin berarekin jaiotzen ez bada, behintzat. Eta beste kontu bat: badira izan arren sentitzen ez direnak. Hori ere ez da izango ederra!

2003/04/04

43

Page 44: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MUSUA

OSTIRAL Santu zen. Egun pare bat ziren ospitaletik atera zela. Gaixo eta zahar itxura besterik ez zekarren, eta bihotza dolorez beteta, berriz ere munduko ofiziorik zaharrenari, eta miserableenari, ekin beharko ziolako. Herrian sartzean, kanposantuari begiratu zion, eta bere hezurrak lehenbailehen hantxe ikusteko desioa sentitu zuen. Agian, ospitalean hil izan ezaren damua ere sentitu zuen.

Ez zekarren gauza handirik: eskuan fardeltxo bat, arropa zikinez betea. Bat-batean begirada gaiztoak eta maiseoak nabaritu zituen inguruan. Ostiral Santu zen. Irainei erantzungo ote zien egon zen une batez, baina ezpainak irekitzen saiatu zenean ez zuen asmatu, eta malkoek bi errio txiki marraztu zizkioten masailean barrena.

Ostiral Santu zen. Prozesioan zetorren herri osoa. Gurutzea zetorren aurretik, Gizonaren Semearen hilzoria adierazten. Gero Ama Doloretakoa, soldadu erromatarrak, eta apaizak, eta agintariak, eta handizki guztiak, luxu handiz jantzita, purpura eta tertziolepozko estandarte artean, ezpata eta sableen distiraz lagunduta.

Emakumea bakarrik zihoan kontrabidean, behakoak eta hatzez egindako aieruak saihestu ezinik, etxerantz, lanbide zaharrari heltzera, bihotza dolorez beterik.

Bat-batean, emakumeak sekulako atsegina sentitu zuen barrenean, eta bozkario handiak itsutu bezala egin zuen. Bihotzaren taupadek zerbait adierazten zioten. Gurutzearen parera irisi zenean, guretzekoa jaiki egin zen, eta, pauso geldian emakumearengana hurbildurik, musu eman zion bekokian, munduko musurik samurrena.

Gero handizkiek, apaizek, agintariek... mintzatu nahi izan zuten gurutzetik jaitsi zenarekin, baina ez zien hitzik zuzendu, begirada zorrotzak baizik. Eta berriro gurutzera igo zen Gizonaren Semea. Prozesioak aurrera jarraitu zuen.

(Pio Barojaren La sombran oinarritua, moldatua).

Oharra: ez du behar komentariorik

2003/04/18

44

Page 45: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MAITASUNA

BAGDADEKO Al-Mamun Kalifak zaldi ikusgarria zeukan. Omah, tribu handi bateko buruzagia, erabat gustatuta zegoen zaldiaz, aspalditik zeukan begiz joa, eta gamelu mordoa eskaini zion trukean Al-Mamuni. Baina Al-Mamun Kalifak ez zion eman nahi izan. Horrek zeharo sutu zuen Omah, eta zaldia iruzurrean eskuratzeko martingaletan hasi zen.

Omah-ek bazekien Al-Mamunek nondik nora paseatzen zuen zaldiz eta, eskalez mozorroturik eta gaixo-papera eginez, bidearen erdian etzan zen. Al-Mamuni, bihotz oneko pertsona zenez, pena eman zion. Zalditik jaitsi zen, “eskalea” ospitalera eramateko..

“Egunak daramatzat jan gabe, eta ez naiz gauza altxatzeko”, esan zion eskaleak. Orduan, ahal zuen moduan, zaldi gainera igo zuen Omah, ondoren bera igotzeko asmoz. Baina gezurretako eskaleak zaldiari gogor eragin eta hanka egin zuen, Al-Mamun Kalifa atzetik segika zuela, eta gelditzeko hoska. Omah, nahiko distantzia hartu zuela iruditu zitzaionean, gelditu egin zen, eta zaldia, dantzan bezala, jiraka harturik, burlaka ari zitzaion Al-Amuni.

–Ondo dago, zaldia ostu didazu –egin zion oihu–. Orain gauza bat bakarra eskatu nahi nizuke.

–Zer eskatu behar didazu? –galdetu zion Omahek, hark ere oihuka.

–Ez iezaiozu inori esan zaldia nola eskuratu duzun.

–Zergatik, baina?

–Zergatik? Baliteke, egunen batean, bide bazterrean, benetako gaixo bat erorita egotea, eta jendea enteratzen baldin bada zuk egin didazun maltzurkeriaz, agian, kasurik egin gabe aurrera joko du, gaixo errukarria bertan utzita.

Hitz horiek zeharo zentzatu zuten Omah, eta ez zion inori kontatu zaldiaren jabe nola egin zen. Ez zuen inork jakin lapurra zela.

Jukutriak azaltzea inori komeni ez zaigunean, erraza da isilik gordetzea.

2003/05/18

45

Page 46: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GIZA UHINAK

GEHIAGO ezin zuen egun batean, Rufinok, giza harremanetan diskriminatua sentitzen zela eta, psikologoarengana jo zuen. Esan zion: “Begira, nire portaera taldeko edozeinena bezain ona da, eta harremanetan ez dut lortzen beste batzuek adinako arrakastarik.” Hitz arraro batekin erantzun zion psikologoak: “Enpatia falta da zurea”. Ondoren, hainbat azalpen eman zizkion horren inguruan, eta lehen baino okerrago itzuli zen etxera.

Saiatuaren poderioz, halako batean jabetu zen, horratik, delako enpatia horrek zer esan nahi zuen: beste baten tokian jartzeko gaitasuna edo beste baten animo-egoerarekin identifikatzeko ahalmena. Baina ez, ez zen hori. Horrek ez zeukan zerikusirik Rufinok sentitzen zuenarekin.

Azkenean, ibilian-ibilian, berak asmatu zuen teoria bat: giza uhinen teoria. Rufinok dioenez, elementu fisiko baten antzera, pertsona batek uhinak hedatzen ditu inguruan, bere izaerari esker, bere jakinduria dela bide, bere estatus sozialarengatik, bere itxura fisikoa dela medio, posizionamendu politikoa dela kausa, etab. Frekuentzia jakin batean hedatu ere. Pertsona batek hedaturiko uhinak beste batek atzemango baditu, biek, hedatzailea eta hartzailea, sintonia berean egon behar dute, bestela harremana akasduna edo txarra izango da. Beraz, ez da enpatia kontua, sintonia kontua baizik.

Gizarte honetan badago ohitura txar eta iritzi oker bat: sintonia txarra denean, transmisoreari leporatzen zaio errua. Baina, gehienetan, errezeptorea matxuratuta dagoelako izaten da. Errezeptorea matxuratuta egon ohi da, batez ere, hiru arrazoiengatik: konplexu handiak dituelako, transmisorearenganako aurreiritziz betea dagoelako edo harroputz demasa delako. Horietatik libre dagoenarekin ez omen da zaila sintonia ona lortzea.

Harreman onak nahi badituzu, zurikerian ez ibili. Nahi zenukeen harekin harreman ona lortzen ez baduzu, ez kezkatu. Pentsatu 6 mila miloi bizi garela planeta honetan. Denak ez dira izango zure adiskide hori bezalakoak.

2003/05/23

46

Page 47: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MELLO

ANTHONY de Mello Jesuita zen. Esaten dute ez zuela batere orijinaltasunik; esaten dute ez zuela ezer asmatzen, baina kontalari aparta zen. Bazterrera utzitako historia txikiak errekuperatzen zituen, eta ukitzen zuen guztia arte bihurtzen zen haren eskuetan. Hari ikasiak dira hurrengo pasadizoak:

1.- Afaltzeko ordua zen. Diogenes filosofoa lentejak jaten ari zen. Afaltzen ari zela, Aristipo filosofo aberats eta diruduna iritsi zen. Ondasun handien jabe zen Aristipo. Erregeari zurikeria eta lausengua eginez lortu zituen guztiak.

Aristipok esan zion Diogenesi: “Erregearen aurrean burua makurtzen ikasiko bazenu, ez zenituzke lenteja ustel horiek jan beharko”

Diogenesek erantzun zion orduan: “Zuk lentejak jaten ikasiko bazenu, ez zenuke erregearen aurrean makurtu beharko”.

2.- Iparraldeko industria-gizon aberatsa zeharo harrituta geratu zen hegoaldeko arrantzalea bere itsasontzian, lasai etzanda, pipa hartzen ikusi zuenean.

–Zergatik ez zara joan arrantzara? –galdetu zion industria-gizon aberatsak.

–Gaurkoz nahikoa harrapatu dudalako –erantzun zion arrantzaleak-

–Zergatik ez duzu gehiago harrapatzen? –grinatu zen industriala

–Eta zer egin behar dut soberakinarekin –erantzun zion arrantzaleak.

–Dirua irabaziko zenuke eta horrela zure ontziari motorra ipini ahal izango zenioke. Urrunago joan ahal izango zinateke arrantzara, naylonezko sareak erosiko zenituzke. Haiekin askoz ere gehiago arrantzatuko zenuke, eta diru gehiago eskuratuko. Itsasontzi askoren jabe egingo zinateke. Lasai eseri eta bizitza gozatu ahal izango zenuke.

–Eta orain zer egiten ari naizela uste duzu? –erantzun zion arrantzaleak

Anthony de Mello asko behar lituzke Gizadiak. Ez naiz aspertzen haren gauzak irakurtzen. Badakizue, ordea, Opus Deiko apaiz bat, behin batean, telebistan, gaizki esaka barrundatu nuela. Bestalde, Ratzinger-ek kargu hartutakoen zerrendan dago, Cardenal, Boff, Küng eta beste askorekin batera. Hi, baina... gauza hauek ez al ditek erremediorik?

2003/07/04

47

Page 48: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MISIOLARIAK

NAFARROAKO egunkarietan, erruz etortzen da informazio erlijiosoa, batez ere igandeetan eta partikularki uda-garaian: bata apaiz egin dela, besteak urrezko ezteiak ospatzen dituela, halako peregrinazio eta honelako ekitaldi...

Eta, bereziki, udaro bada misiolariren bat herriren bateko seme kuttun izendatzen dutena; batzuetan, Afrikan hainbeste lan egindako apaiza; besteetan, Brasilgo edo Indiako ez dakit zein tokitan gaixoen alde urteak eman dituen fraidea, eta,oraingoan, Liberiatik ihes egin behar izan duen moja.

Itxura denez, misiolari nafar mordoa egon behar du munduan zehar barreiaturik, lan bikaina egiten dutela. Eta lehengoen arrimuan, misiolari berri asko animatzen da oraindik ere urterik urte. Urruneko lurralde zigortu eta pobre haietara abiatu aurretik, Xabierren biltzen dira misiolariak.

Orain arteko guztia normaltzat jotzen dut. Baina bada gauza bat begi onez ikusi ezin dudana. Omenaldi, izendapen eta ekitaldi guztietan hartzen dute parte agintariek. Hori da salatu nahi dudana.

Hain zuzen, Nafarroako agintariak, ideologiaz eta izatez, munduan miseria, injustizia eta heriotza eragiten ari direnen lagunak eta adiskideak dira. Alde batetik, Bush, Blair, Aznar eta konpainiak munduan ezarri nahi duten politika txalotzen dute (miseria eta heriotza besterik ez dakarren politika), eta, bestetik, politika horren ondorioak arindu nahirik ari direnen omenaldietara, dominak eta zorionak ematera, joten dira, inolako lotsarik gabe.

Beraz, hipokresia nabarmena da.

Kristauaren legea da karitatea egitea, baina ez al da are kristauagoa karitate-premia sortzen dutenen aurka borroka egitea?

2003/08/01

48

Page 49: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

HOMOSEXUALAK

ELIZA Katolikoarentzat, homosexualak jatorrizko bekatu bikoitzarekin jaio dira: bata, guztiok ekarri genuena eta, bestea, homosexual izatearena. Vatikanok berrikitan plazaratu du gai horri buruzko dokumentua; inoiz ez dut ikusi dokumentu tristeago eta errespetu gutxiagokorik.

Eliza Katolikoak eskubide osoa du jarraitzaileei orientabideak eman eta moral kontuan gidatzeko. Onartezina da, ordea, bere pentsamoldea gizarte osoari ezarri nahi izatea. Hain zuzen, aipatu dokumentu horretan agintari katolikoei eskatzen die Elizaren dotrina aplikatzeko denei edo euren burua objektore aitortzeko, moral katolikoaren kontrako erabakiren bat hartu behar dutenean; adibidez homosexualak ezkontzea.

Aspaldi esan nuen ezinbestekoa zela moral partikular bakoitzaren gainetik etika unibertsala ezartzea, eta hortik aurrera kontzientzia-eragozpenak ez dit balio.

Era berean, esan behar dut, ordea, badagoela jendea, katolikoa izan ez, erabakiek afektatu ez eta, hala ere, Eliza kritikatzen etengabe ari dena. Hori ere ez da zuzena. Nire ustez, hiru testuinguru nagusi daude kritikarako: Elizak bere morala gizarte osoari ezarri nahi dionean, norbaitek Elizaren beraren barrutik eztabaidatu nahi duenean, edo Ebanjelioaren izenean zerbait esan nahi duenean.

Azkenekoari lotuta, esan nahi nuke zerbait. Exegeta gehienek aitortzen dute Itun Berriak ez duela eskaintzen bekatu sexualei buruzko irakaspen oso eta sistematikorik. Dirudienez, sexualitatea ez da Jainkoarengana iristeko oztoporik handiena, baizik eta injustizia, dirua, legalismoa eta hipokresia. Era berean, ez dago erreferentzia espliziturik homosexualitateari buruz. Baina argi azaltzen da portaera sexual jakin bat baino askoz ere okerragoa dela maitasunik eza.

Eliza Katolikoak hobe luke pederastiaz arduratu eta ez homosexualitateaz. Apaiz homosexuala onargarria da (gainera, zer axola dio zelibea izateko?); apaiz pederasta ez.

2003/08/08

49

Page 50: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EGURALDIA

EGURALDIA beti izan da gai komodina, eta ez bakarrik baserritarren artean, baita gehixeago direla uste dutenen artean ere. Gainera, oso logikoa da baserritarrak eta itsasgizonak eguraldiaz mintzatzea, ardura handiko kontua baita bien ala bientzat.

Aszentsorean norbaitekin topo egiten baduzu, konfiantza pixka bat hartzeko edo isiltasun antipatikoa hausteko, baliabide bikaina da honela ekitea: “Gaur eguraldi polita datorrela ematen du”. Ziur egon ez duzula begirada txarrik jasoko, egon seguru erantzuna izango duzula, haria ez dela etengo. Berdin dio aurrean duzuna amona den, andre gaztea edo motosdun neskatoa izan.

Dantzaleku eta diskoteketan ez dakit funtzionatzen duen. Gure garaian, egia esan, zeharo debekatuta zegoen eguraldiaz hitzik ateratzea, tontotzat edo “kaxerotzat” hartzea nahi ez bazenuen.

Orduan ez baitzen telebistarik, eta ez zegoen señorita dotorerik eguraldiaren berri emateko. Orain, berriz, gogo gehiago ematen du eguraldiaren mapari baino esatariaren gonari begiratzeko. Izan ere, telebistak hamaika gauza ohikotu du. Batez ere, bi gauzek harritzen naute: ruralismoak hartu duen galgak eta animaliei ematen zaien protagonismoak. Gure gazte-denboran, ez zegoen horietaz mintzatu besterik!

Aurtengo (2003) abuztuan, ordea, zeinek ez du izan eguraldia hizpide? Gai batzuk tabu bihurtzen dira, eta begi-bistan eduki arren ez-ikusia egiten diegu. Eguraldiari ez. Badirudi hitz eginez uxatu dugula abuztuko beroa. Eta xehetasun txikienak ere kontatu dizkiogu elkarri. Bizilagunak esan dit, adibidez, aurten eulirik ere ez zela ikusten egun bero horietan; bero handiegiak, dirudienez, jaio ahala kiskali egiten ditu.

Badira pertsonak bizitzaren erdia gu lotsarazten pasatu dutenak, baserritarrak ginelako eta eguraldiaz hitz egiten genuelako, eta beste erdia nekazaritza bilogikoa goraipatzen daramate, zerura begira.

2003/08/29

50

Page 51: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MARIO

IZENBURU hori irakurrita, berehala esango du norbaitek: “Hara! Hau bazihoak orain ere eltzetik baba ateratzera!”. Badakit ez daukadala obligaziorik Mario handiari buruz deus idazteko. Baina... batzuetan badakit ene gogoa errespetatzen ere.

Argazkitan gogoratzen dut nik Mario Onaindia. Lehenengo aldiz, klandestinitate garaian, isilpean banatzen ziren/genituen orri horietako batean ikusi nuen, mutil gaztea zela, non ipintzen zuen Burgosko fiskal militarrak bi heriotza-zigor eskatzen zizkiola. Ondoren, 1970an, epaiketan bertan ikusi nuen, izan baikinen epaiketa hartan. 1977an, mitin batean ikusi nuen, kanporatuta zegoen lekutik ihes eginda etorririk. Geroztik, mitin asko entzun nizkion, baita artikulu ugari irakurri ere. Ados egon ala ez, beti ziren interesgarriak haren hitzak.

Bazuen, hala ere, “gaitz” bat: haren mezua oso konplexua zen beti. Eta gu gauza sinpleak entzuten ohituak geunden. “España!, España!, España!” edo “Euskadi!, Euskadi!, Euskadi!” bezalako esloganek funtzionatzen dute hemen. Mariorena, nahiz eta askok aitortuko ez duten, beste zerbait zen.

Idealista eta praktikoa zen aldi berean. Politika ez zen harentzat printzipio mailan aritzea edo geratzea, baizik eta gizarteko problema praktikoei konponbidea emateko lanabestzat jotzen zuen. Baina bazituen bere utopiak: abskripzio ideologikoen gainetik,

Mundutik bazoaz ta

betiko adio.

Nik ez zaitut ahaztuko

sekula, Mario,

ibili zinelako´

ideia jario.

Ados egon ala ez

Zer axola dio?

2003/09/05

51

Page 52: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PORTAERA

INGURUNE bakoitzak ikuskera eta portaera modu jakin bat ezartzen dio esparru horretako kide bakoitzari. Arazoa dago ingurune batean luzaz bizi eta gero beste batean txertatu behar duzunean, guri gertatu zitzaigun bezala, eskolan berandu hasi ginelako. Ordurako baserri mundua irentsia genuen, bizitzako oinarri asko errotuak, eta has zaitez berriro bira!

Egoera berriaren aurrean, hiru modutara erreakzionatzen du pertsonak: bizimodu berriko gauza asko zentzugabeak iruditzen zaizkio; eta, bestetik, lotsa edo agresibitatea sentitzen ditu. Obabakoaketik hartu eta moldatu dut hurrengo pasadizoa: “Gizon batek sei zaldi zeuzkan saltzeko. Bakoitzeko 1.500 pezetan saldu zituen hiru. Beste bi bakoitzeko 1.300 pezeta hartuz. Azkenekoari, berriz, hanka hautsi zitzaion, eta haragitarako utzi behar izan zuen. Denera, 7.300 pezeta jaso bazituen, zenbat diru eman zion harakinak?”, galdetu zion maistrak Manueli, Mugatseko morroi ttikiari.

Manuelek pentsatu zuen: “Zergatik hautsi zitzaion hanka? Liburu txoro hark ez zuen ezer argitzen. Erantzun aurretik gorri-gorri egin zen, eta hauxe asmatu zuen: “Barren horietan ez dugu zaldirik jaten, señorita”. Denek barre egin zioten. Eta jarraitu zuen gero: “Ez dakit, ba, 15 duro edo”. Orduan barreak algara bihurtu ziren. Beste guztiei 200 pezeta atera zitzaien. Baina pentsatu zuen morroiak: “Joan zaitezte zaldi zahar batengatik 200 pezeta eskatzera, emango dizuete asko!”. Hala, estufari egurra botatzera altxatu zenean, barre gehien egindakoaren pupitrera makurtu eta esan zion: “Hobe duk eskolatik ateratakoan korrika etxera joatea, bestela txikitu egingo haut!”.

Manuel asko izan da gure artean. Haren irudia bizi-bizi datorkik gogora, eta neu eta ni bezalako asko ikusten ditut irudi horretan. Ipuina Bernardo Artxagari ostu badiot, motiboak nituelako egin dut

2003/09/12

52

Page 53: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

OHARRAK

NIK ez dakit zergatik gordetzen ditudan liburuetatik harturiko oharrak paper zaharretan. Gero han azaltzen zaizkit noizbait, usterik gutxien dudan tokian, arratoiek nekez jaten baitituzte oraingo kale-etxe hauetan Hori bai, beste zerbaiten bila zabiltzala (inoportuno hutsak dira) azalduko zaizkizu beti.

Aurrekoan, Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin liburuaren bila nenbilela, demokrazian biolentzia ez-morala al den galdetzen zuen —Miranderen aitzakian— liburuarekin eta neuk idatzitako oharrekin egin nuen topo.

Kalkulatu dudanez, bost urte dira paper horiek gorde nituela. Ez dakit, gaur egun, han esaten ditudanak han esaten ditudan bezala esango nituzkeen, baina fidela izan nahi nuke nire orduko testuarekiko eta, ideia aldetik, dagoen-dagoenean azalduko dut, nahiz eta dezente laburtzeko lizentzia hartu dudan.

Autoreak (portzierto nik autore horren liburu gehienak irakurtzen ditut, pentsamoldez bat ez etorri arren; frankismo garaian amak ganbaran gorde behar izan zidana ere horrexena zen. Marx eta hizkuntza edo horrelako zerbait). Autoreak –esatean nuen– hasieran, demokrata ala abertzaleak garen galdetzen digu, eta ez du onartzen listoen erantzunik: Adibidez, “demokrata eta abertzaleak”. Ez du onartzen efikaziaren aldetik planteatzea ere. Ez omen da hori gaia. Gero (ez dakit berea den edo Miranderi esanarazten dion) hauxe dio: “...euskaldunok ezingo dugu sekula askatasuna lortu demokratikoki”.

Logikoena, debate batean, gaiaren aieka guztiak aztertzea bada ere, jo dezagun biolentzia ez dela ez-morala eta utz dezagun alde bat efikaziarena. Hala ere, gauza bat faltako luke: gehiengoak onartua izatea.

2003/09/19

53

Page 54: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

DIALOGOA

DIALOGO eske dabil jendea. Ez omen da behar adina hitz egiten. Bada, ni ez nago horretan. Iruditzen zait hemen gehiegi hitz egiten dela, eta hitz egitea dela askoren xede bakarra. Hori bai, behar ez den tokian, beti: telebistan eta irratian; eta mitinetan, berriro ere telebistan edo irratian ateratzeko.

Dialogoak baldintza batzuk behar ditu; oraingoz inondik ere ageri ez diren baldintzak. Horregatik, izugarri poztu nintzen, Aznar eta Ibarretxe elkartu zirenean, eguraldiaz mintzatu zirelako.

Gaur gaurkoz, politika tabua da herri honetan, eta tabuaz ez da deus ere esan behar beldurrak eta lotsak ongi uxatu arte. Horretarako, berriz, ezinbestekoa da isiltasuna. Kirolariak aldagelatik bezala, ondo prestatutakoan atera behar du politikoak plazara; hitz hutsak eta hutsalak baino zerbait gehiago eskaintzeko moduan dagoenean; ikusleak dezepzionatzeko arriskurik ez dagoenean. Bien bitartean alfer-alferrik dira planak eta proiektuak.

Inoiz edo behin konponbiderik etortzen bazaigu (eta etor bedi), isiltasunetik etorriko zaigu. Sukalde-txokoan isilka prestatutako egoskariak aseko gaitu edo gosearen gosez hilko gara. “Dialogoa!” lau haizetara hots egitea da dialogorik ez izateko biderik onena.

Bestalde, dialogorik ez zaio inoiz ere eskaini behar dialogoa bera helburutzat daukanari, baizik eta dialogoa bitartekotzat hartzen duenari bakarrik.

Dialogoak eskatzen du: diskrezioa, protagonismo grina baztertzea, dialogoa bera xede ez izatea, politikoki ez instrumentalizatzea, demagogiarik ez egitea, bestea noraino iritsi litekeen jakitea. Hori onartzen da, edo zakurraren putza!

2003/10/03

54

Page 55: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TRANSIZIOAK

AZKENEKO hogeita hamar-berrogei urteotan trantsizio asko izan ditugu: trantsizio ekonomikoa, politikoa, teknologikoa, kulturala eta erlijiosoa (sekularizazioa).

“Sekularizazioa” parentesi artean ipini badut ere, ez da garrantzirik ez duelako; aitzitik azken urteotako fenomeno nagusia da gure artean. Tomas Murok (ez, Morok) esango lukeen moduan, erlijioak ez dauka inolako interesik gaurko gizartean. “Jainkoak” ez du desinteresa baino sortzen. Okerrena ez omen da gero eta kristau gutxiago egotea, baizik eta gero eta ateo gutxiago egotea, hau da, axola ez izatea. Gaur ez da ezer serio hartzen: ez fedea, ez ideialak, ez egia eta ez, oro har, inolako giza balorerik. Axolagabetasun absolutuenean jausten ari omen gara.

Gaurko kulturak bi ezaugarri ditu; gainera, biak ere zaku berean sartzeko modukoak: batetik, “erabili eta bota” egiten da, beste edozein produktu edo objektu bezalaxe; bestetik, bere helburu nagusia da asperdura saihestea edo asperduraz jabetzen ez uztea.

Gaurko zibilizazioaren lema nagusia, berriro ere Muroren iritziz, honako hau da: “Erosi, aurreztu, ibili, edan, jan, aldatu eta hil zaitez bizi izan zaren bezalaxe, hau da, enteratu ere egin gabe”.

Erlijioa edo beste edozein gauza gainditzea ez luke problema izan behar gizakiarentzat. Are gehiago, ona dela esango nuke, baldin eta oinarri sendoak dituen beste errealitate batean kokatzen lagundu izan baligu. Zoritxarrez, ordea, ez da horrelakorik gertatu. “Homo consumens” hutsa bilakatu da gizakia.

Gaurko arazorik larriena ez da ateismoa, axolagabetasuna baizik. Gainera, axolagabetasunetik abiaturik, behartuz gero, edozein da gai erantzun biribilak emateko. Aluzinaturik nago jendeak nola ikasten duen ikasi gabe.

2003/10/24

55

Page 56: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ORBANAK

ORBANAK izaten dira fisikoak eta psikikoak. Zauriaren ondorioa da, beti, orbana. Zauria sendatzen denean, orbanak hartzen du haren lekua. Zauririk gabe ez dago orbanik; ezta, alajaina!, orbanik gabeko zauririk ere.

Data, zigilua eta gertaera baten kronika dira orbanak. Gure gorputzaren eta arimaren historia idazten dute. Askotan, biena batera, zeren gure arima eta gorputza ez dira basoa eta ardoa bezala, baizik eta ardoa eta alkohola bezala, bereizezinak, zeinezkorik gabeak, elkarrekin dira zerbait edo ez dira deus ere. Horregatik, zauritzen garenean, gorputzak beste nozitzen du arimak, eta arimak adina sufritzen du gorputzak.

Bada ilusio tonto bat jendearen artean. Uste du sendatzen dela orbana. Orbana ez da inoiz sendatzen. Disimulatu egiten da denborarekin, baina desagertu inolaz ere ez. Behin gure haragian edo bihotz-barrenean itsasten den seinaleak han iraungo du bizitza osoan. Nik, adibidez, orain dela 56 urtetik daramat orbana bekainean eta, galduko banintz, nire NANetik bezain erraz ezagutuko nindukete orbanetik.

Badira okerragoak ere; alegia, ilusoagoak: iruditzen zaie arimako orbanak senda daitezkeela. "Superatua dut" esaten dute ahoa betean. Ez da egia. Egin dizkiguten jukutriek, iruzurrek, burlek eta irainek, denek, uzten dute orbana gure ariman, eta sufriarazi egiten digute. Hala egin behar digute gainera, bestela ez ginateke gizakiak.

Niri ez zait ezer ahazten. Egin didaten desaiderik txikiena dut gogoan. Baina suerte handikoa naiz, ez orbanak sendatzen zaizkidalako, orbanekin bizitzen ikasi dudalako baizik.

2003/10/31

56

Page 57: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

HILERRIAN

GAUR Santu Guztien Eguna da. Ni ere hurbildu naiz kanposantura, Santu Guztien Egunean protagonismo osoa bereganatzen duen zenduen zelai horretara, baina ez naiz bertaraino iritsi; atean geratu naiz, zelatan.

Zertara hurbildu behar nuen, ordea, hilerrira, barrura ez sartzekotan? Gauzak ondo ikusteko eta neurtzeko distantzia behar da, eta horixe nahi nuen. Gainera, ez dut asmorik landa horretan tokirik erreserbatzeko. Nahiago dut izan haizearen jostailu.

Beraz, ate zirrikitutik begira egon natzaio hilerriari, gogoeta sakona egiten nuen bitartean. “Hire magalean” (neurea, hain zuzen) liburuaren pasarte bat hartu dut oinarri meditaziorako. Hala nioen bere garaian: “Berdin topatuko duk bere bizitza inoren zerbitzuan eman duen apaiz misiolariaren gorpua eta haren ondoan, berriz, ez zekiat zenbat hilketa egozten dioten militarra”. Horixe da kanposantuko errealitatea.

Hori idatzi nuenean, denak berdinean uzteko bizitza honek duen joerak ikara bizia ematen zidan. Eta gaur, nire talaiatik zelatan nengoela, susmoa berretsi egin da, apaizak hau esan duenean: “Hilobi honetan dauden guztiak santuak dira”. Guzti-guztiak?

Han jende asko egongo da azpian; hori esan liteke gainean zebiltzan bisitariak ikusita. Ni ez naiz sartuko azpian daudenen fedearekin, baina gainean bazebilen sekula elizara joaten ez den jendea, fededuna ez dela publikoki aitortzen duen jendea. Ez dakit zertan! Omenaldiek fededunen artean bakarrik dute zentzua. Baina azkenaldi honetan, erruz ari dira ugaltzen federik gabeko erlijioak.

Hemen falta zaiguna da, fedearekin edo gabe, autentikoak izaten irakatsiko digun eskola.

Urtero horrela samaldan kanposantura joaten bagara, horrek, nahitaez, behar du esplikazio psikologikoren bat. Baina esplikazio hori geure buruaren erreferentzian aurkitu behar dugu, eta ez hilen erreferentzian.

2003/11/07

57

Page 58: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BIZITZA

NAUFRAGOAREN oihu ozena da bizitza. Olatuen eta zurrunbiloen kontrako borroka galdua. Ez-ikusia eta ezin-ikusia..

Larri dabil gizona, itsasoan galduta. Bost axola! Itsasontzia igaro da ondotik, baina bere bideari jarraitu zaio; itsasontziak bere destinoa baitu, hori nora eza bada ere.

Oraintxe urpera, oraintxe ur gainera dabil gizona. Irtenaldi bakoitzak ez du hurrengoan beherago sartzea beste alderdirik. Gizonaren burua puntu nimiño bat da ozeanoaren handian. Eta haren begiek, gero eta desesperazio handiagoz, ontzia urruntzen baino ez dute ikusten. Atzean utzi duen ontziko marinelen begiek aurrera begiratzen dute, naufragoaren garrasiak edaritan eta zaratotsetan itotzen dituztela.

Naufragoak ez du heldulekurik, itsasoko ur iheskorra ez bada, indarrak ahitzen ari zaizkio, eta inguratzen duten elementuek gero eta errazago daramate hondora.

Han leize-zulo itxuragabeak irentsi nahi luke. Ez du nora ihes eginik. Aurkitu duen landarediak ez dio balio deusetarako; hala ere, gogor lapatu zaio gizona; horrekin heriotza aurreratzea besterik lortuko ez badu ere, ilusioaren eta engainuaren mende.

Bost axola! Gizonaren herio latza gora-behera, zeruan hegaztiak kantari ari dira, eta arrainek, beti bezala, arrautzak errun eta errun dihardute, euren espeziea galtzeko arriskutik salbatze aldera. Bizitzak aurrera jarraitzen du Jarraitu ezin duena naufragoa da. Etsi du! Han dago, bere adiskide bakarra (heriotza) lagun duela

Eta heriotza partikular horretatik, gizonak hilda ikusten du gizadi osoa. Hilda eta edo ez hiltzeko nola bizi ez dakiela. Itsasontzia bezala, aurrera doa gizadia, bidean naufragoak utzita.

Denok gara naufrago bitzako mementoren batean, itsaso askotan ibili behar baitugu, eta ez dago inor denetan ondo konpontzen denik.

2003/11/14

58

Page 59: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PORROTA

BALITEKE batek porrota izatea eta ez ohartzea; porrota, batzuetan, galtzak atzealdean urratzea bezala baita. Norbera ez beste guztiak konturatzen dira. Denek irri egiten diote; baita berak ere beste guztiekin batera. Uste du grazia aparta duela hizketan eta broman, eta, bien bitartean, ipurdi agerian dabilelako egiten diote barre.

Etxera ere umoretsu iritsi da, eta halaxe jarraitu du, emazteak esan dion arte: “Baina, gizona txori-izugarri ibili izango zara, ipurdia bistan duzula. Ikusten duzu nolako zulo tzarra duzun galtzetan?”.

Kolpean umore txartu da gizona, eta koilara harrika bota du.

–Aizu, nik ez dut errurik! –esaten dio emazteak.

–Ez da hori! Zopa hau ez dago jaterik, kiskaltzen dago –erantzuten dio senarrak.

Bien bitartean, lehertzeko zorian pilatu dira gizonaren baitan galtzen gertaerak eragindako lotsa eta amorrua. Bonba potentea osatu dute, baina ez da lehertuko barre egin diotenen aurka, emaztearen kontra baizik.

Hori izango da haserrearen ihesbiderako ataka, eta sekula gehiago ez da gogoratuko ipurdi agerian ibili zela, baizik eta zopa beroa zegoela.

Horrela funtzionatzen du gure psikologiak. Batek izan litzake porrotak eta frustrazioak amodioan, arlo profesionalean, kirolean... Batzuetan, gauza baten idealizazio edo amets hutsetik datoz porrotak eta frustrazioak. Askotan ez gara ohartu ere egiten porrota edo frustrazioa izan dugula. Gure inkontzientean pilatzen dira denak; eta uste izaten dugu zopa beroa zegoelako edo bazkaria 10 minutu beranduago zerbitzatu digutelako haserretu garela.

Beste batzuetan badakigu motiboa zein den, baina ez dugu aitortu nahi izaten, eta propio saiatzen gara ordezkoaren bila.

2003/11/21

59

Page 60: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ANTZALDATU

MUNDUAN gizon handiak garai guztietan izan dira. Baina, sarri askotan, nola bizi izan dira gizon handi horiek? Pertsekuziopean eta urkamendiko bilurrari begira. Asko dira euren ideiak defenditzearren bizia eman dutenak. Sokratesi zikuta edanarazi zioten, badakigu Galileori zer pasatu zitzaion, ezagutzen dugu Calvinok Miguel Servet nola hilarazi zuen. Eta zenbat gizon handi ez da hil kartzela eta leotzetan! Batzuei historiak ohorea itzuli die, beste batzuei horixe ere ez.

Bada gauza bat oraindik ere gehiago asaldatzen nauena: gizon handiari traizio egitea. Nola egiten zaio traizio maisuari? Haren pentsamolde eta irakaspen jabe eginik, pentsamolde eta irakaspen horiek zeharo adulteratu eta antzaldaturik zirkulazioan ipinita

Adibidez:

Juan XXIII.ak, dohatsu izendatzeko zebiltzala, eztabaida handia izan zuen San Pedrorekin. Erromara itzuli nahi zuen, Aita Santuari eta kardinal guztiei hitz egitera. Ederki kostatuta bada ere, San Pedrok eman zion baimena Aita Santu ohiari. Itzuli zen Erromara, baina ez zuten ezagutu, zeharo argalduta baitzegoen, Elizaren norabidea dela-eta, azkenaldian sufritzen ari zenarekin. Hala ere, lortu zuen noizbait nor zer adieraztea, eta orduan honela mintzatu zitzaien: “Ni dohatsu izendatzea ez baino nik irakatsitako bideari zuzen jarraitzea da garrantzizkoa eta gizalegezkoa”.

Barre egin zioten, eta denek elkar harturik galdetzen zioten: “Esplikaiguzu, mesedez, mundura itzultzeko sekretua, beste guztia utz ezazu gure kontura! Ez al dakizu garrantzitsuena ez dela zuk irakatsi zeniguna, baizik eta guk eman diogun interpretazioa? Azken finean, zu ez zara paseko usoa baino, gu gara hemen gelditu behar dugunak”.

Juan XXIII.a ederki etorri zitzaion Elizari, kedar usainak astindu eta airea pixka bat oxigenatzeko. Berriz ere ari da Vatikanoko zeru gaina kargatzen eta laster dute Juan XXIV.aren premia.

2004/01/18

60

Page 61: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EZINA

BURUMAKUR eta pentsakor atera naiz etxetik, okinaren bozina-hotsera. Inolako motiborik gabe, aterari kolpe handiegia eman diot ixterakoan. Ez ahaztu Madrilgo atentatuen (11-M) shockaren eraginpean nagoela oraindik.

Gure etxeak atari zabala dauka aurrealdean; amaieran, arrosondo sastrakatsu bat dago. Arrosondotik gora bide estu bat hasten da, atariarekin angelu zuzena osatzen duena. Bide horretatik igo, etxarte batean igaro eta herriko plazarekin egingo duzu topo. Hantxe gelditzen da okina, bozina joka. Periodikoak eta ogiak hartu dizkiot, bietatik bina. Ogi bakarrarekin ez gara iristen, eta periodiko bakarrarekin ez gara behar bezala informatzen.

Oraindik Madrilgo atentatuaren oihartzunak nabarmenak dira bataren zein bestearen portadan. Berriro ere bulkada datorkit tripa-barrenik gora, eztarri-zuloraino, itsasoko olatuaren antzera. Sekulako beroa sentitzen dut aurpegian.

Estropezua saihesteko, begiak altxatu ditudanean, burgoi bat ikusi dut bide-bazterrean, zabuka. Lagundu egin nahi nion. Aurrena, eskuan hartu dut, hausturarik ote zuen; ez zeukan. Gero, poltsan nekarren ogitik eman diot papur bat, gose ote zen. Ez zuen nahi. Azkenik, bide estuaren gainaldetik airera jaurtiki dut, pentsaturik, agian, atari zabalera iristerako hegan has zitekeela. Baina arrosondo sastrakatsura erori da. Bila saiatu naiz, baina ez dut aurkitu Eta poztu egin naiz. Ez nuen nahi konpromiso berririk. Ezinaren aurrean, joera izugarria daukagu begiak ixteko edo, zerbait bere kasa ezkutatzen denean, pozteko.

Aise errukitzen gara, erraza da errudunak aurkitzea eta solidario azaltzea. Zaila da benetan laguntzea. Nik zer egin dezaket hemendik aurrera Madrilgoen alde?

Zalantza handiak izaten ditut, kale bazterrean eskale bat ikusten dudanean, txanpon batzuk eman ala ez. Ez al da Gobernuen kontua beharrean dagoenari laguntzea, nik nire zergak zuzen ordaintzen baditut? Arazoa da ni Gobernuei erreklamatzen ari naizen bitartean eskaleak ez daukala jan gabe egoterik.

2004/03/21

61

Page 62: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ANDOLIN

Sail anitzeko “segaria” zen Andolin Eguzkitza, baina sail guztiak etxe berarenak ziren, Euskal Herriarenak. Ideia tinkoduna zen, baina eroapen handikoa ere bai berak bezala pentsatzen ez zutenekin. Ikasia zen, oso ikasia. Hain zuzen, bizitzak berez eman ez zion iturriko ura, gero pertzka bildu behar izan zuen etxeko depositura, esfortzu handia eginez: erdaldun izatetik euskaldun izatera pasatu da familiarik gehiena. Ez zien beldurrik hitzei: uste zuen sentitzen zen hura egokien adierazten duten berbak erabili behar direla beti. Aitari ikasi bide zion hori. ‘Separatista’ hitza beldurrik gabe erabiltzeko eskatzen omen zien hark, eta halaxe egiten zuen. Inolako harrokeriarik gabe (Andolinengan ezinezkoa zen harrokeria) esaten zuen, baina irmotasun osoz.

Andolin aspaldi samarretik ezagutzen banuen ere, aurrez aurre ez nintzen inoiz egona, ETBko Firin Faran programan elkarrekin topo egin arte. Hain zuzen, programari ekiteko zain egoten ginenekoak dira haren konfidentziak eta nire ondorioak. Hizlari bizia eta atsegina zen. Bi mundu guztiz diferentetatik gentozenez, horixe bera izan zen hizpide, sarri askotan, gure artean. Nire mundu erreferentziala eta harena, nahiz eta azkeneko urteetan uniformazioak lan handia egin duen, ezberdinak ziren, baina hori zen inoiz ere oztopo elkar ulertzeko eta elkarrengandik (batez ere nik harengandik) zerbait ikasteko. Nire mundua eta harena osagarriak ziren: bitarikoa da Euskal Herria.

Sentsibilitate handiko pertsona zen. Zeharo hunkitzen zen etxean izandako tortura-kasu bat gogoratzean. Azkenik, langile handia. Egin dituen ikasketak, izan dituen karguak, eta hartzeko asmoan zebilenak dira horren lekuko.

2004/03/28

62

Page 63: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERRETZAILEA

NI erretzailea nintzen; oso gazterik hasia, gainera! Tabako klase guztiak ezagutzen nituen, beltzenetik (arto-bizarrak barne) hasi eta rubioeneraino: Peninsulares, Celtas, Ideales, Jean, Ducados, Bisonte, Camel, Chesterfield, Lucky Strike...; baita Rosli eta Farias puruak ere. Uste dut batzuk ezkutatu zirela merkatutik; beste batzuek hor segituko dute oraindik.

Ordea, erretzailea nintzela ziurtatzeko emandako froga horren ondotik, esan behar dut 30 urte daramatzadala tabako-izpirik ahoan sartu gabe, tabakoari usainik ere egin gabe. Ez dakit horrek beste ezer adierazten duen, baizik urte mordoa pilatu zaizkidala bizkarrean (niri ere, Lazkao Txikiri bezalaxe, urteak ez zaizkit-eta joan, bertan geratu baizik).

Dena dela, gauza bat behintzat, argi dago: ez naiz azken urteotako modak samaldan ugaritu duen ez-erretzaileen taldekoa; ez naiz, beraz, konbertitu berria, eta ez daukat, San Paulok bezala, kristauak asasinatzetik paganoak hiltzera pasatu beharrik; ez dut nahi gurutzadarik, gure aita zenak esango zukeenez, ‘pumatzaileen’ kontra.

Horregatik, oraingo fobia berri horrek ez dit inolako graziarik egiten, ez diot sinpatiarik, eta ez ditut onartzen erretzaileen kontrako eraso legal horiek. Gehiegizkoa iruditzen zait, erretzea, toki publiko guztietan debekatzea. Hain kaltegarria ote parke publiko batean edo hondartza lasai batean zigarro bat erretzea, bakarrik nahiz konpainia onaren konplizitatean?

Irlandan, alajaina!, debekatu egin dute jatetxeetan erretzea ere. Non arraio erre behar dute orduan? Ohean edo...?

Cuando las barbas del vecino veas cortar, pon las tuyas a remojar

2004/04/04

63

Page 64: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BIZITZA PRIBATUA

PERTSONA eta pertsonaia asko kexatu izan da, bere bizitza pribatua berea dela esanez. Begi-bistakoa denez, kexua dator pribazitate hori errespetatzen ez delako. Batzuek, oraindik, haratago jotzen dute. “Nire bizitzarekin nahi dudana egingo dut nik”, esango dizute. Gizarteak ere, teorian bederen, horrelaxe onartzen du. Hori da politikoki zuzena, orain esaten den bezala.

Ni ez nator bat. Horixe baino konplexuagoa da kontua. Kasuak eta kasuak daude. Batzuetan, pertsona baten bizitza publikoak eta pribatuak bakoitzak bere bidea du, eta ez dago elkarren artean interferentzia kaltegarririk edo kontraesan nabarmenik. Gainera, kontraesanik balego ere, ikusi beharko litzateke kontraesan horrek nori erasaten dion: norberari ala publikoari. Adibidez, familian frantsesez egiten duen euskal idazlearen kontraesanak, berez, ez dauka zerikusirik publikoarekin. Gauza bera esan liteke harakin barazki-jaleaz edo gaztarik jaten ez duen artzainaz (eta asko dira).

Ordea, ez da gauza bera etika eta portaera kontuan sartzen garenean. Esate baterako, guztiz kritikagarria iruditzen zait abortuaren aurka dagoen abortista. Edo garraio publikoa gomendatu eta egunkaria erostera ere auto partikularrean (ofizialean ez bada) joaten den politikoa.

Kirola da beste gai sentsible bat. Kirolariak esan al lezake “nik nire bizitza pribatuarekin nahi dudana egingo dut?”. Adibidez, pilotari bat azal al daiteke frontoira, publikoaren aurrera, trabesak egiten diren tokira, aurreko gaua berak deritzon moduan, ez erretiro ez bestelako, pasatuta? Edo futbolari bat zelaira baldintza negargarrietan bere “eskubide” pribatuaren babesean?

Nik uste dut bizitza publikoan sartu nahi duen guztiari exijitu behar zaiola bere bizitza pribatua erakuts dezan, publikoan eragina izan dezakeen zatia bederen. Adibidez, ezinbestekoa da jakitea politiko batek zer ondare daukan politikan sartu aurretik.

2004/04/25

64

Page 65: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

MAIATZA

MAIATZEAN gaude, eta lore-hila da. “Goazen, goazen guztiok Birjina Amagana, eskaintzera bihotzez loretxo eder bana”. Nostalgia diozu maiatzari, nostalgia kantuari, eta lore-usainari. Lorearen distirak erakartzen zaitu. Alabaina, antipodetan bizi zarete. Lorea guztiz konforme dago bere izatearekin, eta zu ez. Aldaketa barik; haztea da lorearen kezka bakarra. Zuri, aldiz, beste bat izan nahiaren irrikak urratzen dizu barrena, eta, aldatzeko grinaren grinaz, ez zara hazi. Ez zara arbazta bat baino.

Bai, aldatu egin nahi zenuen, baina ibaiari bere betiko ubide naturala mozten bazaio, are eta trumilkago etortzen dira urak, eta uholde bihurtzen dira. Zenbat eta gogo gehiago izan aldatzeko, orduan eta zailagoa da aldatzea, eta zuri horixe gertatu zaizu: aldaketarik txikienak ere urradura eta liskarra sortzen ditu zure baitan, indarraren poderioz egin nahi baituzu dena.

Zuk aldatu egin nahi zenuen, eta, horretarako, gogor saiatu zinen maiatzeko abestia ahanzten, alegia: “Goazen, goazen guztiok Bir..”. Eta, agian, horixe abestuz ibili beharrekoa zinen, esan nahi baita, sustraiak errotik ebaki gabe zegokizun aldaketa, baina ez... “Fuera iragan guztia!” esan zenuen, eta mirarien zain jarri zinen, mirariak ukatuz. Mundua besapean hartu nahi zenuen, arbi-burua bezala, maiatzeko loreei asunak deitu zenienean, asunak zeure kolkoan zenituela ohartu gabe.

Hobea izan nahi zenuen; agian, Jainkoa aurkitu; zoriona erdietsi. Baina benetan diotsut: ez zara inoiz aldatuko, ez bazara bihurtzen lorearen antzeko. Onar ezazu zeure burua zaren bezala; utzi aldatzeko grinari eta bilaketari, eta ikusiko duzu nola aldatuko zaren, lehengo antzik ere ez duzu izango!

Txorotzat hartzeko beldurra baino handiagoa da abesti horrek bere barruari eragiten dion zirrara. Argazki handi bat ikusten dut; argazki polita, jadanik existitzen ez den mundua azaltzen dena.

2004/05/02

65

Page 66: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PANFLETOAK

ASPALDI utzi nion panfletoetan sinesteari. Egia-itxurako esaldi borobilez hornituak egoten dira panfletoak. Konbentzitu barik, inoren sentsibilitatea ukitzea izaten da helburua, eta, sentsibilitate horren bidez, panfletoak dioena bere eginaraztea. Jeneralean, baieztapen asko eta argudio gutxi egon ohi da; baina, hori bai, irakurlearengana erraz iristeko moduko esloganak.

Gehienetan, testua amaitzen den tokian, sinadurak ezartzeko saila hasten da. Oraintxe ere badaude gure euskaltegiko iragarki-taulan pare bat kausaren aldeko zerrendak. Horietako bat da Urnieta inguruan egin nahi duten erraustegiaren aurkakoa.

Nik ez dut, oraingoz, sinatu, eta egunero gogorarazten dit bakarren batek ea ez dudan sinatu behar, ea erraustegiaren alde nagoen. Ez nago erraustegiaren alde, eta ez nago kontra. Gertatzen dena da ez dudala nahiko informaziorik, niretzat ez baitira aski panfletoak. Norbaiten iritzi kualifikatuaren zain nago, norbait inpartzialak emandako iritzi kualifikatuaren zain; baita beste alternatiba hobe bat planteatzen duenaren zain ere; ezin baitzaio esan denari ezetz.

Hala ere, uste dut azkenean sinatu egingo dudala. Izan ere, nik exijitzen ditudan baldintzetako bat (ondorioei buruzko iritzi kualifikatuarena) ari da betetzen apurka-apurka. Horien tartean sartu behar da joan den igandean, periodiko honetan, J.C Ruiz Villandiego medikuak idatzi zuen “Incineración y prevención médica” izeneko artikulua. Ez naiz hasiko erraustegien aurka ematen zituen argudio guztiak hemen zeharraldatzen, baina, ni bezala, egia jakin nahian dabilenarentzat oso interesgarria da.

Orain, beste norbaitek eskain dezala erraustegia baino alternatiba hobea.

Garaian garaiko kontuak. Panfletoak ez dira 60 urtekoarentzat.

2004/05/09

66

Page 67: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IRUDIAK

IRUDIAK bi eratakoak dira: ikusten direnak eta imajinatzen ditugunak. Batzuk ez dira besteak baino errealagoak, eta hauek ez dira haiek baino beldurgarriagoak. Estatu Batuetako soldaduek Irakeko presoei egindako torturei buruz ari naiz. Arima dardarizoka ipintzeko moduko irudiak ikusi ditugu. Bat gogoratzearren, aipa dezagun Lynndie England neska soldaduaren pose sadikoa. Hala ere, irudi hori ikusteko “suertea” izan dugu, baina nago beste batzuk ez ditugula sekula ikusiko, eta ikusi ditugunak baino askoz ere gogorragoak imajinatzen ditut.

Gainera, inork ez dezala pentsa Irakeko torturen afera hori lau soldadu txatxuren kontua izan denik. Sabrina Haramek (beste neska soldadu bat) esan duen bezala, soldaduek ez dute egin goikoen ordenak betetzea besterik. Eta azaldu du torturaren helburua ere: presoei informazioa ateratzea. Esan ez balu ere bagenekien.

Donald Rumsfeld Defentsa idazkariak barkamena eskatu du gertaturikoagatik, erantzukizun osoa bere gain hartzen duela. Baina ikusi ditugun irudiengatik eskatu du barkamena eta irudi horien gaineko erantzukizuna bakarrik hartzen du bere gain. Beraz, erantzukizunaren zati txiki bat baino ez du onartzen; izan ere, hamar aldiz handiagoa juzgatzen dut ezkutuan geratu den drama. Bestalde, onartzeak dimisioa izan beharko zuen lehenengo ondorioa; bestela, zer onartze klase da hori?

Hipokresia.

Irudien beste ezaugarri bat trukakortasuna da; batik bat, ikusten ez diren irudiena. Amnesty Internationalen esanetan, mundu zabalean, ehunka herrialdetan gordetzen dira torturaren ezkutuko irudiak, eta batzuk guregandik oso gertu. Torturaren ezkutuko...., torturaren...

Tortura aipatzean, Andolin Eguzkitza zena etortzen zait gogora; gai horri dagokionez, oso esperientzia gogorrak bizitako pertsona baitzen. Malkoak ateratzen zitzaizkion tortura hitza entzun orduko. Bere onetik ateratzen zen norbait torturatua izan zela jakitean. Izan ere, gizon sentibera eta fina zen. Eta eredugarria.

2004/05/16

67

Page 68: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EUROPA

NI ez naiz ausartzen europarra naizela esatera. —Hara, hemen diagu betiko “listilloa” —. Oinarria eta funtsa geografia baldin bada, tira! Baina, kulturaz, esloveniar batengandik ala nikaraguar batengandik ote nago hurbilago? Hasteko, esloveniar bati ez diot tutik ulertzen eta nikaraguar bati, dena. Europa, zerbait izatekotan, izan liteke proiektu bat, baina zertan gauzatuko den oraindik inork ez dakien proiektua.

Alde horretatik, modan dagoen terminologia erabiltzearren, euroeszeptikoa nintzateke.

Makroekonomia eta merkatu librearen ikuspegitik izan liteke interesgarria Europaren proiektua. Jadanik badela esango nuke. Baita estrategia politiko eta militarraren aldetik ere, baina Europa sozialaren kontzeptua behar bezala asimilatua eta integratua ote dago proiektu horretan? Urrutira joan gabe, hor dago immigrazioaren arazoa, eta zer irtenbide ematen ari da? Poliziala? Edo Espainia bezalako estatuak pateren kontrako harresi eta oztopo gaindiezin bihurtzearena?

Bloke handiak eta indartsuak egitea ez da txarra, baldin eta bloke horren indarra benetako inperialisten aurka eta herrialde pobreekin solidarizatzeko erabiltzen bada. Ordea, sarritan aldrebes gertatzen dira gauzak.

Kontinente zaharra hor dabil berritzeko asmoz baina joan den igandeko (2004-6-13) hauteskundeei, hobeto esan, abstentzioari erreparatzen badiogu, ez dirudi hiritarren artean entusiasmo handirik piztu duenik. Izan ere, hori bazen kanpaina! Konstituzio berria egiten aritu eta inork esan al digu ezer horri buruz?

Nolanahi ere, puntu batean, behintzat, oso hanka-motz geratuko den tankera hartzen diot. Herrien Europa nahi genuen, eta Estatuena izango da.

Europa Amerika bezain urrun dago niretzat. Asia baino gertuago. Australiaren pare.

Rikardo Arregik bere 22/23 urterekin, 60ko hamarkadan, honela ikusten zuen Europa:

Europa batasun bidean abiatu den honetan, gu ez gaitezke egon bestaldera begira; gure izaera eta pentsaerari uko egin gabe, Europaren orduan ipini behar dugu erlojua.

Geuk egin behar dugu bidea Europan, besteren esku utzi gabe, bestela bazterrean geratuko gara; pertsonen eta herrien Europa osatu behar dugu; Europa ez da itxaropena, beharra baizik.

Baina Europak ez du izan behar eskapismorako bidea; hemengo gaitzak ez dira sendatuko Europara begira egonda bakarrik.

2004/06/20

68

Page 69: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERABILI ETA BOTA

EZ dira bakarrik kleenexak eta paperezko kuleroak erabili eta botatzen direnak. Gaur dena jarri da horrela. Erabili eta bota edo entzun eta ahaztu. Esango nuke kontsumismoak ekarri duen patologia dela, edo presaka bizi beharrak sortu duen gaitza. Ibilgailu onak dauzkagu, toki jakin batera azkarrago iristeko. Zer axola digu, ordea, lehenago edo geroxeago iritsi, gero han lasai ibiltzeko egonarririk ez badugu? Kuestioa ez baita denbora aprobetxatzearren azkar ibiltzea, baizik eta hara eta hona ibiltzea, denbora alferrik galtzen.

Giro horrek bazter guztiak kutsatu ditu: musika lasairik ez duzu inon entzungo, guztiz estresantea baizik; auto- eta moto-karrerek gero eta arrakasta handiagoa dute, zarata eta abiadura beste ezer eskaintzen ez badute ere; Soroa, Arriaran, Barberito eta konpainiaren garaitik zenbat bizitu diren pilotak!, orduko pilotekin eta orduko erritmoan jokatuko balitz, frontoian erdi hutsik ikusiko genituzke beti; hein handian, non dagoela uste duzue Titinen arrakasta?, ipintzen duen erritmo bizian.

Presaka bizitzeak sekulako astindua eman dio gure hizkuntzan hitzak ordenatzeko sistemari edo sintaxiari ere; gaur ez du balio ordena tradizionalak, entzun ahala deskodifikatzeko moduko diskurtsoa egin behar da, eta, hizkuntza bizia eta bizirik iraungo duena nahi badugu, gauza asko aldatu beharko ditugu. Adibidez, “Iñigo Paskualek indarrean etorri zaion pilota hori ez du eraman” esan ordez, beste hau esan beharko dugu: “Iñigo Paskualek ez du eraman indarrean etorri zaion pilota hori”.

Ez nazala inork jakintsutzat hartu. Jainkoak guarda! Zirikatzaile inpertinentea baino ez naiz. Akuiluaren eztena, idiei kolpeka; idiak ondo doazenean ere.

2004/06/27

69

Page 70: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BEHIN BATEAN

HASTEN da Gandiaga: “Behin batean, bazen gizon bat gizon zenik ere ez zekiena”. Baina jakinda ere zer? Nork errespetatuko du?

Eta hasten da Lizanasoro: “Batzuetan (...), esan nahi dugunaren kontrakoa esaten dugu, eta gero adierazpenak ez du atzera bueltarik edo konponbiderik”. Ordea, hori ez da makurra. Makurra da batzuetan nahi duguna esaten dugula, eta horrek ere ez duela atzera bueltarik, eta zigorra jasoko dugula.

Hasten da Mendizabal: “Baina maiseoa, gaizki esana, zorra da beti. Horregatik hainbeste eta hainbeste kalte-damu isil (gorri, berde eta zuri) gero gurean”. Baina hemen jendea prest dago ahanzteko, damua egiazkoa bada.

Eta dio Esnalek: “Jai eta festa askok dute bere kantua”. Baina, horretarako, kantariak, nahi duena eta nahi duenari kantatu behar dio, San Fermini zein San Pankraziori. Eta kantariak kideak behar ditu, eta ez, ikusitakoan, oholtza gainetik ihes egingo dutenak.

Eta dio Iraolak: Behin batean, bazen gizon bat gizon izatea garesti ordaindu zuena. Olatu handi eta arreba askoren artean hazi zena, sentsibilitate berezia atxiki zioten, eta kantatzen ikasi zuen. Poemak kantatzen zituen, zeinenak ziren erreparatu gabe. Hori bai, uzten zioten tokian kantatzen zituen. Eta itsasoari besarkaturik hil zen, sorlekutik urrun, baina ezertaz damutu beharrik gabe. Eta haren hiletan uste ez baino jende gehiago ikusi nuen, eta bat baino gehiago geratu zen joango litzatekeenean, oraindik ausartzeko goiztxo delakoan. Eta hori da, Fenixen antzera, bere errauts artetik berriro jaiotzea Orain izar artetik begira dago, lasai, badakielako historiak zorra kitatuko diona.

Ez dut ulertzen gizon hark zergatik hartu zuen bere gain horrenbesteko gurutzea! Ez dut ulertzen. Ez dut ulertzen zergatik hartu genuen posizionamendu konkretu baten sinbolotzat, eta zergatik erabili genuen posizionamendu hori zigortzeko orduan ere sinbolotzat, zergatik izan den gure chivo expiatorio-a. Ez dut ulertzen. Hori guztia kantariren batek esplika diezadan nahiko nuke.

2004/07/11

70

Page 71: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERLIJIOAK

GAI ote nintzateke inolako erlijio-zantzurik gabeko giroan bizitzeko, nahiz eta neu nahiko hotz ibili fede kontuan? Pentsalari handi askoren ustean, bizitza espirituala ezinbesteko osagaia da demokraziak funtziona dezan. Gainera, pertsona askorentzat ez dago beste aterabiderik. Izan ere, zenbat jende dago bere sentimendu erlijiosoa eta fedea kulturagatik, ideologia, artea edo filosofiagatik ordezka ditzakeena?

Baina Europak ondo egin du Estatuaren izaera laikoa azpimarratzea eta erlijioa dagokion lekuan kokatzea: esparru pribatuan.

Erlijioa definizioz “intolerantea” da, egia osoa berea bakarrik balitz bezala jokatzen du, ez da gai beste burubide bat dutenekin elkarrekin bizitzeko. Ondo asko dakigunez, kristautasunak gogor egin zuen borroka beste erlijio batzuen aurka; islamismo erradikalenak bezain gogor.

Ordea, Estatu laikoak ez du esan nahi gizarteak ateoa edo agnostikoa izan behar duenik. Esan nahi du Estatuak konpromiso serioa hartzen duela herritarren erlijio guztiak errespetatzeko. Besteena oztopatzen saiatzen ez garen bitartean, eskubide osoa dugu nahi dugun erlijioari atxikirik bizitzeko. Gehiago esango nuke, uste dut badugula eskubidea gure ideologiaren arabera gizartean eragiteko, baina inolako inposiziorik gabe, demokratikoki.

Dena dela, erlijioen historia inposizio-joeraz josia dago. Katolizismoak, Estatuaren erlijio ofiziala zelarik, luzaz inposatu zituen bere arauak bizitza pribatuan, islamismoak bezainbeste. Alabaina, badira kontrako esperientziak ere: Iraultza frantsesa, sobietarra, Txinakoa... ahalegindu dira erlijioa errotik desager dadin, baina ez dute lortu gizakiaren bihotzetik sentimendu erlijiosoa erauzterik.

(Vargas Llosaren artikulu batean inspiratua)

Vargas Llosak ere badaki batzuetan ondo idazten.

2004/07/18

71

Page 72: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PLASTIKOZKO BOTILA

USTE dut Kierkegard-ek (buruz ari naiz) esaten zuela gizonak berak bakarrik egin behar ziela aurre benetako galdera transzendentalei. “Gizona beti bakarrik geratzen da, bere kontzientzia beste lagunik gabe, bizitzako konpromiso latzenen aurrean”.

Ez gara plastikozko botila ur gainean baino. Halakoxe material klasez eginak gaude, ez gara hondoratzen, eta hori izugarrizko garaipena iruditzen zaigu, baina ez ote gara konturatuko ur korronteak berak nahi duen lekura garamatzala?. “Nora noa?” galdetu behar genuela ohartu orduko itsasoak irentsi gaitu.

Noraeza orokorra da bizitza honetan, baita ustez bide zuzenean doazenen artean ere.

2004/08/05

OHARRA: argitaratua?

72

Page 73: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

SAN BARTOLOME

BIHAR, San Bartolome. Amezketako festak guretzat, nahiz eta toki gehiagotan ere ospatzen diren Sanbartolomeak. Urte luzeetako ohituraren poderioz, hor jarraitzen dugu herriko festak santuren baten aitzakian egiten Ez al da harrigarria, fedeak horrenbesteko atzerakada egin duenean eta erlijioak bizitza sozialaren erreferente izateari utzi badio, oraindik ere Sansebastianak, Sanblasak, Santagedak, Sanprudentzioak, Sanisidroak, Sanjuanak, Sanpelaioak, Sanpedroak, Sanmartzialak, Sanferminak, Sanignazioak, Sanbartolomeak, Sanmateoak, Santafeak, Sanmartinak. Santalutziak edo Santomasak ospatzen jarraitzea? Orate pro nobis! Inertziak badu indarra!

Noiz arte jarraituko dugu horrela? Agian, denbora asko ez. Laster, esplikazioen eta esplizitazioen aroan sartuko gara. Azpeitiarrek esango dute: “Datari eutsiko diogu, baina gure herriko jaiek ez dute inolako loturarik eta zerikusirik San Ignaziorekin”. Zarautzen berdin egingo dute San Pelaiorekin edo Irunen San Martzialekin, Zumarragan Santa Isabelekin, Zumaian San Telmorekin eta beste guztietan bakoitzak berearekin. Orain ere praktikan horixe bera gertatzen ari da. Hala ere salto handia dago hortik egoera hau erabat argitzera.

Gauzak argitzeak izango ditu bere ondorioak: nostalgiko asko esnaraziko du bere lozorrotik eta gogor erreakzionatuko du aurka; beste batzuek, “politikoki zuzenak” deitzen diren horiek, txaloka hartuko dute neurria; baina gehienek, beti bezala, axolagabetasuna mortala erakutsiko dute.

P.D. Ikusten dudanez, askoz errazagoa zen SANTU izatea SANTA izatea baino; hori frogatzeko, ez dago burura etorri ahala osatu dudan zerrenda horri erreparatzea besterik.

Horra hor klabea, jarrera asko ulertzeko.

2004/08/23

73

Page 74: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BEREZKOTASUNA

BERTSOZALEOK garrantzi handia eman ohi genion berezkotasunari, harik eta Amurizak esan zuen arte bertsotan ere ikas zitekeela. Ikasitako guztia kontzientea da, jakinaren gainekoa, bat-batekoaren kontrakoa.

Eta ikasi, Amurizak dioen eran, denetarik ikas daiteke; baita portaerak ere. Ikaste ororen azpian motibazioa dago. Motibazioak mila eratakoak izaten dira. Adibidez, portaerak ikasten ditugu, gizartean hobeto moldatzeko eta abantailarekin jokatzeko. Ikaste-mota hori, beraz, zuhurtzia eta maltzurkeriarekin dago erlazionaturik.

Ondorioz, pertsonaren alderdi onak inkontzientearekin lotuago daude. Oharkabean burutzen ditugun egintza onek dute meritua. Jabetzen bagara on egiten ari garela, orduan on egiteak baino indar handiagoa hartzen du banitateak: “Zeinen onak garen”, esango diogu geure buruari.

Portaerak ikasteak mozorrotu egiten du pertsona; berezkotasuna galaraziz, artifizial bihurtzen da: artifizial egiten du barre, artifizial agurtzen du, kortesiari sinpatia deitzen dio, eta egoismoari altruismoa; itxurakeria besterik ez da dena.

Mozorrotzen ikasteak esfortzua eta entrenamendua eskatzen ditu. Iturriko ura bezala, berez ematen den hark ez du entrenamendurik eskatzen, eta pertsona bihotz-zabalak iturriko ura bezalakoak dira: natural-naturalak. On egiten ari direnik ere ohartu gabe egiten dute on.

Batzuk obsesionaturik daude on egitearekin edo santu izatearekin. Eta mundu zabalera irten dira merituak egitera, etxean mila obligazio utzita. Baina meritu bila dabilenak ez du meriturik; “per se” praktikatu behar da ongia.

2004/08/? edo argitaratu gabea

74

Page 75: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

HIZPIDEAK

URTEROKO bazkaria genuen. Hamaikako polita juntatu ginen, jaten eta edaten beldurrik gabea eta beste gauza batzuetan ere, oraindik, ondo moldatzen omen dena! Hala bedi luzaz. Nik mahaikoa baiezta dezakek. Horretan zerbitzu ona izan dugu beti eta hala daukagu oraindik, nahiz eta aurten inoiz baino bortitzago entzun: “hemendik aurrera zenbat behar diagu, ba, guk?”.

Bai, sumatu nuen aldatu egin garela. Barrundatu nuen hizpidea aldatu egin dela. gure artean. Jakina, ez nintzen ohartzen lehenengo erretiratuak ere baditugula koadrilan eta, batzuk hasi badira, besteak ere hor gaudela zain, ate-joka. Horrek hizpidea aldatzen du. Logikoa. Hizpidea nola ez da aldatuko, bizimodua tamaina horretan aldatuta?

Bizitzako etapa bakoitzean aldatzen da bizimodua, eta hizpidea ere bai: eskolan hastean, lanari ekitean, guraso izatean, lanari uztean... Eta etapa bakoitzak hizpide diferenteak eta kalkulu ezberdinak eragiten ditu. Eskolan, jolasa da hizpide; kalkulua, berriz, maisua nola engainatu. Lanean, jaia da hizpide eta soldata, kalkulu. Guraso egitean, haurrak dira hizpide eta oporretara joaterik izango ote dugun, kalkulu. Erretiratzean, osasuna da hizpide eta kalkuluari uko egiten zaio, dena argi baitago: “hemendik aurrera zenbat behar diagu, ba, guk?

Hala ere, nola animatzen genuen elkar: “hurrengo urtean ere egin behar diagu, eta hurrengoan eta hurrenagokoan”. Horrela erruz luzatzen da denbora, eta bizia. Bestalde, adostu genuen gutxi direla funtsezko gauzak bizitza honetan, eta ez dagoela arrazoirik ilargia zakuan sartu nahian bizitzeko.

Azkenik, deliberatu genuen damutzeko astia baino hobea dela damutu beharrik ez izatea.

2005/03/13

75

Page 76: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IHESI

HONTZA eta usapala adiskide egin ziren, harreman ona eta estua lortu zuten. Egun batean, ordea, beste toki batera martxa egiteko prestatzen sumatu zuen usapalak hontza

—Hontza maitea, bazoaz ala? —galdetu zion.

—Bai, banoa —erantzun zion hontzak.

—Zer dela eta erabaki hori? —jarraitu zuen usapalak.

—Egia esan behar badizut, hemen ez naiz eroso sentitzen —aurreratu zion hontzak—. Nire oihua ez dute gogoko; hori dela eta, burla egiten didate, iraindu eta mespretxatu egiten naute. Ezin dut gehiago!

—Adiskide jatorra, ez ote zaude oker? —esan zion usapalak—. Dena dela, oihua alda badezakezu, aurrera!, zoaz lasai. Aitzitik, aldatu ezin baduzu, zertarako ibili inorengandik ihesi? Lurralde berriko jendeak ere ez du gustuko izango zure oihua, han ere hemengo arazo berberak izango dituzu, han ere zakurrak hanka-hutsik aurkituko dituzu, alferrik joan izanaren damua baino ez duzu sentituko. Bene-benetan diotsut, ez da oihua aldatu behar duzuna, baizik eta zure jokabidea oihua gustatzen ez zaienekiko. Ez dut esango zuk ez dakizunik, askotan errepikatu baitugu nik neuk eta beste batzuek ere. Bizitza gogorra da, mespretxu asko jasan beharko duzu, baina ez diezazutela gehiegi erasan; saia zaitez zeure burua, den bezala, onartzen, ahal bezain ongi gauzak eginez; onar ezazu zeure oihua, noraezean ihesi ibili gabe. Onar itzazu sufriarazten dizutenak ere, horrela baizik ez da-eta desagertuko zure sufrimendua. Gogoratzen al duzu azeria eta mahatsaren fabula? Ez ezazu zure burua engaina, hemen mahatsa heltzeke dagoela esanez.

Heldutako mahatsa nahi badugu, geu heldu behar dugu lehenik.

2005/04/24

76

Page 77: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IMMIGRAZIOA

IMMIGRAZIOA. Etorkinez mintzatu nahi dut Maiatzaren Batean. Horiek dira gaur egungo langilerik zapalduenak. Munta handiko fenomeno sozial bihurtu da immigrazioa. Izan ere, goseak ez du barkatzen, eta gosea dago Afrikan, gosea Hego Amerikan eta munduko beste lurralde askotan. Harrigarria da. Zergatik gosea hain lur emankorretan? Multinazionalak eta gobernu ustelak egiten ari diren politikaren ondorioa da, zalantzarik gabe.

Egoera horrek bultzatzen ditu etorkinak abentura arriskutsuetan murgiltzera. Mafien ordua da orain! Mafien esku geratzen dira abenturazaleak. Dirutzak kentzen dizkiete hona ekartzeko. Batzuek, patera ahul batean ekiten diote abenturari. Ez dakite iritsiko diren ala ez, sarritan gertatu baita patroiak itsaso zabalean abandonaturik uztea. Hantxe bertan hiltzen dira asko. Iristen direnak baldintza negargarrietan iristen dira. Hona iritsitakoan, laguntzarik premiakoena eskaini orduko, komisariatik pasatu eta etorritako bidetik itzuli behar, gastuak alferrik eginda

Batzuk lortzen dute, hala ere, hemen gelditzea, baina, paperik gabe, ezkutuan eta poliziarengandik ihesi dabiltza. Lanik lortzen badute, hura, berriz, oso baldintza txarretan. Paperik gabe nola ausartu ezer exijitzera?.Tamalez, prostituzioan aritu behar izaten duten emakumeak ere ez dira gutxi.

Konponbidea ez da erraza, baina ez dut sinetsi nahi ez daukanik. Herrialde garatuen borondatea besterik ez da falta. Herrialde garatuen borondatea, BPGren %0,07 ordaintzeko, multinazionalen esplotazioa geldiarazteko, gobernu ustelak kargutik botatzeko; azkenik, autoritate morala duten pertsonek, adibidez Aita Santuak, zapalduen aldeko postura garbia hartu behar dute.

Zer dugu nahiago: hemen etorkinekin bizi ala atzerrian etorkin izan?

2005/05/01

77

Page 78: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TELEBISTA

TELEBISTA kateen azken helburua, beste edozein enpresarena bezalaxe, etekin ekonomikoa ateratzea da. Eta hori, nik dakidanez, publizitatearen bidez lortzen da oraingoz. Beraz, telebistan ezer ikusi nahi duena derrigorturik dago iragarki mordoa tragatzera.

Iragarkien eginkizun nagusia da beharra sortzea, gabezi sentsazioa piztea, erosteko irrikari eragitea. Baina iragarki baten eta bestearen artean, ikus-entzulearen arretari eutsi behar zaio, eta, horretarako, gauza batzuk hobeak dira beste batzuk baino: sentsazionalismoa hobea da programa serio bat baino, liskarrak gehiago seduzitzen du adiskidetasunak baino, prentsa arrosak tira handiagoa dauka kulturak baino.

Bestetik,. telebistan bizkor hitz egin behar da, eta azkar pasatu irudiak, patxadak ez du balio telebistan; pentsatzeko denborarik eman gabe ikusi eta entzunarazten dizute dena.

Ez da, ordea, dirua bakarrik; agintea ere bada, eta, horrekin batera, pentsamenduaren kontrola eta uniformitatea. Telebistak adinako indarrarekin ezerk ez ditu potentziatzen pentsamendu bakarra eta kultura bakarra; hori bai, botereari interesatzen zaiona. Tankeek adina indar duela telebistak esan zuenak ez zioen ez dena.

Duela gutxi El Mundon irakurtzen nuenez, 100 konpainia handi dira munduko telebista-katerik inportanteenen jabe. Esate baterako, Dysney da ABCren jabea; General Electric, NBCrena; CBS Westinghouse-rena da; Antena 3, Telefonicarena.

Zer alternatiba geratzen zaigu? Ez zait hauxe besterik bururatzen: odol gehiegi edanda lehertzen den akainak bezala egingo dugu guk ere plaf! egun batean. Bien bitartean segi dezagun lasai, deritzoguna ikusten, kritikoak ala pasiboak izan behar dugun pentsatzeke.

Labuperna:

Tankeek adina indar duela telebistak esan zuenak ez zioen ez dena.

Akainak bezala egingo dugu guk ere plaf! egun batean.

2005/05/08

78

Page 79: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

FUTBOLA

NEURRIA galtzen ari da futbola. Fenomenala izatetik disparatearen fenomeno izatera pasatu da. Gaur egun, herriaren opioa ez da erlijioa; gaur egun, herriaren opioa, zalantzarik gabe, futbola da. Pasio ikaragarrien iturri bihurtu zaigu. Jende askok tragediarik handienaren pare juzgatzen du “bere ekipoak” galtzea. Gizakiaren alderdirik makabroena erakusten digu sarri asko. Orain, manifestaziorik biolentoenak futboleko estadio baten inguruan ematen dira. Zaldi gainean eta armaz josita zaindu behar izaten ditu poliziak ingurumari horiek. Astero daude zaurituak, eta hildakoak ere ez gutxitan. Bai, neurri guztiak hautsi ditu futbolak.

Izan ere, halakoxe indarra eta bolumena hartu ditu! Badakizue zenbat milaka milioi euro, dolar edo libra mugitzen dituen? Badakizue zenbat jenderen bizibide bilakatu den? Eta zenbat azpijoko eta zenbat eskandalu! Gertatzen ari denak ez du izenik! Irabaztea da balio duen bakarra, hor konpon ikuskizuna eta gaineratiko arrazoiak!

Eta zenbat fitxaje lotsagarri eta inolako proportziorik gabeak! Esate baterako, aipagarria da Nikon Jevtic haurraren kasua. Duela urte eta erdi inguruko kontua da. Orduan, 10 urte zituen, eta Stuttgart ekipoak fitxatu zuen. Nikon Jevtic-ek, garai hartan, bost ordezkari zituen bere kirol ibilbideaz eta etorkizunaz arduratzeko. Talentuak noizean behin bakarrik jaiotzen dira, baina, dirudienez, ordezkariak egunero mordoa. Gero Valentziara etorri zen mutiko hori eta oraindik hor jarraitzen du futbolean jo eta ke, sekula eskolara joan gabe. Adina kontuan hartuta, munduko hiru mediatikoenen artean omen dago.

Ez iezadazue esan futbola neurri guztiak apurtzen ari ez denik!

2005/06/12

79

Page 80: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BARREA

BARREA da pozezko emozioaren adierazleetako bat. Batzuetan, barrea eta txaloak elkarrekin joaten dira. Txaloa, inoiz, malkoarekin ere elkartu ohi da, eta paradoxikoa dirudien arren, kasu horretan, malkoak ere poza adierazten du.

Ur-mota diferentez hornituriko emozio-iturri sakratu baten aurrean gaude. Eta han zuzen, nire onetik ateratzen nau iturri hori profanatzen ikusteak: barre artifizialak, gogorik gabe jotako txaloak edo gezurretan jaulkitako malkoak.

Gorrotagarriak dira, niretzat, gidoiak hala agintzen duelako barre egitea, konpromisoz txalo jotzea eta faltsukerian negar egitea, ingeles eta amerikarren filmetan bageunde bezala.

Irribarre komertziala da bestea; denda batera joaten zara, eta automatikoki irribarre egiten dizute. Ordea, oso gutxi dira berezko irribarrea duten dendariak. Horregatik, gozamen handia da hipermerkatuetan erostea.

Barre noiz egin eta txalo noiz jo ez dakien gehiegi dago. Hortik datoz munduko hondamendi guztiak.

2005/06/19

14

80

Page 81: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

OPORRAK

OPORRAK iristean, plaf! egiten dugu, tentsioan egon ondoren edo zeharo nekatuta gaudenean gure gorputza salako sofa gainera botatzen dugunean bezala. Lanarekiko haria eta eguneroko errutina eteten ditugu. Beraz, oporren ezaugarririk nagusienak dira etena eta aldaketa. Oporren egiteko nagusia da monotonia haustea, eguneroko ibilbidetik aldentzea. Ez hainbeste ezer egin gabe geratzea eta alferrari ematea, baizik eta aldatzea.

Horregatik, ez ditut ulertzen gisa honetan lantuan hasten direnak: “Oporrak zertarako, ez gara moldatuko-eta inora joateko?”. Hori dioena oker dago; ez du ulertu zein den bakantzen lehenengo funtzioa.

Aldiz, primeran ulertzen diot oporrak belarrak ontzeko aprobetxatzen dituen baserritarrari, edo etxean obrak egiteko baliatzen dituen kaletarrari. Egia esan, oporren funtzioa ondo entenditu duen jende asko dago. Ez da kasualitatea brikolaje-etxeek, pintura dendek, igeltserotzako almazenek abuztuan inoiz baino gehiago saltzea eta abuztua izatea urteko fakturaziorik altuena lortzen duten hilabetea.

Guztiarekin ere, moda beste parametro batzuetan mugitzen da. Kontsumismoan oinarritzen den ekonomiaren eutsaga bat gehiago bihurtu dira egungo oporrak. Orain, inor gutxi konformatzen da Orio edo Zarauzko hondartzara joanez eta egunero etxera itzuliz ibiltzearekin. Benidorm eta Marbella bera ere gutxiegi dira. Ez berez toki egokiak ez direlako, baina distantzia laburregia da, mundua zeharo txikitu zaigun honetan.

Orain, gutxienez, Kubara, Txinara, Kankunera, Indonesiara.... joan behar da. Toki berriak ezagutu beharra dago. Baina harrigarria ez al da, mundua telebistaren bidez sukaldean sartu zaigun honetan, horrenbeste ibili beharra?

Paradoxa: telebistan ikusi arte zenik ere ez genekien toki asko bisitatzen du orain jendeak. Beraz, telebistak ez du asetzen, behar handiagoa sortzen du.

2005/06/26

81

Page 82: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

SAN FERMINAK

TXARANGEN musika-hotsa barreiatu da Iruñako kaleetan barrena, txupinazoa lehertu orduko. Hemen dira San Ferminak. Heldu dira San Ferminak. Festa giroa nabari da nonahi. San Ferminetako festaren zantzuak urrun hedatu dira. Munduko edozein bazterretatik dator jendea. Askok eta askok Iruñako zeru zabala baizik ez dute izango aterpe eta ostatu, nekatutakoan atseden hartzeko; nekatzen badira, noski! Ez dute etsiko praka eta alkandora zuriak belztu arte, garbitzeko ez direla utzi arte. Hurrengo San Ferminek ekarriko dizkiete berriak. Zer janik ez da faltako, ezta zahatorik ere jaki lehorrak bustitzeko. Udaltzainek esnatuko dituzte, entzierroaren aurretik, toki arriskutsuan lo geratzen direnak, zezenen adar zorrotzek ezegitekorik egin diezaieten.

Goizeko zortziak puntuan Udaletxeko erlojuan. Oraintxe entzun da lehenengo etxaferua. Zezenak atera dira ukuilutik, hasi dira korrika, egin dute topo lehenago morroskoekin, eman dituzte estreinako adarkadak. Bi zezen erori dira, zilipurdika, bata bestearen gainera. Bata altxatu da, bigarrena ere bai, badoaz biak. Kontuz! Arrisku ikaragarria sortzen ari da bietako bat. A ze astindua eman dien pare bati; baina, zorionez, libratu dira, ez dute zauririk. Azkeneko zezena oraintxe sartu da plazan. Badoa tegira. Itxi dute atea. Une honetan entzun da bigarren etxaferua. Bukatu da entzierroa. Plaza bete jende dago.

Ez doa gutxiago Londresko metroan. Ixo! Eztanda izugarria ¡. Atentatua! Hildakoak. Aztoramendua! Gure solidaritatea haientzat eta pixka bat zentza daitezen eskaria, Blair eta konpainiari, San Fermin Egunean.

Nik gauza bat daukat ziur: hilko naiz, baina ez Iruñako entzierroan zezenak harrapatuta.

Ezta, inor hiltzeko, neure buruaz beste eginda ere.

2005/07/10

82

Page 83: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

DENBORA

DENBORA, berez espazioa eta mugimenduaren arteko erlazioa baizik ez den hori, hil ala bizikoa gertatzen da gure bizitza antolatzeko eta gure pentsamenduari bidea irekitzeko. Lehenengo oharra, beti, denboraren laburraz egiten dugu. Kurtsoa amaitzean, zizpuru bizia aterako zaigu barrenetik: “Konturatzerako joan zait urtea!”. Eta bakazioak zer esanik ez! Batzuetan, denbora ondo ez probestu izanaren harrak esanarazten dizkigu horrelakoak. Beste batzuetan, estresatu arte lanean aritu garelako.

Denborak, bestalde, bertute handiak ditu: Gaitz asko dago denborak baino sendatzen ez duena. Erruz laguntzen du zauriak ixten eta oroitzapen txarrak ahantzarazten. Zauriak erabat orbantzen ez zaizkigunean ere berak irakasten digu egoera horrekin bizitzen, eta egoera hori eramankorrago egiten

Nolanahi ere, oso pertzepzio ezberdinak daude denborari buruz. Diferente atzematen dugu. Bada joera bat gizakion artean: iragandako denbora hobetzat jotzen dugu. Baina ez pentsa gure kontua denik, aspalditik dator. Nork ez du gogoratzen Jorge Manriqueren esaldi famatu hura: “Cualquiera tiempo pasado fue mejor”? Eta Manrique baino lehen Horazio kexatu zen, esanez: “Gure gurasoek, gure aitona-amonak baino eskasagoak, oraindik ere eskasagoak egin gintuzten gu”.

Hari beretik, sarritan esaten da gure aurrekoek guk baino askoz gutxiago zeukatela, baina zoriontsuagoak zirela. Bada, nik ezagutu nuen bat, Bautista Artano, ezetzean zegoena. Hala esan ohi zuen Zaldibiako gizon baketsu hark: “Lehengo zaharrek pena ematen didate niri, taiuzko egun bat igaro gabe joan ziren mundu honetatik. Ez zeukaten ezer! Guk, berriz, dena!”. Ados al zaude?

Bautista bezalakoak izatea ia ezinezkoa da: beti umore onean, sekula haserrerik ez, patxada handikoa, lagunarteko pertsona... Horra bizitza ulertzeko filosofia mota bat; ez txarrena, noski!

2005/08/11

83

Page 84: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERLIJIOAZ

EZ dago modan erlijioaz hitz egitea. Ezta apaizen artean ere, nik uste. Pentsatzen ari naiz edozein lanbiderekin bezala gertatzen hasi dela erlijioarekin ere: harakinak harategian bakarrik hitz egiten du haragiaz; tabernariak, taberna itxitakoan, ez du entzun ere egin nahi tabernako konturik. Arotza ez da arotz aroztegitik irtendakoan. Era beran, apaizek ez dute deus aditu nahi erlijioaren gainean elizatik kanpora. Sekularizazioaren gakoak dena harrapatu du; sekulako metastasiak eragin ditu, gizarte-organo guztiak kutsaturik.

Orain urte batzuk, erlijioaren aurkako antidoto baten bila genbiltzan. Txertoa nahi genuen, erlijioaren zurrunbilo inposatuaren eraginpetik libratzeko. Lortu genuen txerto hori (hamaika modu eta bide diferentetatik), baina txertoaren ondorioak, nire ustez, gogorregiak izan dira. Mutur batetik bestera pasatu gara, denok masan. Gehien gehienak gogoetarik txikienik ere egin gabe, zintzarridun ardiari beste guztiak jarraitzen zaizkion bezala.

Zerbait ukatzeko edo onartzeko, ukatu edo onartu nahi dugun objektu hori ezagutzen saiatu beharko genuke lehenik, nahiz eta jakin egia ez dela erabat nabarmenduko gure aurrean. Konprenitzen ez dudana da bilaketari berari uko egitea; eta, batez ere, hasi baino lehen egundoko konklusiotara iristea.

Ez dago modan erlijioaz mintzatzea, baina niri gai arrunt garrantzitsua iruditzen zait bai ateoentzat, bai agnostikoentzat eta bai fededunentzat. Horregatik, ulergaitza egiten zait arlo horretan axolagabetasunak hartu duen hedadura ikusita.

Gero kexatu egingo gara erakunde erlijiosoetan pipi-hautsa eta fundamentalismo-kutsua nabari direla esanez. Normala ote da gertatzen ari dena?

2005/09/04

84

Page 85: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

OTOITZA

Indar handiko arma psikologikoa da otoitza.. Pertsonak, ezbairik gabe, ados dagoen portaerak bultzatzen ditu, eta otoitzak lagundu egiten dio horretan. Ez da posible barrutik fin eta serio eskatzen ari den haren aurka altxatzea.

Ondorioz, otoitzak arrakasta ematen dio pertsonari. Jakina, arrakasta hori kanpoko indarren bati atxikiko dio: Jainkoari, santuren bati... Baina ez; bere barnetik datorkio indarra, otoitzaren bidez eraginda.

Otoitza, funtsean, eskea da; hori bai, alde handia dago zer eskatzen den. Geure erruz sarturik gauden zulotik atera nahi badugu, eragile handia izan daiteke errezoa, horretarako behar dugun indar psikologikoa ematen baitigu.

Beste kontu bat da gure esku ez dagoen zerbait eskatzen dugunean; adibidez, eguraldi ona egiteko errezatzen dugunean. Orduan kristoren gatazka sortzen diogu Jainkoari, batzuek eta besteek elkarren kontrako gauzak eskatzen baitizkiogu, eta Jainkoak ere ez ditzake egin kontrako gauzak aldi berean eta toki berean; esate baterako, eguzki kiskalgarria eta elurra. Norbaitek esango dit badezakeela. Jo dezagun baietz. Nahiago du, ordea, naturaren legeak errespetatu guri kasu egin baino. Horregatik, ez du ezer egiten Katrina eta antzekoen aurka, eta ez du egingo gero ere.

Dena den, otoitzak beti balio dio pertsonari. Izan ere, esalditxo hau eransten dio bere errezoari: “Komeni bada”. Edo beste hau: “Egin bedi Zure borondatea”. Eta ezer lortu ezean ere satisfetxo geratuko da, esanez: “Ez zen komeniko eta”.

Jainkoak misterio ikaragarriak ditu. Ez baldin bada ere, balitz bezalaxe eragiten du pertsona askorengan. Ondorioa garbia da: oso psikoterapia ona da otoitza. Arazo bat dauka: sinetsi egin behar.

2005/09/18

85

Page 86: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GAUZAK GARBI

Gauzak “garbi” dituen jende asko ezagutu dut nire denboran. Gogoan ditut duela 30 urteko eztabaida politiko sutsu haiek. Askotan amaitzen ziren esaldi honekin: “Nik gauzak garbi ditut”. Baina hori ez zen errealitatea estaltzeko arguzia bat baino. Eta norbaitek benetan sinesten badu gauzak garbi dituela, kontuz harekin. Izan ere, kapaz da edozer egiteko bere ideia “garbien” izenean. Ezagutu dugu horrelakorik ere.

Egiaz, ordea, jendea noraezean dabil; bizitza hau, berez, nora eza eta kaosa baita. Bada adibide bat Ortega y Gassetena, gutxi gora-behera honela dioena: Kanpotarrak Espainiara etortzen direnean izugarri gozatzen dute halako monumentu edo bestelako etxe non dagoen galdezka; izan ere, gure kaleetan nornahi dago prest norabidea aldatu eta galdetzailearekin, behar duen tokiraino, joateko; gero harro egongo gara oso eskuzabalak eta jatorrak garela esaten digutelako; baina hori benetako eskuzabaltasuna al da?; ez, noski!; gertatzen dena da ez daukagula nora joanik edo zer eginik; bagabiltzala besterik gabe gabiltza, inolako proiektu eta betekizunik gabe. Eta jarraitzen du: Esango nuke gure erkideak, hain zuzen, kanpotarren bila ateratzen direla kalera, norbait laguntza premian aurkitzen ote duten; eta horrela, besteen bidez bete nahi dute beren bizitza hutsa.

Orain dela 60 urte baino gehiagoko kontuak dira horiek. Baina gaur ere errepika daitezke, bizitzak orduan bezain huts eta kaotiko izaten jarraitzen baitu. Eta ez egin kaosa gainditzeko ametsik; aitzitik ikas dezagun galduta sentitzen eta kasuaren erdian orientatzen. Galduta sentitzen ez denak ez du inoiz biderik aurkituko. Ah!, eta ez fidatu bidea garbi dutenekin.

2005/09/25

86

Page 87: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

JOXE MARI ARANALDE: BIZITZA INTERPRETATZEKO MODU BAT

Ez dakit noiz eta nola ezagutu nuen Joxe Mari Aranalde, baina, nolanahi ere, mutikotan ezagutu nuen. Seguruenik, Araman apaiz zegoela eta Andramari Agorrekoan Ordizian egiten zen bertsolari txapelketan epaimahaiko zela. Mutikotan diot, zeren garai hartan Joxe Mari Aranalde (Gaztelu:33-3-27) 25 edo 26 urteko apaiz gaztea baitzen, eta nik 12 edo 13 besterik ez nuen izango. Berrogeita hamarreko hamarkadaren hondarrean gaude. Gerra osteko urte ilun eta beltz haien ostean, bertsolaria hasia zen, apurka-apurka, katakunbatik atera eta kanpo librean (kasu honetan Ordiziako plazan) espazio batzuk irekitzen. Esan beharrik ere ez dago Joxe Mari Aranaldek, beste batzuekin batera, protagonismo handia izan zuela bertsoaren suspertze horretan. Ez bakarrik bertsoa indarberritzen, baita bertsolaritzari prestigioa ematen ere: lau baserritar “ezjakinen” tabernako kontua izatetik apaiz eta jende eskolatuak aintzat hartzen zuen adierazpide izatera igaro zen. Gorakada kualitatibo handia zen hori.

Laster Añorgara aldatuko zaigu. Han ere apaizgintzari eta bertsoei atxikia ikusiko dugu. Baina, aldi berean, gizon handi baten ondoan edo hura Joxe Mariren babesean: Nikolas Ormaetxea “Orixe”. Hala ere, seguru gaude Orixeren ospeak ez zuela bultzatu hura etxean hartzera, baizik eta Joxe Marirengan berezkoa zen eskuzabaltasunak eragin zion horretara. Horrez gain, froga asko ditut Aranalderen eskuzabaltasuna erakusten dutenak, hemen aipatuko ez baditut ere. Orixe (batez ere haren obra) eta Añorga sekula ez ziren aldendu haren bihotzetik.

Geroago, Santo Tomas Lizeoa izango du lantegi eta topagune, erretiratu arte. Lankideen arteko giro onean beti izango du eragina Joxe Marik, bere karismari esker. Ikasle gazteekin harreman sendoa lortuko du, eta hori oinarri ona da gaztearen gidaritzan jardun behar duenarentzat.

Baina bertsoak bizi izan du. Bizitza osoan zehar berekin eraman zuen Gazteluko Martintxo bertsolariak, Joxe Marik 7 urte zituela, piztu zion grina. Gazteluarrak bertso arloan, epaimahaiko gisa egin du lanik handiena. Baina epaile baino lehenago bertsozalea zen. Eta inoiz ez du ezkutatu bere iritzia bertsolaririk onena zein izan den galdetu izan zaionean: inolako zalantzarik gabe, beti izen bera eman du: Xalbador. Haren bertsogintzari eskaini zizkion orrialderik ederrenak eta hunkigarrienak, beste inori ezer kendu gabe. Uste dut Joxe Marik arrazoi zuela.

Ibilian-ibilian, berriro ere erretore bihurtu zen: Gaztelu (jaioterria) eta Leaburuko parrokien ardura hartu zuen bere gain. Baina Ibarran ere parte hartu ohi zuen elizkizunetan, herriko erretoreari laguntze aldera; izan ere, Ibarran bizi izan zen bizitzako urterik gehienetan.

Tratabide errazeko pertsona

Ez dakit noiz hasi nintzen Aranalderekin tratabidean. Seguru asko, Artxanberri Sariak elkartu gintuen, 1976 aldera. Geroztik ez dira eten gure harremanak. Behin baino gehiagotan eseriak gara elkarrekin epaimahaian, nahiz eta biok ere aspaldi samar utzi genion langintza horri.

Nik bi sailetan banatzen ditut pertsonak: tratabide errazekoak eta tratabide zailekoak. Joxe Mari Aranalde oso tratabide errazekoa zen niretzat. Tratabide errazeko pertsonaren

87

Page 88: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

lehenengo ezaugarria da orekatua dela, inolako konplexurik ez duena. Joxe Marik horixe ez zuela konplexurik! Aurreiritzirik gabe inguratuko zitzaizun. Bazekien inoren lekuan jartzen edo enpatiaz jokatzen. Aintzat hartuko zintuen dagokizun mailan, gorago edo beherago ipini gabe. Ados egon ala ez, errespetatuko zuen zure iritzia. Onartuko zuen kontra egitea; baditut horren adibideak ere. Egokitzen zinen tokian egokitzen zinela eta zeundenarekin zeundela, beti agurtuko zintuen gizalegeak agintzen duen eran, ez-ikusirik egin gabe. Eskertsua zen, eta eskuzabala eta faboregile aparta. Ez zuen gupidarik beharrean zegoenari laguntzeko. Serio behar zenean, serio jarriko zen; eta broma komeni zenean, inor baino bromosoago. Umore handiko gizona zen. Beste “Joxe Mari” batek, José María Cabodevillak intsinuatu izan zuen moduan, Aranalde jauna errezoaren bidez adina hurbilduko zitzaien, umoreari esker, Jainkoari eta hurkoari. Horretan ere berezia zen; zera esaten zuen: “Jainkoaz hitz egitea modan ez zegoenean hitz egin zuen Xalbadorrrek”, eta berak ere halaxe egin zuen, inoren zer esanari begira egon gabe. Lagunartekoa zen; lagunartean gozatu eta gozarazten zuen. Hitz batean, giza kalitate handiko pertsona bat joan zaigu.

Joxe Mari bezalako pertsonek konfiantza handia ematen dute. Nekez arituko dira inorengatik gaizki esaka. Badakizu zergatik ematen duten konfiantza? Pentsatzen duzulako zurekin horrelakoak badira, besteekin ere antzekoak izango direla .Hurkoarenganako kontsideraziotik jaiotzen zaie jokamolde hori. Orduan, giza balio unibertsal bihurtzen da, haien eskutik, tratabide errazekoa izatea, giza balioen paradigman sartu beharrekoa. Agian, benetako kristautasuna egoki interpretatu dutelako ere bada. Azken finean, bizitza interpretatzeko modu bat da. Horrelako asko behar genituzke. Joxe Mari asko, alegia.

2005/09/26

88

Page 89: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

NIRE LAGUNA ETA MANDOA

Donostiako ‘señorita’ batzuk, bizikleta konpontzailearen lagunak (lehen herritik Donostiara joandakoak), Gabonetan urtero itzultzen ziren herrira. Jakina, urtea joan eta urtea etorri, gero eta zaharrago, baina ez zuten ezkontzeko itxurarik. Eta, urtero, hizpide bera ateratzen zuten bizikleta konpontzailearekin; alegia, senargairik aurkitu ezinarena..

Halako batean, aspertu da gure bizikleta konpontzailea eta esan omen zien, han inguruko baserritar baten mandoa aipatuz: “Begira, zuek Albitxuko Inazioren mandoa zarete: ganadu janak-eta egiteko handiegia eta soro lanetarako txikiegia. Hau da, pobrearentzat gehiegi eta aberatsarentzat gutxiegi”.

Dirudienez, nire lagunari ere antzeko zerbait gertatzen zaio. Bera intelektuala da, baina intelektual kaxkarra, nonbait. Liburuak idazten ditu, hitzaldi eta irratsaioetan parte hartzen du, baina arrakastarik gabe. Konbentziturik dago bere izena ez dela inoiz entziklopedietan azalduko.

Herritar soil izateari uzteko adina egin du, baina ez da iritsi benetako intelektualaren maila lortzera. Hitz batean, sail batean zeharo deserrotu da, eta bestean ez da itsatsi. Esan dit oso gaizki pasatzen ari dela.

2005/10/30

89

Page 90: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

NARZISO

Gazte lerden bat egunero inguratzen zen lakua batera bere edertasuna kontenplatzera. Hain liluraturik zegoen bere buruarekin, egun batean lakura erori eta ito egin zen. Erori zen tokian lore bat jaio zen, eta ‘nartzisoa’ deitu zioten.

Oskar Wilde-ren arabera, Nartziso hil zenean, lakua aldaturik aurkitu zuten basoko lamiek: ordura arte ur gezako lakua zena ur gaziko bihurtu zen.

–Zergatik egiten duzu negar? –galdetu zioten lamiek lakuari.

–Nartzisorengatik egiten dut negar –erantzun zien lakuak.

–Ah, ez gaitu harritzen Nartzisorengatik negar egiteak! –jarraitu zuten–. Izan ere, gu beti bere atzetik ibili arren basoan zehar, zuk bakarrik zenuen aukera haren edertasuna hurbiletik kontenplatzeko.

–Baina Nartziso ederra zen? –galdetu zuen lakuak

–Zuk ez bada, nork jakingo du? –erantzun zioten lamiek, harriturik–. Hain zuzen, zure muga-ertzean makurtzen zen egunero bere burua kontenplatzera.

Lakua puska batean isilik egon zen, eta gero honela mintzatu zen:

–Nik Nartzisorengatik egiten dut negar, baina inoiz ere ez nintzen ohartu ederra zela. Nartzisorengatik negar egiten dut, zeren nire muga-ertzean makurtzen zen bakoitzean nik neure edertasuna ikusten nuen, haren begietan islaturik.

Gero, mistiko bat egokitu zen han, eta hark esan zuen:

–Era berean gure arima, Jainkoaren aurpegiaren argitan bere edertasuna kontenplatzen duenean, liluratu egiten da, eta asebetea erabatekoa da haren barrenean.

Eta guk ez ditugu inoiz eder ikusten: ez gure aurpegia eta ez gure arima. Baina baietz diogu, gezurretan; baietz diogu, haserre. Egia balitz ez ginateke haserretuko. Ez dugu onartu nahi gure nartzisoa ximelduta dagoela.

2005/10/30?

90

Page 91: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

KAIXO

Kaixo, Bashige Michel. Zutaz ez dakit hauxe besterik, etorkin afrikarra zarela. Gutuna idatzi duzu, zeure eta zure senide afrikarren egoera latzaren berri emateko eta, batez ere, sufrimendua eragiten dizuetenak salatzeko.

Zure gutunak ukitu egin dit eta hunkitu egin nau. Ez da gutxiagotarako! Zeuk diozun moduan, Mellilako burdinazko hesian behera erortzen ikusten zaitut. Begietara zuzenean begiratzeko eskatzen didazu; halaxe egin dut, eta malkoa ikusi dizut; eskuetara begiratu dizut eta odola ikusi dizut. Herio suharrean, hesia eta begiez gain, hitz hauek atera zaizkizu bihotzetik: sufrimendua, gosea, miseria, umezurtz, senide, basamortua, gaixo, heriotza, zorra, tiroa, armak, militarrak, lehengai, lapurreta, multinazional, agintari, sistema. Hitz asko dira nahasian, baina bereizteko modukoak, batzuk besteen ondorio baitira; adibidez, miseria lapurretaren ondorioa da, eta argi dago nor den ebaslea eta nor ebatsia. Gu gara lapurrak eta zuek lapurtuak. Hala ere, eskerrik asko “gu” horretan “ni” sartu ez nauzulako, eta “tiroa” zuzen jo duzulako, Multinazionalen, sistemaren eta Mendebaldeko agintarien jokabidea salatu baituzu..

Baina hori bai, zure gutunaren helbide eta helmuga gure bihotza da. Nirearenak ere halaxe dira. Gure kontzientzia esnatzea duzu xede, nik ere bai. Errukiarazi egin nahi ninduzun, eta errukitu naiz. Gorrotatuko nindukezu, ordea, errukizko sentimendu hutsean geratuko banintz; neuk ere gorrotatuko nuke neure burua. Ez diguzu eskatzen limosnarik; ezta nik ere. Bai, alajaina!, tinko borrokatzea agintarien aurka, zor dizueguna itzul diezazueten, eta zuek “zor” diguzuena kobratzeko asmoak bertan behera utz ditzaten.

2005/11/06

91

Page 92: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

¿ARDE PARÍS?

Mundu osoko zinemak sortu duen filmik ospetsuenetakoa izango da izenburuak adierazten duen hori. II. Mundu Gerrak merezi ere merezi zuen horrenbeste eta a ze aktore aukera egin zuten: Jean-Paul Belmondo, Kirk Douglas, Alain Delon, Orson Welles, Glenn Fonda, etab. 1944ko Parisen dago kokatua, 22 urte geroago pantailaratu zuten filma. Hain daukagu itsatsia ¿Arde París? izenburua, ez naiz ausartu ere egin euskaratzera, nahiz eta nahiko erraza zen Paris sutan? edo gisako bat asmatzea.

Oraingo su berriak gogorarazi dit hori guztia, Paris sutan baitago 2005. urtearen hondarrean ere. Honetaz ere egingo da noizbait filma, baina oraingoz ez dira aktore handiak suaren bueltan dabiltzanak, hiritar xumeak baizik, deus galtzeko ez dutenak, zer irabaziko duten ez dakitenak..

II. Mundu Gerraz geroztik edo 68ko Maiatzaren ondoren, ez omen da horrenbesteko liskar eta kiskalketa ezagutu Frantzian. Zer ari da gertatzen liberté, égalité eta fraternité-ren lurraldean? Hori gezurra dela. Frantziak, beste askoren eran, objektuekin bezala jokatzen du pertsonekin: erabili eta bota. Gaur matxinatu diren horien aurrekoak ederki etorri zitzaizkion bere garaian, Frantziaren aurrerabiderako; baina ez da arduratu haien ondorengoak integratzeaz, ez eskola ez lan utzirik, langabezian eta marjinatuta bizitzera beharturik. Barrengo presioari ez bazaio irtenbiderik ematen, hura bonba bihurtzen da, eta lehertu. Horixe gertatu zaio Frantziari.

Ez naiz biolentziaren aldekoa, baina ederki ulertzen dut gertatzen ari dena. Metodoa aparte utzita, gizarteratu duten salaketak poztu egin nau. Bazen garaia injustizia sozialak apur bat astin gintzan, beti politikarekin ibili gabe.

2005/11/13

92

Page 93: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ARKAIKOA

Badut lagun bat guztiz berezia. Zaharra deitzea gutxiegi da harentzat, arkaikoa esaten diot. Ez du batere eboluzionatu, pentsamendu zaharrak bakarrik dauzka buruan, aurreiritziz josia dabil, eta ez dago modurik beretik aterarazteko.Okerrena da neu eduki nauela denbora luzez azeriari buztanetik nola heldu ez dakidala, arazoari usainik hartu ezinik. Azkenean, horratik, aurkitu dut atearen maratila, ate guztiek baitute beren maratila, eta lortu egiten dugu zabaltzea.

Kontua da nire lagunak, gaztetan, ezagutu zuela adiskide bat, lanbide heziketako eskolan, eta nire lagunaren adiskidea ez zela argi-argi horietakoa, ez ikasketa teorikoan eta ezta tailerreko lanean ere. Eta nire lagunak tontoenen taldean sailkatu zuen. Bizitza osorako sailkatu, alafede!

Baina gertatu zen nire lagunaren adiskidea 30 urterekin negozioan sartu zela, eta gero bestean sartu zela, eta geroago beste batean. Ur aparra bezala igo zen gora, urrea egiten ari zen, baina orduan ere nire lagunak bere gaztetako adiskidea tontoa zela esaten jarraitu zuen. Nire lagunarekin, antigualeko nire lagun arkaikoarekin, ez zegoen burutzerik eta erabaki nuen horretaz gehiago ez mintzatzea.

Nire kezkak ez ziren amaitu, ordea; eta galdera hau egiten nion neure buruari: “nire lagunak esaten badu bere adiskidea hain tontoa dela, nola lortu dik negozio horiek guztiak aurrera ateratzea?”.

Orduan hasi nintzen pentsatzen bi adimen mota ez ote geneuzkan. Gero eta argiago daukat arrazoi nuela. Bata da gauzak ikastea, gogoan hartzea, eragiketak burutzea… ahalbideratzen digun adimen mota; eta bestea, berriz, bizitzako gure jokaerak eta jardunbide praktikoak gidatzen dituena.

Bestela ez dago ulertzerik gure portaerak.

2005/11/27

93

Page 94: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

KANPO ZORRA

“Kanpo zorra”. Zer dago hitz horren azpian? Drama izugarria, eta giza adimenaren porrot historikoa. Hirugarren Munduko herrialdeek diru mordoa zor diete herrialde aberatsei. Kasu batzuetan, urteko aurrekontuaren % 80raino erabiltzen dute interesak ordaintzen, eta, begi bistakoa denez, oso diru gutxi geratzen zaie gainerako beharrei erantzuteko. Bi arrazoi nagusi daude zorrak pilatzeko. Batetik, herri aberatsek pobreei dirua uzten diete. Edozein momentutan aldatzen diete, ordea, utzitako diruaren interesa: orain %6 baldin bada, hemendik 6 hilabetera izan daiteke %15. Abusu nabarmen horren erruz sartzen dira gero zor handiagotan. Bestetik, Hirugarren Munduko herrialdeek saldu behar dituzten produktuei beraiek ez diete ipintzen prezioa, Europa eta Amerikako erosle aberatsek baizik. Hori gutxi balitz, sekulako arantzelak ordaindu behar dituzte, “lapurtzen dieten” ez esatearren, esportatzen dituzten produktuengatik.

Herrialde aberatsen politika komertzial osoa kontsumoari begira egina dago, baina dirua daukatenek bakarrik eros dezakete; besteak sistematik kanpora geratzen dira, gosea, miseria eta gaixotasunak besterik ez dutela.

Zergatik ez da konpontzen arazo hori? Oso sinplea da: guk gure estatusa jaitsi nahi ez dugulako. Guk gutxiago kontsumitzen ez dugun bitartean, Afrikan ezin dute gehiago kontsumitu, horrek Lurraren suntsipena bailekarke.

Bestalde, esan daiteke gure adimenak porrot egin duela, ez baitugu errealitatea ikusi nahi, ez gara gai problema sozialak eta politikoak konpontzeko, krudelkeriaren aldeko apustua egin dugu, geure eta inoren bizitza ozpintzen saiatzen gara, ala zoriontsuak gara mundua horrela ikusita?

Ez al duzue espero errebantxarik?

2005/12/04

94

Page 95: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EMAKUMEA ETA GIZONA

Askok jakingo duzuen bezala, Jabier Yanguas psikologian doktorea da, eta ikerketa interesgarria egin du Donostiako Matia zentroan, emakume eta gizonezko zaharrek bizi kalitatearen gainean duten ikuspegi eta jarrerari buruz. Ez egin bakarrik, baita saria irabazi ere: zahartze eta elbarritasunari buruzko ikerketa saria, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak emana.

“Zahartu eta ume bihurtu”. Banekien esaera horren berri, baina ez nekien hori, batez ere, gizonezkooi gertatzen zaigula. Gero eta sentiberago bihurtzen omen gara, gero eta belaskago. Bien bitartean, emakumeak praktikoa izan nahi du, eta errealismo eta adore handiagoz heltzen dio bizitzako azken etapari. Emakumea hobeto dabil osasunez, aldaketara hobeto moldatu delako, eta bizi esperantza luzeagoa dauka.

Ez dakit, panorama hori ikusita, geuk ez ote genukeen berdintasuna eskatu beharko, emakumearekin parekatzeko aldarrikatu beharko.Nork emango liguke,ordea? Biologiari ez dago ipintzerik legerik eta esaterik, gizonak emakumeari, historian zehar, politikan eta gizarte bizitzan ipini izan dion bezala.

Ikusiak ikusirik, gizonak ez al du eduki historiaren hasieratik bertatik emakumea gehiago delako kontzientzia, kontzientzia mingarria? Eta bere ezina, batez ere ezin sufritua, estaltzeko hartu izan ditu emakumearen aurkako neurri diskriminatzaileak?

Orain nabarmen geratu da, injustizia nabaria izateaz gain, ridikulua egin duela emakumea horrela marjinatzearekin. Beraz, ridikula egiten jarraitu nahi ez badu, ireki dakizkiola emakumeari alderik alde oraindik itxita jarraitzen duten ateak; adibidez, Elizakoak. Hobe da, berandu bederen, onartzea, onarraraztea baino.

2005/12/04

95

Page 96: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

JUAN MARI LEKUONA

“Erne-beharrak urratzen ditu garuzak:

hazi aleak, pinportak, umontziak. Gero

goizalbak urratuko biziaren argia”

Zurea da goikoa; zurea da behekoa ere:

“Eta hasieran koba zen. Eta kobako

ilunbean gaueko urek zuten aginte”

Hori zen zure adierazpide nagusia: poesia. Horretan eman zenuen uztarik onena, beste guztia gutxietsi gabe: “Mindura gaur”, “Muga beroak”, “Ilargiaren eskolan”, “Mimodramak eta ikonoak” Nik, jakintzaz baino ausardiaz hornituago, azkeneko horren aipua egin nuen RIEV aldizkarirako. Bitxi eta harrigarri suertatu zitzaidan dena. Gizona, Jainkoa, zerua, infernua, bizitza eta heriotza: dena ageri da irudi eta ikono ikusgarrietan, koadro erraldoi batean marraztua, soinu eta hotsa darizkiola, argi-ilunen kontrastean, odolez zipriztinduta, mugimenduan. Benetako mimodrama!

Gogoan dut, Juan Garmendia Larrañagak agindu eta lana amaitu nuenean, beldur eta lotsa nintzela zurekin mintzatzeko, zer iritziko ote zenion. Betaurrekoak kenduta imajinatzen zintudan irakurtzen, ni urduriago ipiniz. Gero, onarpen hitzak iritsi zitzaizkidan zugandik. Ez nintzen haserre!

Hala ere, horretatik al zintudan ezagunena Juan Mari? Ez. Bertsolaritzatik baizik. Bikain uztartu zenituen genero kultua (poesia) eta genero herrikoia (bertsolaritza). Adibidez, “Artxanberriren ziriak” liburuxka xumearekin ere gozatu egin zenuela esan zenidan, eta eskerrak eman zenizkidan. Lehenik, epaimahaiko ezagutu zintudan; gero, hitzaldiak ematen; eta, azkenik, mintegietan, bertsoa neurtzeko txostena egiten.

Bestela, isila zinen. Entzutea gustatzen zitzaizun. Nik, egia esan, pozik entzungo nizun, hemengo kontu batzuez gehixeago mintzatu izan bazina ere.

.

2005/12/11

96

Page 97: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GABONAK

Haurtxoak ginen. Santa Luziak orduko hasten ginen loak kontatzen: “Hamabi lo ein eta Egoarrik”, “sei lo ein eta Egoarrik”. Gero eta urduriago egoten ginen. “Lo bat ein eta Hogeitalaugarrena”. Eguna zabaltzeko betarik gabe jaikitzen ginen ohetik; gosaltzeko astirik gabe hasten ginen prestatzen.

Eguraldia aintzat hartzekoa izan ohi da Gabonetan. Horretan ere, behin Santa Luziak ezkero sarri-sarri begiratuko genuen zerura, izarrik ageri zen. Baina Santa Luzi ondorena ona bazen, beldurtzen hasten ginen, esanez: “Egoarritan egoaldi txarra seguro”. “Calendario Zaragozano” irakurtzeko eskatzen genion amari. “Continurá el tiempo sombrío de frecuentes nublados”, irakurtzen zuen gure amak bere erara, eta auskalo zer esan nahi zuen!. Astebete geroagokoa irakurtzen zuen gero: “Arreciará el frío y habrá muchas escarchas y heladas”. Eta berriz ere auskalo zer esan nahi zuen!

Dena den, eguraldiak ez bide zuen gehiegi kezkatzen ama. Bazekien, eguraldi mota bat zein bestea egin, jantzia prest zeukala, bertsua izango baitzen. Gehienez ere, euria eginez gero, guardasola eta katiuska txikiak jantziko genituen; bestela jertse lodia eta buzo petoduna soinean, eta abarkak oinetan artilezko galtzerdiekin. Blusa eta txapelik ez genuen erabiltzen.

Gero eskean aterako ginen, baserriz baserri. Bagenekien non ongi kantatu eta non jo eta pasa. Neurriak ongi hartuak genizkion limosna emaileen eskuzabaltasunari. Poltsako dirua banatzekoa izaten zen unerik hunkigarriena: “hitzat bat, neetzat bestea”, eta bakoitza berearekin amari kontatzera agudo, eta eltze-itsuan sartzera azkar.

Gero gaueko eskekoen koplen zain geratuko ginen, loak hartu arte.

2005/12/25

97

Page 98: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

URTE BERRI

Kendu diogu egutegiari azkeneko orria. Sartu gara urte berrian. Inbentarioa egiteko garaia da. Ez dakit garaia den, baina ohitura hori dugu behintzat. Emaitza, azkenean, beti berdina izaten da, eta eskaria ere bai: “Ea hurrengo urtea hobea izaten den!”. Izan ere, inbentarioan ikusi dugu kultur gizon eta emakume garrantzitsuak galdu ditugula, batez ere hemengoak, baina baita hemendik kanpokoak ere. Ikusi dugu 2005ak katastrofe handiak eragin dituela munduan. Ikusi dugu biolentziaren afera ez dela konpondu, edo gerrek jarraitu egiten dutela, giza eskubideak ez direla errespetatzen, emakume gehiegi hil dela bikote lagunaren atzaparretan. Horiez gain kezka pertsonalagoak ere izango ditugu. Eta “Ea hurrengo urtea hobea izaten den!”, egingo dugu zizpuru. Dena den, baikor izateko motiboren bat ere aurkituko dugu inbentarioan. Eta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita. Gainera, ulertzen dugu horrek horrela izan behar duela astronomian edo fenomeno geologiko eta meteorologikoei dagokienez, munduak berriz ere ibilaldi bera egingo baitu Eguzkiaren jiran eta behar berdinak sentituko ditu bere barrunbean. Nik aldaketak mundukoongandik espero nahi nituzke. Izan ere, berezko horrek eta kulturak osatzen dute mundua. Kulturaren pean sartzen den guztia gizakiak sortua da, eta hor bai egin daitezkeela aldaketak, mundu hau solidarioagoa izan dadin, etika unibertsal bat eraiki dezagun. Gure existentziaz eta esentziaz gogoeta egingo duen gizakia nahi nuke, eta ez, “hau ere pasatuko da” esanez, errutinaren norian bueltaka konformatzen dena.

2006/01/01

98

Page 99: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

KONTZIENTZIA

Gure lehengusua artzaina zen. Mendian egon ohi zen gehienean, baina kalean ere luzitzen zekien gizona zen. Gutxi ezagutu ditut hain zuzenak eta hizketan egokiagoak. Bai, ordea, maltzurragoak hamaika. Behin batean, jukutria itzela egin zion gizonarekin hizpidetu zen gure lehengusua, eta kargu hartu zion gizonari.. Ahal zuen moduan defenditu zen gizona, orduko ohituren arabera mintzatuz: “Nik ez zeukat horrekin kontzientziako kargarik”. Eta Pakitok, horrela zeritzan gure lehengusuak, tinko erantzun zion: “Kontzientzia behar halakoa; alegia, kargarik jasotzen ez duena”

Geroztik pasadizo horrek, edo gure lehengusuarentzat pasadizo huts bat baino zerbait gehiago izango izen horrek, zenbat pentsarazi didan kontzientziaren gainean! Kontzientziaren lehenengo irudia da zaku elastikoa dela; botatako guztia hartzen du, eta zama guztiz handia eta esajeratua behar du lehertzeko. Gainera, behin batean, lankide dudan psikologo eta familiartekoak kontatu zidan demostraturik dagoela Kalkutako Teresa beraren kontzientzia manipula zitekeela eta, egiten ari zen karitatezko obra miresgarriak bazterturik, bultza zitekeela ekintzarik doilorrenak egitera.

Beraz, arriskutsua da esatea gizakiak bere kontzientziaren arabera jokatzeko eskubidea duela. Kontzientziako askatasunak legitimitate osoa izango badu, konpromiso serioa hartu behar du egiaren bila ahaleginduko dela, besteren argudioak entzunez, arrazoibideari jaramon eginez, ebidentzien aurrean men eginez. Premisa horiek gabe, kontzientziako askatasuna bihur liteke setakeria eta fanatismo.

Ondorioa garbia da: etika unibertsalak agindu behar du kontzientzia partikular bakoitzaren gainetik.

2006/01/29

99

Page 100: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BAKARDADEA

Bakarrik bizitzeko gauza dena bakarrik izan daiteke zoriontsu. Bakarrik bizitzeko jaioak gara. Gauzarik inportanteenak bakarrik egiten ditugu. Bizitzako gertaera handienei bakarrik egiten diegu aurre. Sekreturik handienak norberarentzat gordetzen ditugu. Barneko ametsak eta fantasiak ez dizkiogu inori kontatzen.

Ikas ezazue bakarrik bizitzen eta bakarrik hiltzen, bestela jadanik hilda zaudete. Zenbat eta jende gehiagoren tartean bizi, orduan eta hilago.

Zein engainagarria den jende artean bizi zarelako seguru zaudela uste izatea. Ez zara ohartzen bakarrik zaudenik ondotik denek alde egin arte, edo espaloian ondoeza eginda erori arte. Hantxe egon beharko duzu poliziak aurkitu arte eta Samurrekoak iritsi zain Zergatik fidatu zara inguruko jendeaz? Ez al zenekien horiek ere, zu bezalaxe, piztia bakartiak direla?

Herri handietan dago bakardaderik handiena; ez zara anonimoa, ez zara eta kitto! “Anonimoa” soberan dago. Hiri handietan ez dago jainkorik, ihes egin dute. Hiri handietan ez dago deus, elkar ezagutzen ez duten aurpegi asko ez bada. Fantasmak ez daude kobetan, hiri handian baizik. Hiri handietan ez da entzuten diosolarik; hala ere, hori ez da okerrena, baizik eta ez dakizula diosala nork ukatzen dizun ere.

Hiri handietan ez dago kulturarik, uniformismoaren igitaiaz ebakirik daude patroi guztiak eta ezaren saskian daramatzate zakarrontzira. Hiri handietan ez dio inork entzuten txolarreari, kukuak ez du jo ere egiten.

Basorik txikienean zer ikusi eta zer entzun gehiago dago hiririk handienean baino, ke-hotsa eta zarata-usaina kenduta. Bakardadeaz gain, horra hor bi elementu bikain: nerbioak lasaitzeko, birikak garbitzeko...

2006/04/02

100

Page 101: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ISLAM-A

Hemerotekan apur bat arakatzen badugu, laster ohartuko gara erlijio islamiarra, neurri handian, terrorismoarekin erlazionatzen dela; batez ere I-11, M-11 eta U-7aren ostean. Baina Islam-a, berez, biolentziaren iturri al da?

Islam hitzak men egitea esan nahi du. Hain zuzen, Al-lâh-ri men egitea da islamiar fededunaren lema nagusia; Al-lâh-ri men egitea eta zuzentasunean bitiztzea. Bestalde, Qran-ean jasoak daude Al-âh-k profetei errebelaturiko agindu sakratuak. Profeta guztietan handiena Muhammah izan zen. Aditu askoren ustez, judaismoaren eta, batez ere, hasierako kristautasunaren eragina nabarmena da Muhammah-en pentsamoldean, nahiz eta musulmanek hori ez duten onartzen.

Onarrizko 5 ekintzek gidatzen dute musulmanen bizitza: shahada (fedea), salat (otoitza), zakat (limosna), siyam (baraua), hadj (Mekka-ra erromesaldia). Baina islam-a ez da fedea bakarrik, bizitza osoa ulertzeko modua baizik.

Qran-etik ateratako printzipio moralak eta aginduak dira Sharia-ren oinarriak. Horregatik, asko harritzen gaituzte (eta samintzen), adibidez, Nigerian egiten diren lapidazioek.

Eta, azkenik, biolentziaren afera. Zerk bultzatzen ditu islamiar asko hiltzaile suizida izatera? Islam-arena ote erantzukizuna? Egia esan, edozein erlijiok eraman lezake bat fanatismora, eta islamiarren artean ere, dudarik gabe, gertatzen da hori. Horretarako indarra aurki lezakete Islam-ean, hobeto esan, Islam-aren desbiazio interesatuan, baina kanpoko eragilerik gabe piztuko al litzateke su hori?

Guantanamoko gertaera mingarrien ostean Bushek egin zituen adierazpenak benetan krudelak eta oszenoak iruditzen zaizkit. Eta inork ez al dio kargurik hartu behar gizon horri?

2006/06/18

101

Page 102: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EZIN BERRITU

«BEN sei que non hai nada

Novo en baixo do ceo,

Que antes outros pensaron

As cousas que ora eu penso.

E ben, ¿para que escribo?

E ben, porque así semos,

Relox que repetimos

Eternamente o mesmo».

Ez dago zalantzarik. Arrazoi osoa zuen Rosalía de Castrok. Oso zaila da berritzea. Saiatuko zara mila eratara bata eta bestea probatzen, estiloa aldatzen, gai berriak jorratzen, baina azkenean zure seinalea han azalduko da: ildo bereko gaiak, estilo berean kontatuta.

Orain asko atzenduta nago, baina izan nuen nik garai bat, norbaitek bertsoa kantatu eta, alde-aldera, zein bertsolarirena zen antzematen niona. Egia da bertso-sen handikoa izan naizela, eta horrek erruz errazten dituela gauzak. Hori bezain garrantzitsua da, ordea, beste hau: bertsolari bakoitzak (eskola sortu duenak, bederen) bere «sinadura» eta guzti botatzen ditu bertsoak.

Oso zaila da berritzea. Hamaika liburu eder, autore handi askorenak, irakurri ditut nire denboran. Hala ere, autore baten liburu asko errepikatzen badituzu, liburu bera berriro irakurtzen ari zaren sentsazioa izango duzu azkenerako. «Relox que repetimos eternamente o mesmo», irudiko zaizu.

Areago oraindik, autore handi horietako batek liburu berria ateratzen duenean, itxaroteko pazientziarik gabe joango zara liburutegira, eta buru-belarri murgilduko bere orrialdeetan barrena, aspertzeko beldurrik gabe; baina estilo eta gai aldetik aldaketa nabarmenik sumatuko bazenio, ez zenuke hain gustukoa izango. Irakurleok ez gara ibiltzen sorpresa bila, baizik eta estereotipoa bermatu nahian.

Bakoitzak bere estiloa du, bere mundua du. Hanka-sartzerik handiena da beste bati jarraitu nahi izatea. Imitazioa da plagiorik txarrena.

2006/10/15

102

Page 103: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

GAZTEAK

Hiri txikia da. Euskal Herriko askotxo bezalakoa. Berezitasun bakarra dauka, nik kasik igandero bisitatzen dudala; oso goiz bisitari ere, okinak-eta ateak irekitzen hasterako. Hiri horretatik ateratzen den autobus baterako bidaiaria eramaten dut Gero herrira itzultzen naiz, ‘kroisanta’ eta egunkariarekin. Hala ere, gauza asko ikusten dut denbora laburrean. Horretarakoxe dauzkat begiak, edozein mugimenduren aurrean bere kasa luzatzen zaizkidan begiak. Baina ez naiz begi-luzea. Gehienez ere artikuluxka bat idazteko adina xehetasun jasotzen dut, eta inoiz ere ez protagonistaren izena. Nagusiki, ez dudalako jakiten; baina jakinda ere ez nuke adieraziko. Herri txikiegia da gurea, izenak publikatzen hasteko. Horregatik ez dago hemen horrenbeste telezaborra.

‘Kroisanta’ eta egunkaria hartzen ditudan dendaren parean parke txiki bat dago, aulki eta arbola bakan batzuekin. Joan den igandean, neska bat zegoen horietako baten gainean, luze adina zabal etzanda, gordean beharreko batzuk agerian. Begi-bistakoa da edana zegoela. Halabeharrez, adineko bikote bat pasatu zen ondotik. Emakumeak marmarrean ezpainak aletzen zituen bitartean, gizonari begiek egiten zioten ihes, maltzurki. Autoa aparkatu nuenerako, bi mutil gazte iritsi ziren; berdoztu abartuta, baina sano, sano alde guztietatik. Lehenik, arropak bere tokian ipini zizkioten neskari, eta gero zer moduz ote zegoen jakin nahi izan zuten. Azkenik, telefonotik deika barrundatu nuen bietako bat. Alde ederreko portaera gazte haiena arestiko senar-emazteen jokabidearekin konparatuta, gu inoiz mozkortu ez bagina bezala. Gazteek hamar buelta ematen dizkigute gauza askotan. Aitor dezagun!

2006/11/12

103

Page 104: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

LEKUAK

Ez da plagioa. Gertatzen da hark ere badituela lekuak, Atxagak bezalaxe. Haurtzaroko lekuak. Baina norbaiti gaizki iruditzen bazaio, «tokiak» deituko omen die, eta kitto! Tokiz kanpoko eguraldia egiten ari du, azaroa izateko. Goiz giro aparta egiten zuen gaur, ilargiaren errainupean. Arbolak ere hostotan daude oraindik. Zer da udazkena ala udaberria? Hego haize punttua dabil, Nañarriko haitzaren mugimendu berezietan ikus daitekeenez. Goizean goiz atera da etxetik. Bidegurutzean, pentsakor, segundo batzuk eman ostean, Arkakako bidea hartu du. Amundarain ibaia kristal kolorean dator, emeki-emeki, soinu eztia dariola, txorien kantuei hondoa ipiniz. Osinberdera joan da aspaldiko partez. Ura biziki hotz ari zen jaiotzen, beti bezala; eta irakinean ari zela ematen zuen, betiko sentsazioa eraginez. Kanalik kanal iritsi da Deposituetara, gaztetako hainbat egonaldi eta ibiliren testigu den tokira, jai arratsalde asko hantxe igaroa delako.

Deposituetatik Ausoegira; handik, Floreagaren gainaldetik barrena, Iparragirre eta Bitorietxeren tartetik Igartzetara. Oroitzapen iturri oparoa du Igartzeta, edan nahi izanez gero. Jaiotetxetik hirurehun metrotara, Igartzetan hasten zen harentzat mundua. Igartzetak jolasa esan nahi zuen, lagunak, irratia; eta kontu asko jakitea, emakume hiztun egoki eta atsegin haien ahotik, bere ama tarteko. 50 urte igaro dira geroztik, eta lehen belar-zuloak eta ukuiluak ziren tokian, gaur etxebizitza bikainak dauden arren, ez zaio iruditzen hainbeste aldatu denik. Izan ere, orduko protagonista nagusi batzuk bizi dira oraindik, eta bizi bitez. Beste ezerk ez du, bizitza honetan, sinbolo biziek adinako indarrik.

2006/11/19

104

Page 105: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

AMERIKETAN

Beste garai batzuk ziren haiek. Barre egiten zioten, astoarekin errotara etortzen zenean. Isilik eramaten zuen ezina, isilik gordetzen samina. Etxean ondo hezita joaten zen kalera. Esaten zioten: “zer jaten dugun galdetzen badiate, hik ez txintik ere”. Baina ahal zuenean bakarrik betetzen zuen agindua, bestela belarritik tiratu edo besoa bihurritzen zioten. Eta lehen herri txikikoa nahikoa ez bazen, gero handiagora bidali zuten.

Obabako Manuelen historiak irakurrita hasi zen dena gogoratzen. Baserriko ilobak bidali zion, «San Martinetako odolkien partez» Bai, Manuel, maistraren etxera joaten zena eta, eskolako estufa pizten zuena eta, obrako langileek zanga-zulora bota zutena eta... Oso identifikatu zen Manuelekin. “Arrunt polita da; asko gustatu zait, batez ere Manuelen historiak”, erantzun zion ilobari sakelako telefonoaz bidalitako mezuaren bidez.

Herri handira joan zenean, lehenaz gainera, mundua gainera erori zitzaion. Baserritar kutsu guztiak birrindu nahi izan zituen, eskobila latza eta lejiaz larru-azala zuritu nahi lukeenaren antzera. Eskolako lagunek euskaraz entzun ez ziezaioten, isilik joaten zen izebaren ondoan, meza nagusitik etxera. Arratsaldean zinemara edo futbola ikustera joaten zen, kaletarren legera, nahiz eta batere ez gustatu. Bertsoak gustatzen zitzaizkion.

Gero Ameriketara joan zen. Han, aurrena artzain eta gero auto saltzen atera zuen bizimodua. Orain herrira itzuli da. Hori da aldea sumatu duena! Artzain festa egiten da nonahi, eta baserria dago modan. Herri handiko ikaskideek lehendakariak baino euskaldunagotzat dute beren burua, nahiz erdaraz jarraitu, eta bertso eskolara bidaltzen dituzte bilobak.

2006/11/26

105

Page 106: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

AKAINA

Akaina mozorroa da, akaroen familiako araknidoa; parasitoa, jakina. Aberen larruazala du bizitoki, eta horiei odola edanez bizi da. Zuri-zuria izaten da, globo txiki baten gisakoa, luzakin batzuk alboetara dituela. Benetan higuingarria da, bai bere morfologiagatik eta bai izaeragatik. Batzuetan, odol gehiegi edaten du; orduan, lehertu egiten da.

Sinbolo eta metafora bikaina da, munduan sarri askotan gertatzen dena irudikatzeko. Esate baterako, sofistikazioaren azken muturreraino iritsi arte, jende asko ez da ohartzen okituta dagoela, ezin duela gehiago bizimodu mota horrekin; orduan hasten da lasaitasunaren bila, mendiarekin eta naturarekin amets egiten, baserria baloratzen. Horri deitzen diot nik «akaina bezala, odol gehiegi edanda lehertzea».

Eta edozein arlori aplika dakioke. Dudarik gabe, horrela amaitu dira gerra asko; hainbesteko sarraskiak egin izan dira, zeinek giza neurri guztiak gainditu dituzten; eta, gehiago jasan ezinik, orduan erabaki da bakeak egitea. Horixe gertatu zitzaion EE.BB-i Vietnamen eta horixe gertatzeko bidean dago Iraken.

Etxekoa aztertzeko ere balio digu metafora horrek. Hemen ere akainaren portaeran eraikia dago bake nahiaren zutabeetako bat: gehiago jasan ezinak eraman «gaitu» zerbaiten bila hastera.

Tristea da esatea, baina hori da egia. Gainera, oso zaharra da historia hori. Hor ditugu, adibidez, Pablo, Agustin, Franzisko, Ignazio... euren gaztaro luzean, bakoitzari bere ildoan, akainaren gehiegikeriak gogor erasanak. Jakina, kasu horietan merezi izan zuen leherketak, santu bihurtzeraino zintzotu baitziren, baina beste askorekin ez da horrelakorik gertatu; Bush eta konpainiarekin gertatuko ez den bezala.

2006/12/31

106

Page 107: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PAGABURUA

Joseba Zulaikak liburua idatzi du, liburu sakona, sinboloz eta errealismoz jantzia; prosan esana, baina poesiaren zimikoa eragiten duena: “ETAren hautsa”. Besteak beste, Euskal Herriko historia espiritualaren dokumentua ere bada, edo horixe da funtsean, edo horren krisia.

Kapitulu guztiak dira interesgarriak; nik, gaur, bereziki, “Judaren ebanjelioa” gogoratu nahi nuke. Ezinbesteko traizioaren historia da Judaren ebanjelioa.

«Traidorea» beti etxekoa izaten da, ustez zure ideia eta posizionamendu berak defenditzen dituena; antagonisten artean ez dago «traiziorik», borroka baizik.

Eta «traizioaren» premiaz mintzatzen da Joseba. Nik ez nuke horrenbeste esango, hau da, berez premiazkoa denik, baina bai ederki aprobetxatzen dutela batzuek besteen “saldukeria”.

Adibidez, konponbide politiko guztiak «traizio» dira, zeren inoiz ez du inork lortzen nahiko lukeen guztia. Irlandako kasua aipatzen du Zulkaikak. De Varela da protagonistetako baten izena. De Varelak ez zuen sinatu nahi britarniarrekin konponbidea, zeren horrek, Josebaren hitzetan, «denen aurrean agerian utziko baitzuen bere inpotentzia eta umiliazioa» Orduan Colins bota zuen aurrera, britaniarrekin akordioa egin zezan.

Zenbat aldiz ez da toki gehiagotan ere horixe bera gertatu? Eta oraindik gertatu behar dutenak! “Politikoki kostu handia dauka horrek” diogunean, horixe esaten ari gara: besteek egindakoa kritikatu, inoren aurrean ondo gelditu, elektoralki kosturik eta arriskurik onartu ez, baina etor lekizkigukeen onurak inork baino gehiago aprobetxatu.

Horixe da pagaburua: “cabeza de turco” gisako zerbait, denek eraso egiten diotena, baina denen morkotsak sutatik ateratzen dituena.

2007/02/11

107

Page 108: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ESTELLA-LIZARRA

«Gaur» martxoaren 17a da, larunbata. Egun honek ez dit ezer berezirik gogorarazten, ez dezaket esan egun seinalatua denik niretzat, ez; egun bat gehiago besterik ez. Baina, agian, izan daiteke datorren urtean; adibidez, ikusiko dugu zer ematen duen Irakeko gerraren aurkako protestak.

Hamabiak eta laurden dira. Estella-Lizarran nago. Orain horrela da ofizialki, edo horrela izango da etorkizunean, baldin izen bikoitz horiek etorkizunik badute, uste baitut batzuentzat beti Estella izango dela, Miguel Sanzentzat kasurako, eta beste batzuentzat beti Lizarra; ni neu, ahulenaren alde egon ohi naizenez, Lizarra indartzearen aldekoa naiz, gutxienez Estellaren parera iritsi arte.

Esaten ari nintzen Estella-Lizarran nagoela; «Los llanos» parkeko aulkian eserita ari naiz artikulu hau idazten (zein arraroak garen idazleak), hozkirriak aurpegia igurzten eta betaurrekopean malko emozio gabeak ditudala; gorputzaren malkoak dira, ez arimarenak, eguraldiak eraginak. Atzo bai; atzo arratsaldean arimaren malkoek erasan zidaten adiskide baten hiletan, Miguelen azken agurrean.

Hona etorri aurretik Foruen Enparantzan egon naiz. Han manifestazio bat amaitu da; Colhogar enpresako langileak ziren; 69 egun daramatzate greban, sindikalistak bere hitzaldian esan duenez; oso zuzenak iruditu zaizkit eskakizunak. Amaieran nik ere txalo egin dut, garbi ez dakit zergatik: errebindikazioen alde nengoelako edo aspaldiko gure ibilerak (bi hilabete oso greban igaroa naiz) oroitarazi dizkidatelako.

Orain zergatik ez da egiten greba gehiago?; horren falta nabarmena sumatzen dut. Hona nentorrela, berriz ere txalo jo diet Colhogarreko langileei; oraingoan isilean, barrendik.

2007/03/25

108

Page 109: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ABERRI EGUNA

Zer ospatzen da, gaur, Aberri Egunean? Ezer ez. Gaurko Aberri Eguna ez da lehengoaren errazkinetarako ere (Goierriko esapidea; errazkina: gari-bala lortzeko erabiltzen den –gari-lasto– eskutada). Nioen lehengoaren errazkinetarako ere iristen ez dena; edo, gehienez ere, haren “parodia”. Lehen «egin» egiten zen eta orain «ospatu» egin beharko litzake. Baina ez bata eta ez bestea, inertzia eta folklore kontua da dena.

Testuingurua aldatzen denean, gauzen edukia eta funtzioa aldatzen ez badira, sortzen diren fruituak kimera hutsak izaten dira. Nire ustez, pasatu zen Aberri Egun errebindikatiboak egiteko sasoia, edo horrek pisu erlatiboa izan beharko luke, eta ez jokatu dena sekulako desastrea balitz bezala.

Uste dut testuinguru orokorra zeharo aldatu zela diktaduraren amaiera eta estatutuaren aldarrikapenarekin, nahiz eta oraindik egon defizitak eta lotu beharreko hari-punta solteak, edo soka-muturrak. Baina hori lan politikoa da. Oso legitimoa da, eta osasungarria, eskubide politikoak aldarrikatzea eta lortzen saiatzea; inoiz ez dira nahastu behar, ordea, eskubide politikoak eskubide naturalekin.

Gaurko Aberri Egunak, batez ere, ospakizun izan beharko luke. Gauza asko daukagu ospatzeko. Ez naiz hasiko, adibidez, konpetentzia guztien zerrenda egiten. Aipatu nahi nuke, alafede, konpetentzia askok bererik eman ez badu, errua gurea dela; adibidez, “vox populi” da euskarazko telebistaren programazioa eskasa dela. Nork eta zerk du horren errua? Politikoki agintzen duenak fondoak 2. katera bideratu izanak.

Ez da zuzena gaizki egindakoa estaltzeko beti zerbaiten eske aritzea. Badirudi hemengo alderdi nagusia agintean eta oposizioan dagoela aldi berean.

2007/04/08

109

Page 110: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ESTETIKAREN ARRISKUA

Duela hilabete batzuk, idazle baten elkarrizketa irakurri nuen. Beste gauza interesgarri askoren artean, zera zioen: ez zuela irakurri nahi Marcel Proust baino apalagoko ezer; gainera, ez ziola axola zer esaten zuen, nola esaten zuen baizik.

Zer adierazi nahi zuen ongi igarri ez banion ere, edo agian horrexegatik, buelta asko dizkiot gaiari, eta ondorio honetara iritsi naiz: sarritan arrisku handia dagoela estetika hutsean geratzeko. Bertso batek, poema batek, idazlan batek eragin dezake emozio estetiko izugarria, baina hortik pasatu ez; alegia, estetikak mezua estali, publikoa konpromisora bultzatu gabe. Adibidez, poema ederra idatz dezaket ekologiaren gainean; hain ederra non estetikan amaitzen den dena, eta inori eragin ez periodiko-orri bat bera ere dagokion ontzian bota dezan, birziklatzeko.

Beste zentzu batean ere ulertu behar da estetika idazleon artean: ahal dela, inori minik eman gabe idatzi. Pere Saboritek dioen eran, erretorika klasikoaren lema alderantziz da orain: “Egiaren lagunak baino areago izan gaitezen Platonen lagunak”. Ondo gelditzea da helburua, lagunak galtzeko arriskutik urruntzea.

Estetikak badu hirugarren arrisku bat ere: idazleak ez ditu ikusten bere buruan islaturik errealitatearen aztarnak, baizik eta mundua ispilutzat hartzen du, bere irudirik onena modurik komenigarrienean proiektatu eta preziorik altuenean saltzeko.

Helburua ez da errealitatearen berri ematea, baizik eta inor seduzitzea, “zein onak garen” aitor dezan. Adiskide eta inplikazio bila gabiltza etengabe. Gaur egun, baserritarren arteko metafora hau gogoan, gurdi-kargatzaile ona izan behar da, azkeneko orraztura arteko guztia zaindurik.

2007/04/15

110

Page 111: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IRAGARKIETAKO HIZKERA

Seduziozko joko isila dabil iragarkietan, eskaparate eta telebista edo kale-kantoietan; inori begiratu gabe dena ikusten; inori deitu gabe denak erakartzen; bakoitza bere aldetik, nor bere bizimodua eginez. Eta oso ondo ikusia dago bakoitzak bere bizimodua egitea. Bai, horrelaxe, inor molestatu gabe, euren bizimodua eginez pasatzen dira iragarkiak gure begien aurretik, baina, aldi berean, ikusleok liluratzeko pizgarri eta osagai guztiekin.

Lehendik oraina asko aldatu dira gauzak. Lehen zuzenagoak, bortitzagoak, arrak ziren iragarkiak; hitz batean esateko, konkistatzaileak. Lehen, hortzetako pasta iragarri behar bazen, honela adieraziko zuen: “recomendado por LOS dentistas”; orain, aldiz, honela: “recomendado por dentistas”.

Ez dagoela alderik? Bai galanta! Gaurko iragarkiek inuxente aurpegia dute, ezer egingo ez balute bezala inguratzen zaizkizu, edo inguratzen zaituzte; oharkabean sartzen dira etxean, etxeko gela guztietan; deskuidatuz gero, lotara ere zeurekin doaz, zeuk batere ez dakizula.

Gaurko iragarkiek emakume tradizionalaren antza dute: beren burua erakusten ari dira etengabe, baina inolako desiorik ez balute bezala, aurrerik hartu gabe. Seduktoreak dira, interesgarriak; ez dute adieraziko, ordea, desio gaituztenik, behar gaituztenik

Gaurko iragarkietan ez duzu antzemango gauza baten goraipatze nabarmenegirik; ia-ia aipamen zuzenik ere ez; zeharkakoa eta subliminala da dena, dena edo... asko behintzat; amu txikiak, karnata puska txikiekin, baina ondo prestatuak, arrantza erraz egiteko.

Eta guk, amuarrainak izaki, berehala heltzen diogu amuari, eta eztarrian trabatzen zaigu; horregatik gabiltza beti erdi itoan.

2007/04/22

111

Page 112: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BEASAINEN EUSKARA

Herenegun Beasainen izan nintzen. Han nengoen espaloiari hankak tinkaturik eta sorbaldarekin Oriamendi kaleko etxe-sail bati eusten, andrea arrain pixka bat erosi eta itzuli zain. Arrandegian sartu eta handik, arrain txuriarekin eta poltsa txuriagoarekin, irten zen bitartean gauza asko ikusi nuen.

Eguraldiak asko laguntzen zuen, jendea kalera irten zedin. Eguzki printzek betaro jotzen zuten; eta, hegoaren laguntzaz, oraindik beroago egiten zuen. Horrek, nola ez, oinak mugitzera behartu ninduen, eta ikusmira asko areagotu zitzaidan.

Eskaparateak ere alaiago ikusten ziren eguzkiaren argitan, eta manikiak udako arropaz jantzita. Nik uste nuen eskoteak eta praka motzak modaren kontua zirela, baina herenegun garbi geratu zen eguraldiaren ondorioa direla.

Denbora laburrago iruditze aldera, Thomas Mannen liburua, liburu bat, nuen eskuan. Begiak liburuari itsatsiak banituen ere, belarriak aurrealdetik pasatzen zen jendeari luzaturik neuzkan. Harritu ziren, euskara barrundatu baitzuten gehienen ezpainetan. Hogeita hamar bat lagun igaroko ziren han egon nintzen bost minutuetan, eta %90ek euskaraz egin zuen. Ez nuen uste Beasainen horrelako lagin batekin topo egin nezakeenik.

Euskaldun tankera gutxiko gizasemea zen horietako bat: aurpegi-borobil, ile-kizkur, sudur-motz, kolore ilun eta betaurrekoduna. Automatikoki eraman zuen eskua tinbrera. Ez nuen entzun goikoak zer esan zion, baina behekoak “ni naiz” erantzun zion garbi-garbi. Segituan ziren bi mutil koskor aitaren ondoan, hirurak euskaraz aldendu ziren nire bistatik.

Kasualitatea? Beharbada, bai; baina, jakina, egoera sozio-linguistikoa aldatzen ari den seinale ere bai. Ez da gutxi.

2007/04/29

112

Page 113: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

AUTOSUFIZIENTEAK

Orain dena da “auto”, autonomiatik autoestimuraino. Damurik, zein gutxi ohartzen garen hor dagoela auto-engainua ere. Autismoa ez dugu aipatuko. Esango dugu, edo diogu geure buruari, axola digula inoren iritziak; axola digu, gure autoestimua indartzen laguntzen badigu.

Oso erlijiosoak izan gara; ahaztu zaizkigu, ordea, gauzarik gehienak; bat izan ezik; alegia, erlijioak asko balio duela bakardadea uxatzeko. Kuriosoa da:. Jainkoak galdu du indarra gure bizitza antolatzeko irizpide gisa, moral emaile moduan; legearen menderago gaude etika eta moralarena baino; baina ederki datorkigu Jainkoa, hurkoarekin galdu dugun harremana errekuperatzeko; harreman “pertsonala”, ez-morala, sortu dugu Jainkoarekin. Lagun ikusezina oso komoda da, nahi dugunean bakarrik jotzen dugu beregana; gu haserretu arren, Bera ez zaigu haserretzen; gure konfidentea da, lagunaz gain. Hori ote da hainbestetan aipatzen den eta bidean omen datorren erlijio pertsonalizatuaren ernemuina?

Horrela, hurkoarekin harremanik gabe, uste dugu autosufizienteak garela; izan ere, badugu etxea, ura, sua, telebista, autoa, internet... Poetak zioen eran: “..Badut andrea, badut semea, alaba ere badut nik; osasun ona batetik, ondasun aski bertzetik, zer behar dut gehiago nik”.

Ez gara ohartzen, nonbait, hortik datorkigun dependentziaz. Bi eratan, gainera; alde batetik, ez dakigu horiek gabe bizitzen; bestetik, euren mende gaude; aski dugu aberia bat, gure plan guztiak hankaz gora ipintzeko. Ondoren, hor etorriko zaigu teknikoa. Behar-beharrezko hitzak baino ez ditugu trukatuko. Ordaindu eta kitto; hurrengo egunean kalean ikusten ez badugu ere, ez daukagu agurtzeko obligaziorik.

2007/05/06

113

Page 114: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

LARRAITZ

Behin behar eta, ez zegoen aldrebes. Hiru eta erdiak ziren puntu-puntuan, autoa ermitaren aurrea utzi nuenean. Zehatzago esanda, ostegun arratsaldea zen, maiatzak 10. Zaila da Nañarri aipatu gabe Larraitzez mintzatzea, bata bestearen jarraipena baitira. Bien artean osatzen dute inguru paregabea, batez ere orain, maitatzeko hil santuan.

Ez da erraza giro atseginagorik topatzea; eguzkiak tamaina jotzen zuen, eta haizea zebilen, tenperaturari neurrian eusteko. Larraizko arbolak hazi egin dira; gero eta gerizpe itzelagoa eskaintzen dute. Badira mahai eta aulkiak, hala nahi lukeenak balia ditzan; horietako batean eserita egon nintzen ikusmiran; ez dut damurik. Hala ere, eguraldi hari zegokion baino jende gutxiago zegoen. Larraitzen. Artean goiz ote?

Tabernatik ere egin nuen sartu-ertena. Sartu eta gaurko pilotaririk onenen argazkiak daude aurrez aurre: Barriola, Irujo, Olaizola II.a... Eskuin aldean, erretiratuak ari ziren musean.. Taberna txikian kabitzen ez zirenak barruko jangelan ikusi nituen Musean hasi aurretik, sarreran bilduta egoten omen dira kontu-kontari, bakoitzak deritzona botaz, nahiz eta sarritan zuzenegi ez jardun.

Gizonak adina makulu ez zen izango, baina bai makuluak karga handiari eutsi beharrekoak; bereziki bat, Txirritaren inbidiarik gabekoa. Herrenak herren, pozik eta umoretsu ikusi nituen guztiak; eskertsu ere bai, adin horretara iritsi eta horrenbestean moldatzeko gauza direlako. Gauza ederra da mugak zein diren jakitea eta are ederragoa, mugak gora-behera, bizitzaz gozatzea.

Abaltzisketa, Amezketa eta inguruko erretiratuek ez dute tokirik txarrena aukeratu eguneroko bilera egiteko. Larraitz beti Larraitz baita.

2007/05/20

114

Page 115: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PARABOLA

Bada Schopenhauer-en parabola polit bat. Gutxi gora-behera honela dio: “Neguko egun hotz horietako batean, arantzurde (puercoespín) talde bat elkarrengana hurbildu zen, bata bestearen kontra estu-estu jartzeraino, hotzetik babesteko, izoztu ez zitezen. Baina berehala nabaritu zituzten elkarren arantza-ziztadak, eta ez zitzaien geratu berriro elkarrengandik urruntzea beste erremediorik. Hotza ikaragarria zen, ordea, eta bero-premiak ostera ere elkarrarazi egin zituen; jakina, lehen bezalaxe, ziztada biziak nozitu behar izan zituzten. Halako batean, horratik, hartu zuten distantzia egokia, eta babestu ziren hotzetik elkarri minik eman gabe.

”Horrelakoxea da lagun-premia; gure barren huts eta nora ezetik sortzen da; horrek bultzatzen gaitu elkartzera. Sarri askotan, ordea, gure izaera gogor eta hainbat akats jasanezinek iskanbilatsu urruntzen gaituzte elkarrengandik. Kortesia eta ohitura finak dira pertsonei distantzia egokian eusteko modu bakarra. (...). Egia da erdizka baino ez dela lortzen elkar berotzea, baina konpentsazioa ere handia da; ez duzu nozituko inoren zulaturik. Dena dela, nork bere baitan berorik aski baldin badu, nahiago izango du urrun jarraitu, endredorik eman eta jaso gabe”.

Parabola polita dela esan dut hasieran; egia da. Hala ere, ez du dena esaten. Adibidez, Schopenhauer-ek ez zuen kontuan izan arantzurde batzuek oso arantza gogorrak eta zorrotzak dituztela eta besteek, aldiz, kamutsak eta bigunak. Beraz, batzuek ematen diete besteei, beti, min. Nik, ahal banu, arantza bigundunei gogorragoak ipiniko nizkieke. Ez, noski, guztiei; badakit eta, arantza zorrotzak izanez gero, eurak izango liratekeela okerrenak.

2007/07/15

115

Page 116: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

LAGUNARTEA

«Lagunartea» da munduko hitzik polisemiko eta nahasgarriena. Badut adiskide bat, eztabaidarik txikiena piztu orduko, zerikusirik izan ala ez, berehala esaten diona edonori eta edozein egoeratan: “hik baino lagun gehiago zeuzkat nik”. Ziur nago konbentzituta esaten duela. Baina ziur nago, aldi berean, pertsona hori ezagututa, kopuruaz eta axaleko lagunez mintzatzen dela. Oso kontzeptu zabala dauka «lagunari» buruz. Harentzat lagunak dira ‘barman’ak eta mostradoreko ‘women’ak; lagunak dira idolotzat hartuak dauzkan pilotariak eta karreristak, urtean behin Errioxara eskurtsioan elkarrekin joaten direnak, herriko festetan jantzi berarekin mozorrotzen direnak, lantegiko guztiak, sagardotegira afaltzera joaten direnak, egunero elkarrekin baxoerdiak hartzen dituztenak, ostegunetan Galarretara erremontea ikustera joaten direnak edo larunbatean musean elkarrekin jokatzen dutenak; elkarrekin lehenengo jaunartzea egin zutenak, eta beste hainbat, nahiz eta non bizi diren ere jakin ez, edo berrogei urteotan batak bestearekin hitzik egin ez.

Ez dut esaten horiek lagunak ez direnik, baina berresten dut axaleko lagunak direla. Jolaserako eta dibertimendurako «objektu» hutsak, asperdura uxatzeko eta barne-hustasuna estaltzeko tresnak.

Badut beste adiskide bat, lagun bakar bat ere ez duela ezagutzen esan izan didana. Honen ustez, sekretuak lasai azal dakizkiokeen hura bakarrik da benetako laguna. Esango nuke gauzak estuegi hartzen dituela. Helburu eta espektatiba kontua da dena. Ederra da muserako lagunak izatea, baina hanka sartzen dugu museko lagunari konfidentziak egiten hasten garenean. Mailak daude; bereizten jakinez gero ez dago arazorik.

2007/07/29

116

Page 117: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TXILBORRA ETA BIHOTZA

«Ez da bekatu txilborra erakustea, bihotza ezkutatzea baizik». Badu funtsik! Mundua mundu denetik, gizakia plazeraren bila dabil, eta beharrezkoa du, gainera, bere garapen eta heldutasun psikologikoarentzat. Plazerik gabe zer litzateke gizakia? Fraide bati entzuna da: “Jainkoak sorkuntza plazerarekin uztartu ez balu, mundua hutsik egongo zen”. Beraz, beste edozein plazer bezain legitimoa da plazer sexuala Jainkoarentzat, edo are legitimoagoa, zeren, kontuan ateratzen hasita, beste ezer ez zen izango sexuaren plazer sortzaile eta santurik gabe. Horregatik, zeharo harritu naiz liburu batean honako hau irakurri dudanean: “Placeres legítimos”. Jakina, sexu-gozamena ez da hor sartzen. Baina, orduan, zergatik ez gara mintzatzen ‘emozio legitimoez’?

“El fundamento teológico del placer sexual” da lehen aipatu dudan liburuaren izena. Zera galdetu beharko genuke: ea zergatik behar duen oinarri teologikorik plazer sexualak eta ez, adibidez, plazer artistikoak, estetikoak, intelektualak edo espiritualak.

Nik badakit zutabe hauek irakurtzen dituzten gehienentzat alferrik ari naizela, eta, segurenik, barre eta burla egingo dizkidatela, gauza horiek tabu izatetik zeharo gainditzera aspaldi pasatu ginelako, ezkertiarrak baikara. Hain zuzen ere, horixe da arazoa, azkarregi pasatu ginela, benetako ezkerraren presupostuak eta edukiak garatu gabe. Eta gaurko ezkerraren sinboloak miresableak dira, zinez lepoa estutzen digutenei koskabiloak bihurritzeko konturik gabe; adibidez, bankari.

Hortaz, ez da nahikoa txilborra erakustea; ezinbestekoa da bihotza agertzea ere, hau da, munduko egoera trakets eta krudela iraultzen ahalegintzea.

2007/08/19

117

Page 118: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

NORK BEREA

Azkarregi hartzen dugu, sarritan, inor ezjakintzat. Iruditzen zaigu guk menderatzen dugun esparruan dagoela munduko jakinduria osoa, edo gure kultura dela eredu eta izar bakarra munduan. Guk bagenuen kolegioan «Atlántiko de Bilbao» esaten zuen lagun bat. Ez zuen jakingo, noski, futbolarien izenik. Izatekotan ere, Maguregui edo horrelakoren batena, anaia zaharragoarekin soldadu egon zelako-edo. Eta haiek barreak egiten zizkioten, batez ere bizkaitarrek.

Baina Urbiara, Iturrigorrira edo Katabera aldera joaten ginenean, bideko arbolen izenak eta arboletan pausatzen ziren txori guztienak esaten zizkigun (euskaraz, noski); hanka-arrastotik ezagutzen zituen animalia asko: azeria, azkonarra, etab. Jakintza hori, ordea, ‘cosa de caseros’ zen beste haientzat.

Herman Melvillek badu pasarte bat, Moby-Dick nobelan, horrekin zerikusi handia duena. Sag Harbor-en gertatu zen. Ontzi-jabe batzuek, karretila utzi zioten Queequeg arpoilari afrikarrari, bere baul pisutsua ostatu-etxera eraman zezan. Zer egingo eta baula karretila gainean estu-estu lotu ondoren, hartu dena bizkarrean eta hor doa gure Queequeg, moilean barrena, denak barrez dituela. Aztiago ibili beharko zukeela esaten dio lagun amerikarrak; orduan honako hau kontatzen dio: “Kokovokotarrek, ezkontzetan, kokoari zukua atera eta kalabaza batean ipintzen dute. Behin batean, ontzi europear bateko kapitaina gonbidatu zuten ezkontzara. Zeremoniari ekiterakoan, apaiz nagusiak bere hatz sakratuak sartzen ditu zukutan, bedeinkatzeko. Kapitainak, hartarako zela uste eta, eskuak garbitu zituen zukutan”.

Zer uste duzue, kokovokotarrek ez zutela barrerik egingo kapitainaren hanka-sartzearekin?

2007/9/16

118

Page 119: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PAPERAK

Ni paperduna naiz, hitzaren esanahirik zabalenean. Zorte handia dut horretan. Ni hemengoa naiz; izena dut, agian, kanpokoa, baina neronekin batera hemengotua. Hori da gure hizkuntzaren meritu eta bizi-indar handietako bat: kanpoko hitzak transformatu eta geureko nortasun osoarekin itsastea. «Errupin» baino askoz zaharragoa da nirea, eta, honezkero, nirekin beharko du bizi naizeno. Ez dut inoiz pentsatu izen itsusia dudanik; beste kontu bat da neu nolakoa naizen, baina tira!

Paperduna naizela esan dut, eta paper asko iristen zait etxera: estraktuak, fakturak, publizitatea, literatura-lehiaketei buruzko informazioa, gonbitak… eta aldizkariak eta liburuak, erakunde ofizialetatik eta partikularretatik. Asko eta asko paperontzira joaten dira zuzenean; beste batzuk pozik gordetzen ditut, adibidez ‘Karmel’ aldizkaria. Lasai Luis, ordainduko dizkizuet-eta harpidetzagatik zor dizkizuedan 12 euroak

Hortxe irakurri dut kritika bat, Joseba Felix Tobar-Arbulurena, eta gogor mintzatzen da idazleak «neutroak» direla diotenaren kontra. Beraz, nire kontra ere egongo da, nik ere berdin pentsatzen baitut, ez dagoela bere kasako inspiraziorik eta goi-argirik, baizik eta beharrak eta lanak bihurtzen duela bat idazle. Areago oraindik, bakoitzak bizi duen munduaz kanpo inor ez da gai ezer pentsatzeko eta irudikatzeko; irudimenak ere mugak ditu; muga hori, hain zuen, bizi dugun mundua da.

Behin batean, bertsolari batek hala esan zion besteari: “Hik ez duk pentsatzen, hiri okurritu egiten zaik”. Ondo berstolarien ateraldia da, bai; oso polita; baina gure kasuan berdin dio «okurritu» edo «pentsatu» biak gertatzen dira bizi garen munduaren barruan.

2007/10/21

119

Page 120: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

JAKIN-MINA

Aitortzen dut jakin-minez beteriko «ontzia» naizela. Ezinbestekoa da niretzat ontzi hori hustea, jakin-mina asetzea. Esan ohi denez, topikoa da herri txikietan denok ezagutzen garela. Adinean aurrera goazenok, ordea, frogaturik dugu ez dela horrela, batez ere lantegia urrun samar baldin badugu edo asteburuak auzo-herrian igarotzeko ohitura izanik.

Lanetik itzultzen naizenean, ogia erostea izaten da nire eginkizun nagusia. Okindegian beti egiten dut topo ezezagunen batekin, haur edo kanpotik etorri berriren batekin. Propio geratzen naiz haur edo kanpotarra irten zain; gero, segituan galdetzen diot ogi-saltzaileari ume hura nongoa zen edo kanpotarra zein etxetan bizi den.

Batzuetan haserretu egiten naiz nire buruarekin, esanez zer axola ote didan niri, eta zein helburu arraiorekin aritzen ote natzaion galdezka. Jakin-min hutsarengatik jokatzen dut horrela. Baina jaurti beza lehenengo harria bekatu horretatik erabat libre dagoenak. Esango nuke pertsonaren behar handienetako bat dela jakin-mina asetzea.

Ondorioz, Maslow-ek deskribatu zuen gizakiaren beharren zerrendan sartuko nuke, hau da, behar fisiologiko, segurtasun-behar, taldearekiko atxikimendu, lorpen profesional eta autorrealizazioaren beharrari jakin-mina asetzea erantsiko nieke.

Beste horrenbeste esan daiteke komunikazioaren teoriari buruz. Oraingoz, lau xede nagusi jotzen dira komunikazio-ekintzaren ardatz nagusitzat: eragitea (konbentzitzea), informatzea, harremanak estutzea eta emozioa sortzea. Bosgarren bat ez al litzaioke erantsi behar zerrenda horri, jakin-mina asetzea? Ziur nago hitz egiten dugunaren erdia baino gehiago bosgarren xede horrekin egiten dugula.

2007/10/28

120

Page 121: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

KOARTADA

Jartzen zara pentsatzen eta itsusia, oinarri eskasekoa, argudiatzen zaila, iruditzen zaizu kolpean 498 dohatsu egitea. Hala ere, helduleku urriko gaia irizten diozu, eta erabakitzen duzu horretaz ez idaztea. Ordea, iristen da dohatsu egin behar dituzten eguna eta dena prest dago Erroman eta Vatikanoan, eta Aita Santuak hartu du hitza, dohatsu berrien familartekoei eta 70 gotzaini agurra egiteko. Baina egun horretan ere ezin zara bizi ogirik gabe, ogiarekin bakarrik bizi ez zaitezkeen arren, eta ateratzen zara okinarengana, eta eskatzen diozu egunkaria ogiarekin batera, eta komentatzen diozu, portadaren harira: “Nafarroan beste 16 lagun aldareetan, eta erasotzen dizu okinak mekauenka, esanez irratia itzali egin behar izan duela, higuina eta lotsa sentitu dituelako, Eliza Katolikoak oraindik ere lehengo lepotik omen dauka-eta burua, bestela nola arraio omen liteke dohatsu guztiak alde berekoak izatea, eta kasualitatez Francoren sailekoak.

Oraingoan koartada erraza zeukan Elizak: “Ez ziren hil inolako ideologia politiko eta zibilaren izenean, baizik eta erlijioso izate hutsagatik fusilatu zituzten. Bestaldekoak, berriz, adibidez Bizkaian frankistek hildako apaiz eta fraideak ideologia politiko baten izenean hil ziren. Hori da aldea”.

Dena den, ez dut pentsatzen okinak bezain estu jende askok hartu duenik gerrako martirien kontu hori. Gehienen aurpegian eta mintzoan axolagabetasuna nabari ditut Bestalde, ez dut uste inork zalantzan ipin lezakeenik Bizkaian hildakoen artean bat baino gehiago izango zirela dohatsu egin dituzten horiek bezain santuak. Okina eta biok horrenbestez konforme, eta Santu Guztien egunean denak santu.

2007/11/04

121

Page 122: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

TELEFONOA

Etxean nago, eta telefonoak ez du jotzen, eta telefonoak ez jotzea gogorra da niretzat, ez baitakit mundua dabilenik, inork esaten ez badit; edo gelditu den, jaitsi nadin; etxean nagoenean mobila itzali egiten baitut, eta ez dut pizten harik eta kalean jende artean murgildu arte. Telefonoak jende artean egiten dit niri faltarik handiena. Itxituran setiaturik bezala sentitzen naiz jende artean. Harresiaren harri bana da pertsona bakoitza, eta ez dit uzten munduarekin komunikatzen. Horregatik da garrantzitsua telefonoa.

Etxean beste telefonoak jo beharko luke, mahai gainekoak; baina ez du jotzen. Etxean ez dago komunikaziorik bakarrik zaudenean, haserrerik ez denean, mobila itzalita dagoenean, mahaikoari haria kentzen diotenean. Errumaniarrak omen dira telefonista berriak; kobrerik gabe uzten omen dituzte metroak bezala kilometroak. Horiek dira benetako «egunez ikusi eta gauez eraman» (barka biedazate Ataun eta Zegamak, esakuna ostu izana). Bai, egunez ipini ahala kentzen omen dute gauez.

Errumanirrak omen dira. Baina ez edozein moduzko jendea: armadan-eta egondakoa, telekomunikazio eta transmisioez zerbait dakiena; alegia, militarrak eta gisakoak. Nik banekien lanbide bakoitza mundu zabalean, han eta hemen, berdintsua zela. Nik banekien militarrek elkarren antza dutela mundu osoan, apaizek apaizena duten bezala, abokatuen abokatuena, edo politikoek politikoena. Nik banekien bazter guztietan dagoela jendilajea.

Eta orain ohartzen naiz zaharrek zergatik zioten ez direla hobeak ijito zuriak. Guri ere, halabeharrez, okerragoak suertatu zaizkigu autobusez iritsitako hurbileko «ile-gorriak», pateretan etorritako urruneko beltzak baino.

2007/11/25

122

Page 123: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ISTORIOAK

Gertatzen da Marcel Prousten «Denbora galduaren bila» irakurtzen ari nintzela, eta han badela pasarte bat hunkigarria; niretzat, behintzat, hunkigarria. Marcel giza gajoa, pertsona edo pertsonaia –kasurako berdintsu da–, neguko egun motzetan, eta hotzetan, ilundu orduko bidaltzen zutela logelara, eta han egoten zela loak hartu ezinik, kriseiluaren argitan, haren errainuek eta bere irudimenak horma ilunean sortzen zituzten marrazki ukiezin bezain hunkigarriei begira, eta haietako batean Brabanteko Genoveva azaldu zitzaiola, eta Golo gaiztoa ere bai, bere eskopeta, zaldi, zakur eta guzti. Eta hunkitu egin nintzela.

Zeren gure ama Genoveva zen –bi «V» sardengodunez idazten zuen bere izena–. Hark kontatzen zigun guri, malkotan errukitzeraino, Brabanteko Genovevaren istorioa. Bere senarrak, Golo gaiztoak, beste gizon batzuekin lizunkerietan nahastu izana leporatzen ziola, eta morroiei eskatu ziela zeramatela basamortura eta han hil zezatela, eta ekartzeko, proba gisa, bi begiak paperean bilduta, eta morroiak errukitu egin zirela, eta bazela inguruan zakur bat eta hari egin ziotela tiro, eta haren bi begiak eraman zizkiotela Golori.

Bien bitartean haur eder batez (Golorena, noski) erditu zen Genoveva. Ama antzutu eta agortu zenean, ahuntza azaldu zitzaien Jainkoaren desiraz, eta kalabazara jetzi eta handik hartzen zuten esnea ama-semeek. Hala iraun zuten bizirik, zazpi urte geroago onik aurkitu zituzten arte.

Gure amak ez zuen esaten Brabanteko Genoveva, Brabanteko Santa Genoveva baizik.

Nik uste dut gure amak dena sinesten zuela edo, gutxienez, sinestarazi egiten zigun. Izan ere, ezer sinestarazten ez duen ipuinak ez du deus balio.

2007/12/09

123

Page 124: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

PAGOLAREN ARGIA

Suertatzen da Gabon-garian gaudela, eta Pagolaren argiak beste era batean islatzen duela misterioa eta niri, horretarakoxe tenorea izanik, mintzatzeko gogoak eman didala. Pagolaren argiak dio Jesukristori ez zitzaiola inoiz ere burutik pasatu Eliza sortzerik. Aldarrikatzen du, gero, Haren ardura bakarra zela gaixo, behartsu, baztertu eta emagalduak salbatzea, mundua Jainkoaren Erresuma bihurtzea eta sufrimenduari aurre egitea. Dio mirariak ez zituela egiten bere ahala erakusteko, baizik eta miserikordia eta errukiaz beterik zegoelako. Irakurri dut, Pagolaren liburuan alegia, ez zuela sekula damurik exijitzen bekatuak barkatzeko; areago oraindik, ez zuela inor bekatari kontsideratzen, ezta aberatsak ere, baina bai jotzen zituela behartsuen arerio handi eta ezbehar guztien iturburu. Ikusi dut garaiko lege eta usadio asko eta askoren aurka altxatu zela, eskandalu bizia sortu zuela zenbaitetan; etxekoak bila etorri zitzaizkiola sarritan, burua galdu zuela pentsatuta. Nabarmen adierazi zuen tenplua ez zela Haren etxea, kanpo librea behar zuela bizitzeko, eta bizitzen eta bizitzaz irakasteko. Garbi utzi zuen Jainkoaren Erresuma mundu honetan hasten dela, eta bestera ez dela iristen honi uko eginez.

Beraz, ondorioztatu daiteke argi zerutarrez beteriko Gizon itzela, bakarra, izan zela. Ez omen da erraza datu historikoak, tradizioa eta hasierako kristau haien interesak bereiztea. Gehiago esango nuke; seguruenik historikoki ez dago deus frogatzerik, baina zaila da historian zehar horrelako aztarna utzi duen figura bat ezerezetik sortzea edo literaturako pertsonaia huts bat izatea.

Askatasun-teologiaren sortzailea ere Bera ote zen nago.

2007/12/30

124

Page 125: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

IDATZIZ

Urte Berri izateko, goiz jaiki naiz. Jaiki orduko, sukaldeko leihotik, Nañarri eta Gaztelura begiratu dut. Ez dira ikusten; laino itxia dago. Bide batez, begiratu diot herrigunetik gure etxera datorren bideari ere, azken parranderoaren hanka-hotsek begietatik tira eginda. Umorean eta irribarre-aurpegiarekin sartu da etxean. Kafesnea eskaini diot. Jakina, ezin eskainiko diozu txanpaina. Ez naiz horren krudela.

Oraindik ordu luzeak daude Vienako kontzertuarekin konektatu aurretik eta idazten hasiko naiz, asmo horrekin jaiki bainaiz gaur ohetik. Zertarako idazten dudan? Unamunori sinesten badiogu, inork ez du idazten bere buruarentzat, baizik eta hil eta gero ere haren oroitzak bizirik jarrai dezan. Logikoa iruditzen zait Unamunok hori pentsatzea, baina Unamuno gutxi dira munduan, eta nire idatziak neu bezain hilkor eta ahanzkorrak badira? Txirritak ere muga ipini zien hil osteko oraitzapenei: laurogei urte. Asko ez zaizkio falta. Baina baliteke luzatzea eta ehunera iristea.

Ehun urte ez da ezer, guk gutxiagorekin konformatu beharko dugun arren. Unamorentzat mila ere gutxi ziren: eternitate osoa errebindikatzen zuen, bestela bizitzari ez zion zentzurik hartzen. Nik uste dut mundua mundu den arte gogoratuko dela Unamuno. Beraz, esan dezakegu lortu zuela bere xedea idazle gisa. Gizaki edo izaki moduan ez dakigu lortuko duen.

Baina Unamunok baino meritu handiago dut nik; pretentsio handiegirik gabe jarraitzen dut idazten. Suak erretzen duen papera edo haizeak daraman oilo-luma bezain iheskorrak dira nire idatziak. Hala ere, urtearen hasieratik amaiera arte, egunero idatziko dut zer edo zer, kaxoian gorde eta saguek habia egiteko bederen.

2008/01/07

125

Page 126: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

BEHARRAK

GIZAKIAREN historia ez da beharren historia baizik. Maslow-i jarraiki, honela sailka genitzake beharrak: fisiologikoak, osasuna eta segurantza, amodioa, autoestimua eta autorrealizazioa.

Sailkapena hor dago, eta ni ez noa Maslow-i kontra egitera. Dena den, memento historiko jakin batean luxutzat jo zitezkeen beharrak, beste batean, ezinbesteko edo ia-ia fisiologiko bihurtu dira; adibidez, janztea eta garbitzea. eta teknologiaren aurrerapenetik sortu diren beste asko (elektrizitatea, autoa, telefonoa, irrati-telebistak, internet...).

Beharren historiak, bestetik, adierazten du zein gizarte motatan bizi garen ere. Begien bistakoa da gure gizarte “aurreratu” honetan eta Hirugarren Munduko beharrak diferenteak direla

Aurrerantzean ere, ekonomiaren hariak mugitzen dituztenek gehien kontsumitzen dutenentzat behar berriak sortzen jarraituko dute. Horixe da mundu honen paradoxa mingarria: batzuk gosez hiltzen diren bitartean, besteak gehiegikerian itotzen.

Gurea, agian, ez da gehiegikeria, baina haiena bai miseria, eta hori onar al dezakegu?

Konponbidea ez da ezer gutxi egin dezakegunok geure burua errudun sentiaraztea, baizik eta benetako erredunak salatzea eta, munduan beste politika bat egin dezaten, gogor hartzea.

OHARRA: argitaratu gabea?

126

Page 127: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

LOREZAINAREN FILOSOFIA

KARLOS lorezaina da. Eskuak okupatuta ditu beti: loreak ontziz aldatzen ez bada, ura botatzen edo ongarria ematen. Baina burua libre du, nahi duena pentsatzeko eta gogoak ematen dion lekutik hegan egiteko. Eztabaidarako tirria pizten dio horrek, eta kritikarako grina. Bolada honetan komunikabideekiko herra sortu zaio barrenean. Eta ez nolanahikoa! Esaten dit Clintonek misilekin baino kalte handiago egiten duela telebistarekin. Baietz erantzuten diot nik; batez ere, telebistaz hitz egin ondoren, misilak botatzen dituenean.

Egia da telebistatik jaulkitako hitza, pertsuasio arma eta manipulazio tresna izugarria dela. Egia da, hitzaren bidez, iritzi-korronte handiak sortzen direla, pertsona edo talde jakin batzuen interesak bultzatu eta babesteko edo edozein gauza justifikatzeko: etorkinak atzera bidali, nazio baten kontra blokeo ekonomikoa ezarri, bestea bonbardeatu...

Halaxe ere, nahiago dut ezpatarekin baino hitzarekin mendera nazaten. Hitz hutsarekin datorrenak ez nau hainbeste beldurtzen. Gainera, ezpataren beldur ez zarenean, geuk ere hitz egin dezakegu lasai, eta gure hitzak ere balio du. Gure hitzak balio du egoera salatzeko. Hitz asko edo askoren hitzak elkartzen direnean, indar handiak batzen dira. Eta indar horrek errazago eusten die hitzezko beste indar handi batzuei armen indarrari baino. Beraz, seguru nago errazago dela Clintonen hitzei aurre egitea haren misilei egitea baino.

Azkenik, oharturik gaude hitzarekin manipula gaitzaketela. Hori jakitean urrats bikaina eman dugu, esan nahi baitu badakigula jasotzen dugun informazioarekin kritikoak izaten, eta hori asko da, ia-ia dena!

—Ez al da nahastu? Ez al du Bushen ordez Clinton esaten?

—Ez dut uste. Ni ez nintzateke sartuko makila hautsiarekin Clintonen eta Bushen tartera.

OHARRA: argitaratu gabea.

127

Page 128: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERLIJOAREN AZOKA

ORAINDIK orain, nik bezalaxe ikusi izango dituzue Aita Santua eta Bush enparaua elkarri eskua ematen eta elkar besarkatzen. Horrelako irudiek tripak iraularazten dizkidate. Egia da, gure Karlosek esango lukeen eran, bi lagun ez direla beti elkartzen batak bestea goraipatzeko; posible zen, kasu honetan ere, Aita Santuak Bushi belarritik tiraizoren bat ematea. Baina, hori horrela izateko, barre goxo gehiegi ikusi nuen nik Wojtylaren ezpainetan.

Eskerrak bestelako mezularirik ere baden, zorionez, zorigaiztoko negarraren erresuma honetan:

“Behin batean, Ravi eta Pi anaiak azokara joan ziren. Ez zen azoka komertziala. Erlijioen azoka zen. Baina konpetentzia eta propaganda berdin-berdinak ziren: zorrotzak eta gordinak. Honela zioten judoen ‘stand’ean eman zieten folletoek: “Jainkoa gu guztioz errukitzen da, eta judutarra da Hark hautaturiko herri bakarra, eta ez beste inor.

”Musulmanen stand’ean jakin zuten Jainkoa guztiz errukiorra zela, Mahoma zela haren profeta bakarra, eta profeta bakar hari entzunez baino ez zitekeela lor salbazioa.

”Kristauen stand’ean deskubritu zuten, aldiz, Jainkoa maitasuna zela eta ez dagoela salbaziorik Elizatik kanpora Edo Elizarako edo infernurako!

”Ateratzean hala galdetu zion anaia batek besteari, Pik Raviri:

–Zer pentsatzen duzu Jainkoaz?

–Intolerantea, fanatikoa eta krudela dela.

Etxera iritsi zenean, Pik galdetu zion Jainkoari:

–Nola jasan ditzakezu gauza horiek? Zergatik ametitzen duzu zure izena hain gaizki erabiltzea?

Eta Jainkoak erantzun zion:

–Nik ez dut antolatu azoka hori. Bisitatzera joate hutsak ere lotsa emango lidake.

(Antonny Melloren ipuinean oinarritua)

Wojtylak, Bushek eta enparauek, kanonizatu eta aldarera jasotakoez gain, jende gehiegi bihurtu dute santu, mundu honetan. Beste munduari, Nahiago nuke González Faus jesuitaren profezia beteko balitz: “Munduko pobre eta zapalduentzat zerua espero dudalako espero dut neuretzat ere”.

128

Page 129: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

ERASO MORALA

ALBA emakume langilea da, literalki, eta ez etxetik kanpo lanpostua duelako. Albak aholkua eskatu dit. Min duelako eskatu dit aholkua. Min du, eta negar dagi. Min du gorputzean, hernia marrajo baten erruz, eta min du ariman lanera joateko gauza ez delako eta joan egin nahi duelako.

"Zer egingo dut?", galdetu dit. Errieta eman diot: "Nola galde dezakezu hori?, ohean geratu, eta baja eskatu". Neuk deitu diot enkargatuari: "Aizu, Alba ez da gaur lanera joango, ez da gauza. Sentitzen duela esan dit". Neu arduratu naiz pertsonalera deitzeaz ere. Oso ondo atenditu nau pertsonaleko idazkariak. Berak esango diola medikuari, lasai egoteko. Pozik azaldu diot Albari pertsonaleko neskaren jarrera jatorra. "Ez duzu ezertaz arduratu beharrik, zaude lasai, dena konponduta dago", esan diot, eta "enantium" bat eman ondoren, lo-beroan geratu da.

Baina bezperak hurrengo eguna du, eta hurrengo egunak biharamuna. Gaur da biharamuna, medikuaren kontsultara joateko eguna. Joan da Alba, txintxo-txintxo, esandako ordurako. Gaixoa ondo atenditzea da medikuaren lehengo obligazioa, eta bigarrena, ahal izanez gero, sendatzea, baina erabat zakar hartu du, irainka esateko moduan, eta mehatxu egin dio "hori eta horrenbestez" ez dezakeela baja hartu. Gaizki portatu zaio. Beste mediku batekin hitz egin du; jakina, seguruko medikuarekin, eta hark ere errukirik gabe: "Lanera segituan", egin dio orroa.

Banekien badirela arimarik gabeko gizonak, horietako batzuk medikuak izateak ematen dit mina. Eraso morala deitzen zaio horri, jokabide horrek ez du beste izenik.

Oharra: argitaratu gabea

129

Page 130: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

EZ GALDETU

BEHIN batean, monje gazte bat joan zitzaion Budari eta galdera hau egin zion: "Zintzoaren arimak, heriotza oinperaturik, eskuratuko al du betikotasuna? Buda, betiko legez, isilik geratu zen; ez zion erantzun. Monje gazteak ezin etsi, ordea, eta, eguna joan eta eguna etorri, galdezka segitu zuen, gero eta barren-urradura handiagoa zuela.

Erantzunik ezaren zama astuna jasanezin bihurtu zitzaion monje gazteari, eta maisuak, alegia Budak, berean segitu behar bazuen, monjetza bertan behera utziko zuela egin zion desafio: “Berorrek erantzuten ez baldin badit, gurasoengana itzulia izango naiz, berriro izarrak pizten direnerako”.

Hil ala bizikoa zen erantzuna jakitea monje gaztearentzat. Izan ere, bestela, zertarako hainbeste sakrifizio eta errezo, heriotzari borroka ez irabaztekotan? Zertarako eman bizitza osoa monasterioan setiaturik, setioa borondatezkoa izanda ere?

Orduan Budak, errukiz beterik, esan zion: "Gazte, zuk baduzu harako gizon haren antza. Pozoituriko geziez zauritu zutelarik, hilzorian zegoen. Etxekoek berehala deitu zioten medikuari. Gizonak, ordea, ez zuen onartu nahi izan medikuaren aholku eta sendagairik, ezta geziak ateratzerik ere, baldin eta aurrena honako hiru galdera hauei erantzuten ez bazien: gezia jaurtiki zion gizona beltza ala zuria zen, handia ala txikia zen, eta bertakoa ala kanpotarra zen.

Monje gazteak monasterioan segitu zuen.

(Anthony de Melloren ipuin batean inspiratua)

Tamalez, gutxi dago monje gaztearen parekorik. Gehiegi, aldiz, pozoituriko geziaz zauritutako gizonaren antzekoak. Monje gazteak ederki ulertu zuen ez dela galdetu behar zer dagoen, baizik eta espero dena merezi izateko moduan bizi.

2003/12/03

130

Page 131: 1  · Web viewEta gure animo-egoeran tarte ilunak eta ostarteak ageriko dira, eguraldiaren antzera, iaz bezalaxe, urte berria aurrekoaren kalkoa besterik ez baita

JAKINTSUENA

ELEZAHAR batek dioenez, Jainkoa mundua sortzen ari zela, lau aingeru inguratu zitzaizkion, eta haietako batek galdetu zion: “zer egiten ari zara?”; bigarrenak galdetu zion: “zertarako ari zara hori egiten?”; hirugarrenak: “lagun diezazuket?”; eta laugarrenak: “zenbat balio du obra horrek?”. Lehenengoa zientzialaria zen; bigarrena, filosofoa; hirugarrena, altruista bat; eta laugarrena, inmobiliariako agentea.

Baina bazen bosgarren aingeru bat ere handik gertu. Hura, obra liluragarria kontenplatu eta eskuak apurtzeraino, txaloka ari zen. Mistikoa zen.

Nor ote denetan jakintsuena?

Zientzialaria ere behatzaile amorratua da, baina haren begiek ez dute edertasunarekin gozatzen; inoiz ere amaitzen ez den ikerketa-katean loturik emango du bizitza osoa, nahiz eta sekula ez dituen deskubrituko mundu honen sekretu guztiak.

Filosofoak espekulatu egiten du; berak “arrazoitu” deituko dio, baina aldekoak adina arrazoi aurkituko ditu kontrakoak.

Benetako altruistarik ez dago, eta Jainkoari laguntza eskaini baldin bazion, izango zuen interesen bat.

Inmobiliariako agentearen interesak, berriz, aipatu beharrik ere ez dago: dirua da haren motibo eta motibazio bakarra, eta badakigu alferrik aurreztutako diruak ez diola deusetarako ere balioko.

Mistikoak prentsa txarra eta zoro-fama ditu, baina denok beharko genuke mistikotik daukagun baino pixka bat gehiago.

Asegarriago deritzot naturak eskaintzen digun edertasun miragarriaz gozatzeari beste edozeri baino. Zerbaitengatik abesten du poetak: “Ez idazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea”. Beste jakintsu hark ere hala zioen: “Eten bilaketa, ez dago ezer bilatu beharrik; aski duzu begiak ireki eta begiratzea”.

(Anthony de Melloren ipuin batean inspiratua)

Gauza bati bueltaka ari naiz: posible ote zen mundua biraka eta horren berri inork ez jakitea? Edo beti egon da horren berri zekienik, baita giza kontzientzia jaio baino lehen ere?

2003/12/22

131